Nola joan da ziklo-kross denboraldia?
Nekane: Aurten ere mendiko bizikleta eta ziklo-kross denboraldiak egin ditut eta ziklo-krossean hobeto aritu naiz. Izan ere, denboraldi honetan ziklo-krossa askoz ere hobeto prestatu dut: Espainiako txapelketaren ondoren, abuztuan, mendiko bizikleta utzi nuen eta ziklo-krossa prestatzen hasi nintzen. Euskal Herriko lasterketa guztiak irabazi ditut Euskadiko txapelketa izan ezik,eta hori aberia batengatik izan zen. Frantziako bi lasterketetan aritu naiz eta batean irabazi eta bestean bigarren egin nuen. Espainiako txapelketan, berriz, bigarren egin nuen. Sprint-ean galdu nuen. Behintzat, irabazlea eta ni maila berean gaudela badakit.
Neska asko aritzen al zarete ziklo-krosseko lasterketetan?
Hemen gutxi, asko jota hamar bat. Espainiako txapelketan, berriz, 23 neska izan ginela uste dut. Jubenil mailako mutilekin batera aritzen gara, ez baitago nesken kategoriarik. Lasterketan parte hartzeagatik dieta bat ematen digute, baina lehenengoa gelditzeagatik ez digute saririk ematen. Dena den, podiumera igotzen uzten digute behintzat. Sailkapenean ere mutilen artean jartzen gaituzte eta ez dugu puntuatzen.
Zein taldetan aritu zarete denboraldi honetan?
Gorka: Construcciones Metálicas Urretxu taldean nabil. Ziklo-krossean lau lagun aritzen gara: Iñaki Lasa, Igor Montes, Dannel Yurrebaso eta ni. Errepideko lasterketetan, berriz, lagun gehiago aritzen gara.
Nekane: Aurten Debabarrena taldean aritu naiz eta askoz ere gusturago nabil. Erraztasun gehiago eman dizkigute. Izan ere, Orbeak talde profesionala ere badu eta dena beraientzat zen. Debabarrena taldean laguntzak ematen dizkigute, bidaiak ordaintzen dizkigute, bizikletak uzten dizkigute, primak ematen dizkigute… Beti gure gainean daude eta gugatik asko arduratzen dira.
Nolatan gelditu zineten munduko txapelketatik at?
Nekane: Espainiako txapelketaren ondoren esan ziguten neska bakarra joango zela. Nik bigarrena geldituta joango nintzela uste nuen, iaz hiru joan baikinen. Dirua falta dela esaten dute, baina ez dakit zertan gastatuko zuten. Lasterketak antolatzen behintzat ez da izan… Nire taldeko jendea asko mugitu zen munduko txapelketara eraman nintzaten, prentsak ere presioa egin zuen… baina ez zuten ezer lortu.
Gorka: Espainiako txapelketan hirugarren gelditu ondoren, Amadeo Olmos selekzionatzaileak mundialera joango nintzela esan zidan. Ondoren, gaixo jarri nintzen, ez nuen bi lasterketetan parte hartu eta komunikabideen bidez ordezkoa izatera pasa nintzela jakin nuen. Sendatu ondoren, lasterketa batean, Olmosek bi lasterketa haietara joan ez nintzelako jarri nindutela ordezko esan zidan. Oso gaizki iruditu zitzaigun, munduko txapelketara eraman zuten galiziar bat ere gaixo egon baitzen, lasterketak bukatu ezinik, eta hura mundialera eraman baitzuten.
Munduko txapelketara joateko ilusio handia izango zenuten…
Nekane: Munduko txapelketara joateko itxaropena nuen. Gainera, aurtengo denboraldiko helburua Espainiako txapelketan ondo aritzea eta, ondoren, munduko txapelketara joatea zen. Aurten iaz baino hobe ikusi dut neure burua eta pena handia eman dit ez joateak.
Gorka: Ilusio handia egiten zigun. Aitak jada Italiara bidaia antolatua zuen: hegazkin txartelak, hotela… hartuta zituen. Federazioa oso gaizki aritu dela uste dugu, oso fundamentu gutxirekin. Konzentrazioetarako deialdi gutunak, adibidez, konzentrazioak pasa ondoren heldu izan dira.
Aurki errepideko denboraldia hasiko duzue…
Gorka: Jubeniletako lehen urtean, iaz, hiru lasterketa irabazi nituen; horietako bat Euskadiko txapelketa. Aurten ez dut uste gauzak asko aldatuko direnik.
Nekane: Iaz hiru lasterketetan parte hartu nuen eta denboraldi honetan, ahal baldin badut, lasterketaren batean parte hartuko dut. Dena den, ez dut errepidean serio aritzeko asmorik.
Nola ikusten duzue etorkizuna?
Gorka: Datorren urtean afizionatu mailara pasako naiz. Afizionatuetan denboraldia oso luzea izango da. Aurten ondo ibiltzen banaiz, talderen batek afizionatuetan aritzeko aukera eskaintzea espero dut. Hori dela eta, aurten denboraldi ona egitea garrantzitsua izango da. Afizionatuetara pasatzea lortzen badut, beharbada ziklo-krossa egiten jarraituko dut baina Lasaiago.
Nekane: Ziklo-krossean eta mendiko bizikletan jarraitzeko asmoa dut. Ziklo-krossean emaitza hobeak lortzen ari naizenez, hobeto prestatuko dut.