Goizeko 9:30ean, zinta mozketa ekitaldiari ekin zitzaion. Ikastolan bertan izan zen ekitaldi honetan, Ezkio-Itsaso, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako alkateak, Anjeles Iztueta eta Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako kultura eta hezkuntza sailburuak eta Antonio Campos eta Jose Ramon Zubizarreta Ikastolen Elkarteko lehendakari ohia eta lehendakaria izan ziren, besteak beste.
Ordurako milaka lagun jada zirkuitua egiten ari ziren. Guztira, 125.000 lagun inguru egunean zehar antolatzaileek zirkuituan zehar prestatutako gune ezberdinetan izan ziren.
Kanpotar gehienak txunditurik gelditu ziren Santa Barbara eta Antio ikusi zituztenean. Askok ez zuten uste Urretxu eta Zumarragan halako parajerik egon zitekeenik. Etxaburuko guneak ere sekulako arrakasta izan zuen. Bertako zelaian zegoen jendetza Antiotik ere ikus zitekeen. Herriko guneetan jende ugari ibili zen, batez ere arratsalde partean. Haurrek primeran pasa zuten Trintxerako gunean eurentzat antolatutako ikuskizun eta jolasetan. Gazteek, berriz, Lizeoko patioa lehertzeraino bete zuten Euskadi Gaztearen disko festan.
Urriaren 6tik gaurdaino pasa diren bi aste hauetan jende ugarik deitu du Kilometroak 2002ko bulegora antolatzaileak zoriontzeko. Antolatzaileak berak ere oso gustura daude egindako lanaz. Izan ere, Kilometroak 2002ren helburu guztiak bete dira.
Urretxu-Zumarraga Ikastolak bere eraikina eraberritzeko eta baliabide informatikoak eta teknologikoak eguneratzeko primeran etorriko zaion laguntza ekonomikoa jaso du. Kilometroak 2002ren beste helburu bat mankomunidade osoan euskararen presentzia sendotzea eta indartzea izan da: euskararen eguneroko erabilera bultzatzea eta euskaraz bizi daitekeela aldarrikatzea. Hau lortzeko ehundaka lagun urte osoan lanean aritu dira eta urriaren 6an 100.000 lagun baino gehiagoren bultzada izan zuten. Urretxuar eta zumarragar guztioi dagokigu orain, egunero eta uneoro euskara erabiliz, gure hizkuntzaren normalizazioa lortzea.
Kilometroak 2002ren azken helburua auzolana bultzatzea izan da. Herritarrek erronka hau aise gainditu dute. Lagun askok urte osoan talde lanean jardun dira. Urriaren 5ean eta 6an, berriz, ikusgarria izan zen herritarrek emandako erantzuna. Kilometroak 2002 festaren bezperan, benetan pozgarria izan zen kalera irtetea, edonon antolaketa lanean pozik zegoen jendea ikus baitzitekeen.
Hauei guztiei esker Kilometroak 2002k arrakasta itzela izan du. Zorionak denei eta segi lanean!