Urtero bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuak Gipuzkoako kirol mundua omenduko du aurten ere. Horretarako hilaren 20an, arratsaldeko 8etan, festa handi bat ospatuko da Donostiako Kursaalean. Bertan, Gipuzkoako kirolaren alde lan egiten duten hainbat talde eta banakako sarituko dira. Sari hauetako bakoitzak kirolari edo kirol bultzatzaile gipuzkoar ezagunak zirenen izenak daramatzate eta kirolaren alor ezberdinetan egindako lana saritzen dute.
Felix Iñurrategi saria kirol munduan euskararen erabilera bultzatzen duen erakunde edo norbanakoari ematen zaio eta aurten Urretxu-Zumarragako OSTADAR Mendi Taldeak jasoko du.
OSTADAR betidanik saiatu da bere agirietan, prentsa-komunikatuetan eta bestelakoetan euskara erabiltzen. Dena den, duela hamar urte hasi ziren euskararen erabilerari benetako bultzada ematen: herriko beste hainbat erakundek eta taldek bezala, Zintzo-Mintzorekin akordioa sinatu zutenean.
Mendi taldeak sinatutako akordioko puntuak aurrera ateratzen saiatu den taldekide bat bada, hau Jonmikel Intsausti da. Jonmikelek esan digunez, "hasierako urteetan ibilaldi guztietan mendizaleei Luis Miguel Gonzalezek prestatutako ibilbideari buruzko informazioa ematen genien. Zintzo-Mintzorekin sinatutako hitzarmenean oinarriturik, eskuorria euskaratzen hasi ginen eta azken hamar urteotan testu guztiak bi hizkuntzatan agertzen dira".
Testuak bi hizkuntzatan idaztera ohitu dira jada, nahiz eta hasieran, normala denez, lan honek bere buruhausteak eman zituen. "Denborarekin ohitura hartzen da eta hizkuntza menperatzea lortzen da. Egun hiruzpalau lagun gabiltza ibilbideak prestatzen eta testuak idazten. Gehienetan testuak euskarara itzultzen ditugu, baina beste batzuetan alderantziz ere egiten dugu. Testuren bat itzultzeko orduan lexiko mailako zalantzak baditugu, UZEIrekin harremanetan jartzen gara".
OSTADARrek egindako lana benetan bikaina da eta, zalantzarik gabe, saria merezi du. Segur aski Gipuzkoan euskararen erabileraren alde lan bikaina egiten duten beste hainbat kirol talde izango dira, baina Foru Aldundiak OSTADAR hautatu izana ez da harritzekoa. Izan ere, Urretxu-Zumarragako mendi taldea Euskal Herriko mendi talde ezagunenetako bat bihurtu da bere web orri bikainari esker. 2000. urtean Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunea euskarazko web-gune osatuenen aurkezpenak antolatu zituen eta hautatuetako bat OSTADAR.org web-gunea izan zen.
Web-gune honek mendizale ororentzat oso interesgarria den informazio zabala eskaintzen du. Orriaren muina OSTADARrek azken urte hauetan egindako irteeren eta beste hainbat mendiren inguruko informazio zehatzak osatzen dute. Baina honetaz gain, beste hainbat gauza ere aurki ditzakegu: eguneratzen saiatzen diren aterbeen zerrenda, mendizaleei euren zalantzak argitzeko posta elektroniko zerbitzua, mendi astearen zein Iñaki Beitiaren omenezko martxaren informazioa, taldearen historia… Honetaz gain eguraldiaren berri zein mendizaleentzat interesgarriak diren beste hainbat informazio eskaintzen duten beste web-gune batzuen helbideak ere aurki daitezke OSTADARren web-gunean.
Aipatu bezala, web-gune honi esker OSTADAR mendizaleen artean oso ezaguna egin da. Foru Aldundiak ere, web-gunearen bidez izango zuen OSTADAR euskararen alde egiten ari den lan bikainaren berri. Jonmikel Intsausti ere iritzi berekoa da. "web-guneari esker gure lan guztia ezagutzera eman dugu, egiten dugun lanaren eskaparatea da".
Jonmikelek eta OSTADARreko gainontzeko kideek poz handiz jaso dute saria jasoko duten berria. "Gauza pozgarrienetariko bat, kirol talde handia izan gabe gauza onak egin daitezkeela erakustea da. Bestalde, oso garrantzitsua da Donostiatik kanpo egiten den lana ezagutaraztea eta sari honen bidez hori lortuko da".
Saria, lanean jarraitzeko bultzada
Sari hau egindako lan gogorraren saria dela jakinik, OSTADARrekoak lanean burubelarri jarraitzen dute. Duela gutxi Batzar Nagusia izan zuten eta bertan zuzendaritza berria hautatu zuten. Datorren urtebetean zuzendaritzako kideak Javier Fernández, Jonmikel Intsausti, Iñigo Lete eta Aitzol Jauregi izango dira. Mendi taldeko beste hiru kide zuzendaritzari laguntza eskaintzen izango dira.
Zuzendaritza berria zeintzuk osatuko duten erabakitzeaz gain, datorren urteko egitaraua zein izango den ere zehaztu dute jada. Hona hemen datorren urterako OSTADARrek antolatu dituen irteerak:
—Urtarrilak 12— Gipuzkoa. Azpeitia – Zelatun – ERNIO (1.075 m) – Alkiza.
—Otsailak 9, Lapurdi – Nafarroa Beherea. Armendaritze – ELTZARRAZU (421 m) – GARRALDA (470 m) – Lekuine (Bonloc).
—Otsailean, Urolako Itzulia. 1. etapa.
—Martxoak 9, Araba/Nafarroa Garaia. Kodes-ko Santutegia – JOAR (1.414 m) – LA PLANA (1.333 m) – LA COSTALERA (1.222 m) – Santa Kurutze Kanpezu.
—Martxoan, Urolako Itzulia. 2. etapa.
—Apirilak 6— Nafarroa Garaia. Izpegi – AUZA (1.305 m) – Iztauzeko bailara – Arizkun.
—Apirilak 27— Gipuzkoa. Gipuzkoako Mendi Federakundearen deialdia. MANDOEGIko zentral eolikoaren kontrako mendi-ibilaldia.
—Maiatzak 11— Araba. Urizaharra (Peñacerrada) – MORAZA (1.054 m) – TXULATO (946 m) – Burdinkurutzea (Santa Cruz del Fierro).
—Maiatzak 18, Iñaki Beitiaren omenezko VII. Iraupen Luzeko Mendi-Ibilaldia. Antolatzaileak: Zintzo-Mintzo Euskaltzale Elkartea, Aldiri Kultur Elkartea, Urretxu-Zumarragako Ikastola, Goierri Mendi Taldea eta OSTADAR Mendi Taldea.
—Ekainaren 14-15ean— Nafarroa Garaia / Zuberoa
Ekainak 14: Larrañe – ORHI (2.016 m) – Üthürzeta lepoa (Larrañeko mendatea).
Ekainak 15: Üthürzeta lepoa – Belai lepoa – OTSOGORRIGAÑE (1.932 m) – Belagua.
—Ekainean, Urolako Itzulia. 3. etapa.
—Uztailaren 12-13an, Biarno / Huesca.
Uztailak 12: Ref. de La Mina (Oza) – Ibón de Atxerito – PIC LARAILLE (2.147 m) – Pto. del Palo – Ref. Arlet.
Uztailak 13: Ref. Arlet – PIC ARLET (2.207 m) – PIC ACUÉ (2.264 m) – Aguas Tuertas – Ref. de la Mina (Oza).
—Uztailean, Urolako Itzulia. 4. etapa.
—Irailak 14, Araba. Lagran – LARRASA (Palomares faltsua – 1.453 m) – CRUZ DEL CASTILLO (1.432 m) – PEÑA DEL LEÓN (1.389 m) – SAN TIRSO (1.329 m) – Okongo Andre Maria – Bernedo.
—Urriak 12—Nafarroa Garaia. Gorostieta – BEIGANE (1.097 m) – Otsola bailara – IREBER (1.202 m) – ERNAITZU (1.197 m) – Beruete.
—Urrian, Urolako Itzulia. 5. etapa.
—Azaroak 23-30, XX. OSTADAR Mendi Astea.
—Azaroak 23, XVI. ANJEL ETXEBERRIAren omenezko Haur Ibilaldia.
—Azaroaren 24tik 28ra bitartean— Diapositiba emanaldiak.
—Azaroak 29, Batzar Nagusi Orokorra.
—Azaroak 30, Araba. Arabako mendietan.
Pinedo – [Alto del] RODIL (1.031 m) – RISCA (1.003 m) – RASO (1.046 m) – Uribarri Gaubea (Villanueva de Valdegobía). Bazkaria inguruetan.
Oharra: Urtean zehar ere beste emanaldiak zein ikastaroak egin ahal izango dira.