Noiz eta nolatan joan zinen Parisera?
Gezurra badirudi ere badira hiru urte Parisera etorri nintzela. Ikasketak zirela eta, Arrasaten ingeniaritza teknikoa bukatu eta goi-mailako ingeniaritza atzerrian egiteko erabakia hartu nuen. Horrela, urtebete Bordelen iragan ondoren Pariserantz abiatu nintzen.
Zein enpresatan eta zertan lan egin duzu?
Parisen izan dudan abantaila handienetariko bat lan munduan eduki ditudan aukerak izan dira. Lehenengo urtean planeta berriak deskubritzeko aurten bidaliko den satelite batean lanean jardun ondoren, 3. belaunaldiko telefono higikorren garapenean egin nuen lan "ALCATEL" enpresa frantziarrean. Medikuntza arlora egin nuen salto ondoren, "General Electrical Medical Systems" izeneko enpresa amerikarrean X izpidun makina kardiobaskularren garapenean parte hartzeko. Eta gaur egun "WAVECOM" izeneko enpresan nabil lanean, non berriz ere telefono mugikorren mundura itzuli naizen, "ALCATEL"-en eginiko lanari jarraipena emateko asmoz.
Gogorra egin al zitzaizun bertako bizimodura ohitzea?
Bada, egia esan ez zen oso erraza izan. Ez dut esan nahi zorterik izan ez dudanik, ez baita hala. Baina dagoen kultura aldaketa ezin daiteke ahaztu, kontuan hartuta batez ere Parisera hurbildu nintzenean ez nuela ezagunik eta guztiz integratu behar izan nintzela frantziar giroan. Baina beno, horrek ere alde positibo ugari ditu eta orain perspektibarekin ikusita, pozten naiz horrela izateaz. Hala ere, ez dut uste frantziar bizimodura guztiz ohitzeko sekula gai izango nintzatekeenik.
Zerk bultzatu zintuen Euskal Etxera joatea? Nolatan hasi zinen euskara klaseak ematen?
Ba egia esan kasualitatez izan zela aitortu beharra daukat. Euskal Etxearekin izan nuen lehenengo kontaktua bertan hilabete pasatzeko izan zen, gelak ere proposatzen baititu Pariseratzen diren euskaldunentzat. Baina egia esan ez zegoen mugimendu handiegirik bertan eta euskara klaseak emateko irakasle bila zebiltzala jakin nuen arte ez nintzen berriz ere itzuli; aukera paregabea iruditu zitzaidan, urrun egon arren, euskararen alde zertxobait behintzat egiteko. Eta horrela hasi nintzen pixkanaka Euskal Etxearen bizitzan aktiboki parte hartzen.
Zer moduzko giroa bizi duzue bertan?
Giroari dagokionez, ba egunetik egunera hobea dela esan beharra dago. Geroz eta gazte gehiago hurbiltzen da eta orain dela urte batzuetatik hona, geroz eta mugimendu gehiago dago bertan. Etapa garrantzitsu batean dago hain zuzen ere momentu honetan Euskal Etxea: egoitzaz aldatzen ari gara, honek inplikatzen dituen aldaketa guztiekin. Eta mundu guztia ari da makina bat esfortzu egiten gauza ahalik eta hoberen atera dadin, Euskal Etxeari aire berri eta freskoa eman nahian.
Euskaldun asko elkartzen al zarete? Bertan bizi den euskaldun jendea, oporretara doana… frantziarrak ere hurbiltzen al dira?
Euskal Etxearen inguruan mugitzen garen euskaldunon kopurua finkatzea ez da oso erraza. 400 bat sozio ditu Euskal Etxeak, baina hala ere badakit bertara hurbiltzen diren asko ez direla sozio, beraz, ez da erraza zenbaki bat esatea…. Hori bai, gehienak Euskal Herriarekin loturaren bat dutenak dira, batez ere iparraldetik datozenak. Hala ere, batez ere euskal jaietan, badira makina bat frantziar bertara hurbiltzen direnak; horren froga, azken euskal festan bildu ginen 3.000 pertsonak.
Zer ekitaldi antolatzen dituzue? Zertan parte hartzen duzu zuk?
Makina bat dira urtean zehar antolatzen diren ekitaldiak. Kontuan hartu behar da gainera, elkarte ugari daudela bertan: 3 koru, zenbait dantza talde, Paris osoan entzun daitekeen irratia, presoen aldeko elkartea, euskal festak antolatzen dituen beste bat, hilero argitaratzen den aldizkaria eta euskara klaseak emateaz arduratzen den elkartea. Beraz, beti dago kontzertu, bazkari, hitzaldi, festaren… bat antolatuta bertan parte hartu ahal izateko. Niri dagokidanez, batez ere euskara klaseak emateaz arduratzen den elkartean (SUSTRAIAK) eta ELGAR izeneko aldizkarian nabil sartua. Horretaz gain, Euskal Etxe mailan beti dago zerbait antolatu eta egiteko beharra (taberna dela, bazkariren bat dela,….). Hor ibiltzen gara beraz, aurrera eta atzera ahal dena egiten…..
Gogorra egin al zitzaizun klaseak ematen hastea? Horretarako ikasketak egin al zenituen?
Ba ez, irakasle gisa aritzeko ikasketarik ez dugu inork egina SUSTRAIAK elkartean. Hala ere AEK eta HABErekin kontaktuak ditugu eta noizean behin etorri izan dira asteburuan Parisera guri didaktika kurtsoak ematera. Eta zailtasunari dagokionez, ba egia esan, ez zitzaidan oso erraza egin klaseak ematen hastea Honezkero martxa hartzen hasia naiz baina, bolondres gisara gabiltzanez irakasle guztiak, askotan ez dugu denbora gehiegi izaten gauzak behar diren bezala prestatzeko. Baina beno, gauzak aurrera nahiko ondo doazela esan behar…
Zer material erabiltzen duzue? Habe edo AEKrekin harremana izango duzue…
Irakasle bakoitzak, bere metodologia erabiltzen du. Material faltan behintzat ez gaude, AEK eta HABEk argitaratzen duten material guztia bidaltzen baitigute; bai liburu, aldizkari, bideo… Orain, gainera, HABErekin elkarlanean Internet bidezko kurtso bat prestatzen ari gara. Ikasleek ordenagailuak izango dituzte eskuragarri beraien neurrian aurreratzeko; ikusiko dugu zer nolako harrera duen ikasleen artean….
Zer nolako jendea joaten da klaseetara? Nongoa? Zer dela eta ikasi nahi dute euskara Parisen?
Klaseetara datorren jendeari buruz jatorri ugaritakoak ditugula esan behar. Japoniar batzuk adibidez badira maila desberdinetan banaturik, ingeles bat ere badugu ikasle eta antilar beste bat ere hasi da aurten euskara ikasten. Baina, adierazgarrienetariko bat Sam izeneko Egipziarra dugu. Euskal Herriarekiko bere inplikazioa sinesteko ere ez da erraza: behin Euskal Herrira bidai bat egin behar izan zuen eta bertan maitemindua gelditu zitzaigun. Harrezkero, ahal duenean barnetegietara joaten da Euskal Herrira eta Euskal Etxean ikasle motibatuenetarikoa dugu. Bestela, batez ere Iparraldearekin erlazio zuzena duten ikasleak ditugu. Hala ere, badira beste hainbat frantziar Euskal Herriarekin zerikusirik ez dutenak: bai hizkuntzak maite dituztelako, bai Euskararen misterioa ulertu nahi dutelako, bai hain kultura berezia gertuagotik bizi nahi dutelako… Hauetariko bat ere irakasle gisa dabilkigu eta EGAko frogak prestatzen ari da egun. Bakoitzak motibazio ezberdinak izan arren, hala ere, guztiak egundoko ilusioz etortzen zaizkigu klaseetara. Eta horrek, irakasleon lana biziki errazten du.
Zer diote ikasleek gure hizkuntzaz eta gure bizimoduaz?
Bat datoz guztiak: oso hizkuntza berezi eta ederra dela eta ez dutela ulertzen Euskal Herrian berau ikasteko eta praktikan jartzeko ditugun aukerekin, nola jendeak ez duen ikasteko esfortzurik ere egiten. Zaila egiten zaie hainbat eta hainbat urteren buruan jendea lau hitz jarraian esateko gai nola ez diren ulertzea.
Gustura al zaude Parisen? Herrira itzultzeko asmorik ba al duzu?
Parisen, egia esateko, ez nabil batere gaizki. Horrelako hiri handi batean bizitzeak makina bat gauza egiteko aukera ematen du eta era berean, pertsonalki ere eboluzionatzeko aukera ezin hobea ematen du. Hala ere, argi daukat egunen batean herrira itzuliko naizela: gogorregia da Pariseko bizimodua bertan bizitza osoa egiteko. Ziur lehenago edo beranduago herriratuko naizela.
Zer da Parisetik gehien atsegin duzuna? Eta gutxien? Deigarriena?
Bertan aurki genezakeen kultura ezberdintasuna esango nuke egiten zaidala erakargarriena; hiru urteren buruan, makina bat jende ezberdin gurutzatu eta ezagutzeko aukera izan dut eta horrela konturatzen da bat gurekin zerikusi asko ez izan arren, oso jende eta kultura interesgarriak daudela gure inguruan eta gureak bezainbesteko errespetu eta onarpena merezi dutela. Gutxiena, berriz, inongo zalantzarik gabe, horrelako herri handi batek suposatzen duen estresa! Metroa dela, alde batetik bestera korrikan ibili beharra zita batera garaiz iristeko,…. Eta nola ez, jendearen autismoa. Bakoitza bere munduan bizi da eta norbaiti metroan irribarre bat ateratzea mundu honetako lan zailenetariko bat bilakatzen da Parisen.
Lagunak ere noizean behin bisitan joaten omen dira…
Ba bai, horretan ere zorte faltarik ez dudala esan behar. Makina bat anekdota badira kontatzeko modukoak gainera. Koadrilan dugun bakoitzarekin Parisen gerta ezin daitekeena…; barreak behintzat ez dira falta izan gerturatu diren bakoitzean. Hamar bat Urretxuar peto-peto batera etortzen direnean, egia esan, gauza onik ezin gerta. Hori bai, bisitek egiten duten ilusioa ez da txikia izaten…
Herriko jende gehiago bizi al da bertan?
Ez dut nik hemen bizi den herriko jenderik zuzenean ezagutzen. Hala ere badakit Urretxuarren bat hemen ezkonduta dagoela, beraz, norbait bada nitaz gain Parisen bizitzen. Jakina da euskaldunak bazter guztietara iristen garela…