Duela hiru hamarkada Legazpiko Untzilla ikusi zuen txalaparta jotzen sanjoanetan, “nik ere ikasi behar dut” esan zion bere buruari eta berarengana joan zen Migel Iraeta “Poxpolo”-rekin. “Legazpiko eliza azpian dauden aretoetan ikasten genuen. Areto berean Legazpiko Dioni kitarra jotzen eta Hertzainak taldeko bateriajolea izan zen “Txanpi” bateria jotzen aritzen ziren”.
Jendaurreko lehen saioa sanjoanetan eskaini zuten. Geroztik, Iñaki Euskal Herriko eta atzerriko makina bat plazatan aritu da; aspaldiko urteetan bere anaia Aitorrekin batera. “Behin, Zelai-Ariztiko kioskoan jotzen ari ginela, garai hartan autore eskubideak kobratzen aritzen zen Bert etorri zitzaigun autore eskubideak kobratzera”.
-Zer izan nahi zenuen umetan?
Heldua.
-Aisialdian zer egitea atsegin duzu?
Mendian ibiltzea, lagunekin egotea, potrojorran egotea…
-Bizitzeko toki bat?
Urretxu eta Zumarraga ondo daudela iruditzen zait, beharbada ohituta gaudelako.
– Txalaparta jotzeko gustuko plaza?
San Joan gaua hunkigarria da. Gainera, San Joan gau batean hasi ginen duela 27 urte.
-Norekin gustatuko litzaizuke txalaparta jotzea?
Joxean Artzerekin jotzea gustatuko litzaidake. Gu hasi ginenean Artze anaiak eta Zuaznabartarrak ziren ia jotzen zuten bakarrak.
-Gustuko musikaria?
Silvio Rodriguez.
-Nori joko zenioke makilakada gustura asko?
Espainiako gobernuari.
-Gustuko mendia?
Irimo eta zazpi puntak oso politak dira. Kostaldea, Barrendiolako buelta, Belokikoa… ere asko gustatzen zaizkit.
-Ilehoriak ala beltzaranak?
Ez dago jakiterik nor den ilehoria eta nor beltzarana… berdin zait.
-Egindako azken oparia?
Arropa.
-Eta jasotakoa?
Praka batzuk.
-Data bat?
Urtarrilak 28. Erlantz jaio zeneko eguna, lehena izateagatik.
-Neska eta mutil izen bana?
Mutilenak Erlantz eta Unai. Neska izenen artean Itsaso asko gustatzen zait.
-Zein egunkari irakurtzen duzu?
Denei errepasua ematen diet. Beno, La Razoni ez.
-Gustuko telebista saioa?
Erreportajeak eta dokumentalak.
-Bereziki gorroto duzuna?
Saio asko ikusten ez dudanez, ezin diet gorrotoa hartu. Dena den, jendea telebistara bere bizitza kontatzera joatea patetikoa iruditzen zait.
-Liburu bat?
Ez dut asko irakurtzen. Orain Lance Armstrongen “Mi vuelta a la vida” ari naiz irakurtzen.
-Filme bat?
Roberto Benigniren “La vida es bella” oso polita da.
-Gustuko abestia?
Silvioren abesti asko gustatzen zaizkit, bat aukeratzekotan “Unicornio”. Txomin Artolaren “Txuriko” ere asko atsegin dut.
-Soinu bat?
Isiltasuna ere oso polita da: mendian eseri eta entzuten dena. Itsasoko olatuak entzutea ere gustuko dut, sarritan joaten naiz kostaldera.
-Usain bat?
Belar moztu berriarena. Baita kafearena ere.
-Janari bat?
Amaren bakailaoa.
-Ura ala…
Ardoa, txakolina… ura ere bai, e!