Gabonetako pinu hauek berriro landatzea ezinezkoa da etxe barruetan asko hondatzen direlako, baina kalitate oneko ongarria egiteko balio dute. Pinuak lehendabizi txikitu egiten dira, aireztapena, tenperatura eta hezetasuna baldintza egokietan kontrolatu ondoren, ongarria lortzeko. Prozesu honek 5-6 hilabete behar izaten ditu.
Ongarri hau oso estimatua da gure herrietako berdegunetako mantentze-lanetarako, batez ere landareak aldatzen diren garairako.
Bestalde, ildo hau lantzeko asmoz, aipatu datorren urtean Sasietak herritarrek etxean bertan konposta egiteko esperientzia bultzatu nahi duela. Horretarako hitzaldi edo ikastaro txiki bat antolatuko da. Honen berri zehatzagoa datorren urtearen hasieran emango dugu.
Sasieta, Gabonetako pinuen kontuaz eta hitzaldietaz gain, beste ekimen batzuengatik ere bada albiste. Aurtengo Gabonetan ere, azken bi urteetan bezala, Sasietak mahai gainean jartzeko egutegia buzoneatuko du Goierriko etxe guztietan. Bestalde, www.sasieta.net web orrian, beste informazio askorekin bat, azkeneko lehiaketan sarituak izan zaretenon zerrenda dator. Esan, hauen guztien artean Ezkio-Itsaso, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako lagun asko daudela.