Ikasketak bukatu aurretik Lezoko Udalean lanean aritu zen, baina azken urtebete honetan ezagutu du gogor lan egitea zer den. Izan ere, Urretxu-Zumarraga Ikastolak Kilometroak 2002ko publizitate eta ekonomia arloetan lan egitea proposatu zion eta berak gogotsu eutsi zion erronkari. Josu izan da antolaketan aritu den herriko liberatu bakarra. Esperientzia gogorra baina ona izan omen da. “Gogorra azken hilabeteko tentsioa eta urte guztiko lana egun bakarrean jokatzea da. Onena, berriz, herritarren partehartzea eta ikastolan ezagutu dudan jendea da. Urriaren 7an kalean herritar askok zuten poza eta berotasuna ikustea oso pozgarria izan da”.
Azken urtebetean Josu oso ezaguna egin da herriko merkatari eta enpresarien artean, baina lehenagotik ere ezaguna zen Urretxu-Zumarragako kultura eta kirol munduan. Izan ere, aspalditik Antziñako Ama Txistulari Taldeko kidea da, Urola futbol taldean jokatu zuen eta azken urteotan Zintzo-Mintzon lanean ere aritu da. Josuk dioenez, “musika mailan ez dut maila handirik lortu, baina oso momentu onak pasa ditut eta lagun oso onak egin ditut”.
-Zer izan nahi zenuen umetan?
Txirrindularia, uste dut.
-Aisialdian zer egitea atsegin duzu?
Lagunekin egotea eta kirola egitea.
-Bizitzeko toki bat?
Zumarraga. Urretxu ere ez dago gaizki.
– “Mordo” ala Quevedo, zein da txistulari hobea?
Txistua jotzen baino, adarra jotzen dira horiek hobeak. Aspaldian ez dut euren txistuen soinua entzuteko gozamenik izan.
-Txistulariak Euskal Herriko “folklorikoak” omen zarete…
Txistua beti tradizioarekin eta ideologia zehatz batekin lotu da. Baina instrumentuak berez ez dira ez aurrerakoiak ez atzerakoiak, jotzen duenaren jarrera da kontua.
-Zenbat kilometro egin dituzu aurten publizitate bila?
Nahiago dut Behobia-Donostia joan-itzulian egin.
-Emakumeek ezpatadantza dantzatzea ondo irudituko al litzaizuke?
Nire arrebak dantzatuko balu, bai. Ezpatadantza oso polita da, baina ez da esperientzia mistiko bat.
-Urretxuko txistulariak Zumarragakoak baino hobeak dira.
Kantitatez gehiago dira, baina kalitatez ez. Futbolean irabazi egin ziguten, baina lehen minutuan lesionatu ninduten eta hala normala da.
-Santa Isabeletan txistulariz jantzita asko ligatzen al da?
Santa Isabelak izateagatik gauzak ez dira aldatzen. Zenbaitek berdin-berdin ligatzen dugu.
-Ilehoriak ala beltzaranak?
Beltzaranak.
-Egindako azken oparia?
Konpakto bat.
-Eta jasotakoa?
Jertse bat eta liburu bat.
-Data bat?
Urriaren 7a.
-Neska eta mutil izen bana?
Libe eta Ander.
-Zein egunkari irakurtzen duzu?
Ahal ditudan guztiak, baina gustuen Euskaldunon Egunkaria irakurtzen dut.
-Gustuko telebista saioa?
“Al filo de lo imposible”.
-Bereziki gorroto duzuna?
“Bexamela”.
-Liburu bat?
Manuel Rivasen “El lápiz del carpintero”.
-Filme bat?
“Sospechosos habituales”.
-Gustuko abestia?
Ruper Ordorikaren “Berandu dabiltza”.
-Soinu bat?
Haizea itsasoan.
-Usain bat?
Labetik atera berria dagoen ogia.
-Janari bat?
Arrautza frijituak piper gorriekin.
-Ura ala…
Garagardoa.