Juanjok txikitatik da mendizalea. Hala, ia egunero abiatzen da Izazpi aldera eta, duela urte pare bat OTAMOTZen azaldu genizuen moduan, Ameriketako gailurrik altuenetan ere izan da Felipe Uriartek antolatutako espedizio batean. Iraupen luzeko mendi martxetan, berriz, duela 14 urte hasi zen. Ordutik martxa ugaritan parte hartu du, bai Euskal Herrian, bai gure mugetatik kanpo. "Geroz eta mendi martxa gehiago antolatzen dira eta ahal dudan guztietara joaten naiz. Dena den, gehien atsegin ditudanak iraupen luzekoak dira". Iraupen luzeko martxak 40 kilometrotik gorako luzera eta 8 ordutik gorako iraupena dutenak dira. Batzuek 100 kilometrotik gora dituzte.
Iaz Juanjok 15 mendi martxatan parte hartu zuen. "Euskal Mendizale Federakundeak antolatzen duen zirkuitua 21 martxek osatzen dute, baina batzuk egun berean izan direnez, ezin izan dut guztietan parte hartu. Asteren batean larunbatean martxa bat eta igandean beste bat egin dut". Udaberritik aurrera ia astero iraupen luzeko mendi martxa batean parte hartzen duen arren, asteburuetan familiarekin egoteko denbora nahikoa omen du. "Askotan gauez irteten garenez, eguerdirako ibilbidea bukatuta dugu eta arratsaldean familiarekin egon gaitezke".
Juanjoren ustez martxarik gogorrenak Hiru Handiak eta Durangoko 24 orduak dira. Gehien atsegin duena, berriz, Txirritaren omenezkoa da. "Mendi martxa honek Aralar zeharkatzen du eta hemen inguruan antolatzen den ederrenetakoa da. Dena den, guztiak dira ederrak".
Juanjok esan digunez, ez du aparteko esfortzurik egin otsailaren 15ean emango dioten saria lortzeko. "Urtero ahal dudan martxa guztietan parte hartzen saiatzen naiz, beraz, urtero egiten dudana besterik ez dut egin. Beste batzuek ere, horretara jarriko balira, nik egin dudana lortuko lukete".
Aurten ere, Juanjo ahalik eta iraupen luzeko martxa gehienetan parte hartzen saiatuko da. "Martxa berriren batean parte hartzea gustatuko litzaidake. Castello-n oso martxa ederra antolatzen dutela entzun dut eta bertara joaten saiatuko naiz. Iaz Kataluniako hiru martxetan parte hartu nuen. Hemen bezain mendizaleak inon ez direla uste dugu, baina Katalunian sekulako zaletasuna dute".