Ikasketak Iparragirre klaseko “Nazionaletan” eta Institutuan egin zituen. 18 urte ingururekin Madayan lanean hasi zen eta hau itxi zenean Zumarragako Udaletxean. “Langabezian nengoela euskara ikasteko aprobetxatu nuen eta UNEDen psikologia ikasten ere hasi nintzen”. Zumarragako Udaleko kanpo zerbitzuetan eta zerga-bilketan aritu zen udaltzain hasi aurretik. “Ez naiz udaltzaina bokazioz, baina bizimodua dagoen moduan ezin naiz kexatu. Nahiago nuke mundu guztiak nirearen moduko lana izatea!”
-Zer izan nahi zenuen umetan?
Txirrindularia. Beti gustatu izan zait txirringa eta zikloturista ere izan naiz.
-Aisialdian zer egitea atsegin duzu?
Musika entzutea, gitarra jotzea, irakurtzea eta lagunekin egotea.
-Bizitzeko toki bat?
Urretxu eta Zumarragan ondo bizi gara. Atsegin ditut bi herri hauek.
– Nori jarriko zenioke isuna gustura asko?
Intransijentzia gorroto dudanez, garai hauetan Aznarri zalantzarik gabe.
-Zer da zure lanetik gehien atsegin duzuna?
Lan guztiek dituzte alde onak eta txarrak. Gehien atsegin dudana jendearekin dudan harremana da.
-Eta gutxien atsegin duzuna?
Isunak jartzea, baina jarri egin behar dira. Hori argi dago. Bestalde, ezin dugu festetaz gozatu.
-Zer emango zenuke jendeak herri barruan autoa gutxiago erabil zezan?
Herri erdian etxeak egitea nahi dugu, baina baita aparkalekuak egitea ere eta ez dago guztiarentzako tokirik. Kotxea gutxiago erabiltzen saiatu beharko ginateke. Guztiok jarri behar dugu gure aldetik.
-Ba al dago bereziki gorroto duzun gidari motarik?
Besteak kontuan hartzen ez dituztenak. Baten batek gauzak gaizki egiten dituenean, ez duela fede txarrez egiten pentsatzen dut. Baina poteatzera kotxean joatea, adibidez, oso gaizki iruditzen zait.
-Ilehoriak ala beltzaranak?
Denak. Garrantzitsuena pertsona da.
-Egindako azken oparia?
Belarritako batzuk.
-Eta jasotakoa?
Praka batzuk.
-Data bat?
Semeen jaiotza eta emaztea ezagutu nueneko eguna (martxoaren 1a).
-Neska eta mutil izen bana?
Mutil izena semeena: Eillande eta Aitzol. Neska izan bagenu, berriz, Izarne jarriko geniokeen.
-Zein egunkari irakurtzen duzu?
Denetik pixka bat: Euskaldunon Egunkaria, DV, Gara…
-Gustuko telebista saioa?
Musikarekin erlazionatuta daudenak. Azken bolada honetan Operación Triunfo jarraitzen dut, musika saioa delako soilik. Hitzetik Hortzera ere atsegin dut.
-Bereziki gorroto duzuna?
Gran Hermano gorroto dut. Alferkeria hutsa da hor egotea ezer egiteke.
-Liburu bat?
Momentu honetan Sarrionaindiaren “Gizon Izoztua” irakurtzen ari naiz. Duela gutxi irakurri nuen Ken Follet-en “Los pilares de la tierra” asko gustatu zitzaidan.
-Filme bat?
Amenabarren “Los otros” asko gustatu zitzaidan.
-Gustuko abestia?
Silvio Rodriguez-en “Tocando fondo”.
-Soinu bat?
Kitarrarena eta saxoarena.
-Usain bat?
Freskotasunaren usaina.
-Janari bat?
Hemengo babarrunak asko gustatzen zaizkit.
-Ura ala…
Ardo ona, oso ardozalea ez naizen arren.