Hasteko; egin iezaguzu aurtengo zure balantzea.
Txapelketa asko egon dira: Gipuzkoakoa, Euskal Herrikoa, Espainiakoa, etab. Munduko Txapelketa ere aurten korritu da. Hala, postu onak lortu ditut denetan. Gipuzkoa, Euskal Herri eta Espainiako Txapelketak irabazi ditut, eta Mundialean bigarren tokia eskuratu nuen.
Non eta noiz jokatu zen Munduko Txapelketa?
Traloupen izan zen, Frantzian. Hori abuztuan izan zen. Maila altuena bertan eman nuela uste dut. Bigarren tokia erdietsi nuen, baina hango maila, hemen egiten diren txapelketekin alderatuz gero, askoz ere altuagoa da. Txapelduna 18 urteko frantziar bat izan zen.
Hortaz, kilometro asko egiten dituzue alde batetik bestera, ezta?
Bai. Esaterako, Espainiako Txapelketa zazpi lasterketek osatzen dute. Aurten Lorcan (Murtzia), Granadan, Salamancan, Gironan, Valentzia, Gasteizen egin dira; pentsatu zenbat kilometro…
Beraz, Espainiako Txapelketa ez da egun bakarrean jokatzen; hau da, sailkapen orokorra irabazi behar da txapelarekin egiteko.
Hori da. Liga baten antzekoa da; beste edozein Kiroletan egiten den legez, puntu gehien batzen duena gailentzen da.
Zu baina nagusiagoekin lehiatzen zara?
Bai, ia denak ni baino nagusiagoak dira. 18, 20, 22… urteko jendearekin topo egin dut.
Nola doa babeslearen kontua?
Goierri K.E arekin mintzatu ginen, baina ez zuten gure proposamena aintzakotzat hartu. Egia esan, ez dugu ulertzen nola bizikleta batekin egiten den kirol hau ez duten euren egitarauan edo euren plangintzan sartzen. Hala ere, argi utzi nahi dugu ez dugula ezer Goierri K.Earen aurka; haatik, ez dugu elkarte honetako Kirol delegatuaren jarrera ulertu. Pertsona horrek jarrera bera mantentzen badu, guk ez dugu inongo hartu-emanik edukiko Goierri K.E.-arekin. Pena da, baina halaxe da.
Herrian, zeu bakarrik, aritzen zara trialsiean ezta? Bederen maila gorenean.
Bai, baina nahiz eta bakarra izan nolabaiteko laguntza merezi dudala uste dut. Halaber, kirol bat sustatzen ari naiz, ez beste ezer. Jarrera honek ez dio inongo mesederik egiten txirrindularitzari
Kirol garestia da ezta?
Bai, batez ere alde batetik bestera ibili behar dugulako.
Federatuta lehiatzen zarete?
Bai, orain Lazkaoko Txirrindulari Elkartean federatuta gaude.
Astean zenbat egunetan entrenatzen duzu?
Ez dut planning, edo ordutegi berezirik. Astia dudanean, Mountain Bikea hartu eta zirkuito-txo bat egiten dut; era honetan fondo lantzen dut. Hala ere, teknika ez dut batere lantzen; ez baitago horretarako aukerarik. Egia esan, eta inor gutxietsi gabe, Gipuzkoako Txapelketa erabiltzen dut teknika lantzeko eremu bezala.
Beraz, urtean zenbat lasterketetan aritzen zara?
Txapelketa guztiak batuz gero 25 bat lasterketa izango dira; gutxi gorabehera.
Eta etorkizunerako, zer?
Ez dakit, ilusioa mantentzen dudan bitartean lehiatzen jarraituko dut. Noski, ikasketekin uztartzeko denbora nahikoa badut; hala ez bada, utzi egin beharko dut.
Ikasketak aipatu dituzu. Nola daramatzu?
Orain arte nahiko ongi. Dena den egokitu izan zait astelehen edo asteartean azterketaren bat edukitzea, eta aste bukaera osoa etxetik kanpo ematea. Hori gogorra egiten da.
Kirolgin barneratzeko paradarik eduki al duzue?
Lehiatzen jarraitzen badut, 17 urte betetzen ditudanean sartuko naiz. Orain gutxi Euskadiko Txirrindularitza Federazioarekin harremanetan jarri gara, eta ia hilabetero azterketa-fisiko batzuk egiten dizkidate sasoiko nagoen ala ez ikusi ahal izateko. Horrela hobera egingo dudalakoan nago.