Ikastetxeek haur horiek euskalduntzeko laguntza eskatu zieten bi herrietako Udaletako Euskara Batzordeei. Izan ere, ikastetxeek eta gurasoek argi ikusi zuten haur etorkinak euskalduntzea nahi bazen aisialdian ere euskaraz egiteko aukera eskaini behar zitzaiela.
Urretxu eta Zumarragako Udalek Leire Aiastui eta Nerea Alustizaren esku utzi zuten proiektua. Leirek eta Nereak begirale titulua dute eta bi herriotako Udalek urtero antolatzen dituzten udalekuetan lan egiten dute.
Leire eta Nerea hiru taldetan banatu dituzten 30ren bat haur etorkinekin lan egiten ari dira. Talde bakoitzak bi saio ditu astean. Saio horietan haurrek euskara ikasketak sakontzen dituzte eta euskal geografia eta historia ikasten dute. Bide batez, haur hauek eskolaz kanpo euskara erabiltzea lortzen da. Horretarako, euskal jolasetan aritzen dira, euskarazko bideoak ikusten dituzte, tailerrak egiten dituzte…
Nerea eta Leire oso gustura daude orain arte lortutako emaitzekin. “Haur batzuek sarriago etorri nahi dutela esan digute. Beraien eta gurasoen jarrera oso ona da eta oso azkar ikasten ari dira euskaraz”.