Kepak Euskal Herriko, Madrileko, Kanadako eta Erresuma Batuko unibertsitate eta eskoletan antropologia ikasketak egin ditu. Hainbat liburu kaleratu ditu, horien artean Zuberoako Maskaradari buruzko hiru. Zuberoako Maskarada Zuberoako ihauterietako ospakizun garrantzitsuena da. "Maskarada herriko gazteek egiten duten jaia da. Aldameneko herriak bisitatzen dituzte eta, hauetan, dantza, kantu eta eszenifikazio batzuk egiten dituzte. Honen truke, bisitaldia jaso duen herriak bazkaria antolatzen du eta guztiek elkarrekin bazkaltzen dute".
Garai batean maskarada gehiago antolatzen omen ziren. "Lehen Mundu Gerran iparraldeko gazte asko hil ziren eta dolua zela eta, ez ziren maskaradak antolatu. Bestalde, industrializazioa heldu zenean, baserritarrak hirietara joan ziren eta ez zegoen maskaradak ospatzeko jenderik".
Azken 20 urteotan, ordea, maskaraden berpiztea eman da eta herri guztiek antolatu nahi dute maskarada. "Egun, urte bakoitzean herri batek egiten du maskarada. Maskarada antolatu nahi duen herriko udalak gainontzeko udalei euren asmoa jakinarazten die beraiek ere maskaradarik prestatu ez dezaten. Ondoren Zuberoako Udalek maskarada prestatu dutenei euren herrira joateko gonbitea luzatzen diete". Maskaradak urtarrila bukaera edo otsaila hasierako igande batean hasten dira eta 10-12 igandetan luzatzen dira. Aurtengo maskarada Sohüta herriak prestatu du.
Baina, zer esanahi dute maskaradek? "Gizakiak betidanik ospatu ditu ihauteriak. Ihauterien izpiritua berdina da toki guztietan: neguaren bukaera eta udaberriaren hasiera, naturaren berpiztea, ospatzen da. Zuberoako Maskaradak bertako nortasun marka dira".