Zer dela eta hautatu zenuten Komunismo mendia?
Iazko esperientzia ikusita, aurrerapauso bat eman nahi genuen eta zazpimilako bat igotzea erabaki genuen. Beste mendi batzuen izenak ere atera ziren arren, Pumori esaterako, azkenean Komunismo hautatu genuen. Izan ere, mendi polita, altua eta zaila da.
Nola antolatu zenuten bidaia?
Tadjikistanera heltzea oso zaila denez, bidaia Felipe Uriarterekin antolatu genuen. Kanpamentu basera heldu bitarteko guztia berak prestatu zigun eta hortik gorakoa gure kontu. Feliperekin hitz egin zuen bilbotar bat, Alex, gurekin joan zen.
Tadjikistan-era heltzea zaila dela esan duzu, bidaia luzea izango zen…
Bilbotik irten ginenetik Komunismo mendiko kanpamentu basera iritsi ginen arte hiru egun pasa ziren. Bilbotik Bartzelonara joan ginen, handik Istanbulera, Turkiatik Kirkistango hiriburura (Biske) eta bertatik Tadjikistango Osh hirira. Ondoren, kamioian 12 orduko bidaia egin genuen eta helikoptero batek 4.400 metrora dagoen kanpamentu basera eraman gintuen.
Behin kanpamentu basean, zer egin zenuten?
Kanpamentu basean beste hiru espedizio zeuden: errusiar bat, frantses bat eta turkiar bat. Kanpamentua oso ondo dago, txabola batzuk baitaude eta abuztuan gobernuak medikua eta sukaldaria bidaltzen baititu. Bertan, hiru egun atseden hartzen egon ginen. Ondoren Vorobiev (5.800 m.) igotzeko asmoa genuen, baina nik sukarra nuen eta ez nintzen joan. Alex, Jonek eta Iñakik, altura dela eta, buruko mina zuten eta ez ziren goraino iritsi. Ondoren, Chetirekh (6.300 m.) igo genuen inongo arazorik gabe.
Nola joan zen Komunismora igoera?
Komunismora guztiok batera abiatu ginen, turkiarrak izan ezik. Zailena lehen kanpamentutik hirugarrenerako bidea da, izotzean eta harkaitzean eskalatu behar baita. Iñakik eta nik azken kanpamentua laugarrenean muntatu genuen, baina gainontzekoek bosgarren kanpamentu bat muntatu zuten pixka bat gorago. Iñakik eta biok laugarren kanpamentutik zuzenena igo nahi genuen, baina ezin izan genuen. Jaitsieran bosgarren kanpamentuan gelditzea erabaki genuen. Gu denda gabe geundenez eta frantsesek euren dendako barillak galdu zituztenez, 9 lagunok bi dendetan lo egin genuen.
Noiz egin zenuten azken saiakera?
Hurrengo egunean eguraldi txarra egin zuen eta denda barruan egon behar izan genuen. Biharamunean, nekatzen hasiak geunden eta gure azken aukera zela ikusi genuen. Errusiar bat, hauen gidaria, Alex eta ni soilik animatu ginen. Errusiarrak eta Alexek berehala buelta eman zuten. Gidaria gu baino bi ordu lehenago irten zenez, ia igoera guztia bakarrik egin nuen. Gainera, azken maldan errusiarren gidariak buelta erdi eman zuen eta bidea nik ireki behar izan nuen. Sekulako hotza nuen, nekatuta nengoen eta 7.000 metrotik gora oxigeno falta asko nabaritu nuen, baina gailurra gertu nuenez, jarraitzea erabaki nuen. Gailurrean tristura sentitu nuen, espedizioa Iñaki, Alex eta Jonekin prestatu ondoren, faltan somatzen bainituen.
Jaitsiera benetan gogorra izango zen…
Gailurrera arratsaldeko 7etan heldu nintzenez, jaitsieran gaua egin zen. 5. kanpamentuan Alex bakarrik zegoen nire zain, Jonek eta Iñakik utzitako zaku batekin Izan ere, irten nintzenean 4. kanpamentura jaitsiko nintzela esan nien. Eskerrak bada-ezpada ere baten bat bertan gelditzea erabaki zuten, oso nekatuta eta konjelazio txiki batzuekin heldu bainintzen. Eskerrak eman nahi dizkiet.
Datorren urtean nora joango zareten erabaki al duzue?
Oraindik ez, Gasherbrum, Sisha Pangma, Lenin, McKinley… Arazo nagusia dirua da. Aurten Gutisport-ekoek materiala erosten duten prezioan saldu digute eta Zumarragako Udalak, Comercial Peñak eta Plasnor-ek diru laguntzak eman dizkigute, baina ez da nahikoa. Diru pixka bat ateratzeko diapositiba emanaldiak eskaintzeko asmoa dugu eta urtarrila bitartean enpresei dirua eskatuko diegu. Ezin gara hasieratik kamisetak saltzen hasi. Izan ere, kamisetak saltzen badituzu derrigor joan beharra duzu jendeak bere laguntza eskaini baitizu. Himalalayara zortzimilako bat egitera joaten bagara, dirua lortzea errazagoa izango da: zortzimilakoek izen handia dute eta hauetako bat igotzen saiatuko garen lehen herritarrak izango gara segur aski.