Nondik zatozte Spezial Guest-eko partaideak?
Txarli: The fabulous house of the orgasmic pigs, And after, Ihes indar eta Gorroto taldeetatik gatoz. Mr Sex aurreko bateriajolearen ordez etorri zen, Gotzon aurreko baxuaren partez… Taldea 1997an sortu genuen, baina egungo partaideok bi urte daramatzagu elkarrekin eta maketa oraingo bostok grabatu genuen.
Zer musika mota egiteko asmoarekin elkartu zineten?
Txumbo: Metal hutsa egiten hasi ginen, baina pixkanaka aldatzen joan ginen. Batzuek "grunge" taldea garela esaten digute eta Pearl Jam-ekin antzekotasuna digutela esaten digute, nonbaiten kutsuren bat izango dugu… Orain Emo-ra jotzen dugula esango nuke.
Txarli: Melodikoagoa da. Hasieran garrasi asko egiten genuen…
Txumbo: Rokanroleroak garela ere esango nuke.
Txarli: Bai, metalikoak diren distortsioak kenduz gero…
Ildo bat lortu duzuela uste al duzue?
Txumbo: Orain abesti guztiek ildo berbera jarraitzen dutela esango nuke.
Txarli: Lehen begira, begira zer atera dudan! zen gure ildoa. Orain abesti guztiak antzekoak dira.
Zenbat abesti dituzue?
Txarli: Lau kantaz osatutako maketa bat dugu eta orain bigarren maketa kaleratu nahian gabiltza.
Txumbo: Maketa berriak abesti gehiago izango ditu eta ildo berrikoak izango dira.
Txarli: Jotzen hasiz gero ordu eta erdi inguru jo dezakegu. Jada 16-18 abesti ditugu.
Nondik-nora zabiltzate kontzertuak eskaintzen?
Txumbo: Goierri garaia guztia zeharkatu dugu! Hemendik Donostia aldera eta Eibar ingurura toki gehienetan jo dugu.
Txarli: Lemoan ere jo dugu eta Gasteizen jo behar dugu. Bestalde, Bartzelonan, Galizian, Leonen… ere izan gara. Orain kontaktu ugari dituen Elgoibarko lagun bat egin dugu, Javier Quintano, eta kontzertu asko lortzen dizkigu, managerra dela esan daiteke. Baina askotan Galiziara edo bost kontzertu jotzeko asmotan joan eta bi jo izan dira.
Txumbo: Hauetako kontzertu batzuk ez dira oso ondo lotuak egoten… Kanpora irten garenean dirua atera beharrean galdu egin izan dugu. Baina oporrak izango balira bezala hartzen dugu eta kito. Dena den, egia esan, zure kontura ateratzea ez da oso probetxugarria. Diskoetxeren baten arreta lortu beharra dago, bestela ondo pasatzen da baina ezin da aurrera egin.
Bereziki gustura utzi zaituzten kontzerturik?
Txumbo: Kilometroetan oso gustura izan ginen: jende andana zegoen, eguraldi bikaina egin zuen, soinua oso ona izan zen, tokia ere oso ona… Woodstock zirudien! Sekula ez dugu halako musika ekipoarekin jo. Herrietako festetan ere jo dugu, baina batzuetan teknikariak berbena taldeekin lan egiten ohituak daude… Soinua oso garrantzitsua da. Nahiz eta oso abesti onak izan, ekipo txarra bada ezin da ezer erakutsi. Bola bat entzuten da eta konfunditu arren ez da inor konturatuko.
Txarli: Kilometroak egunean zenbaitek gure abestiak ere ezagutzen zituzten. Izan ere, interneten gure abestiak entzun daitezke: www.spezialguest.com orrian. Bertan gure argazkiak, biografia… ere aurki daitezke.
Kontzertuak iragartzeko kartelak egiteko ere internet erabiliko duzue…
Txarli: Gutxienez jendeak kartelez hitz egitea lortu dugu…
Txumbo: Herri guztiak ikusi du noizbait gure kartelen bat. Horretaz Jon arduratzen da. Gure helburua jendearen arreta lortzea da. Astebururo kontzertu bat edo bi eskaintzen ibili izan gara eta sekulako lana da astero kartel bat egitea. Dena den, egin beharreko lana da.
Gustura gelditu al zineten lehen maketarekin?
Txunbo: Borja Aranbururekin grabatu genuen lokalean bertan eta nahiko gustura gelditu ginen. Denborarekin zenbait gauza aldatuko genituzkeen, baina gustura gaude.
Txarli: Hasieran gu arduratu ginen banaketaz, 500 bat banatu genituen tabernetan, kontzertuetan… Gero Garak 3.500 bat banatu zituen egunkariarekin batera.
Nolatan eskaini zizuen Garak zuen maketa banatzea?
Txarli: Garako Izkanderrek deitu zidan. Gure maketa entzun omen zuen eta bilduma horretan gurea ateratzea eskaini zidan. Baiezkoa eman nion, noski! 3.500 kopia egun bakarrean banatzea gauza handia da. Oso momentu ona izan zen eta bultzadatxoa eman zigun. Hor zehar joaten garenean jendeak Gararen ekimen hari esker ezagutzen gaituela ikusten dugu.
Txumbo: Dena den, ez dugu uste ekimen hari esker kontzertu gehiago ematea lortu dugunik. Izan ere, hizkuntza oztopoa era bada. Guk ingelesez kantatzen dugu eta hemen euskaraz kantatuz errazagoa da ezagunak egitea. Garak banatu zituen diskoa haien artean gurea eta beste bat bakarrik ziren ingelesez.
Aurki bigarren maketa grabatzen hasi behar omen duzue…
Txarli: Bigarren maketa hori luzexeagoa izango da, zazpi abesti izango ditu, eta diskoetxeetara bidaliko dugu.
Txumbo: Kalitate hobeko grabaketa egiten saiatuko gara, edonon aurkezteko modukoa. Eibarko estudio batean grabatuko dugu, Kokein taldeko bateriarekin, baina Borja ere estudioan egotea nahi dugu.
Txarli: Lehen maketa ere diskoetxeetara bidali dugu: Madrilera, Galiziara, Sueziara, Estatu Batuetara… berdin zaigu.
Txumbo: Azkenaldian ez ditugu kontzertuak ematen bigarren maketako abestiak prestatzeko, baina grabaketa atzeratzen ari da eta berriro ere kontzertuak ematen hasi gara. Orain arte edozein tokitan jo dugu, baina toki txukunetan jotzen hasi behar dugu. Izan ere, Gaztetxe batzuetako kontzertuek entsaiuak ziruditen kontzertuak baino. Eskerrak herriko jendea gure kontzertuetara joaten den…
Txarli: Galiziara joan ginenean ere herriko jendea azaldu zen.
Jarraitzaileak badituzue, beraz…
Txarli: Jendea gustura gelditzen da. Batzuk kontzertuen ondoren etortzen dira gustatu zaiela esatera eta interneten ere mezuak jasotzen ditugu. Azkenaldian gure musika melodikoagoa da eta, nire ustez, horregatik gustatzen zaio jendeari.
Kantuen hitzei buruz, zer diozue?
Txarli: Nik neuk egiten ditut. Guztiak harreman pertsonalei eta amodioari buruzkoak dira, baina ez ditugu betiko moduan kontatzen.
Rock musikaren mundu honetan aurrera egitea zaila al da?
Txumbo: Benetan zaila da. Hemen, Gaztetxeei esker, kontzertuak ematea behintzat erraza da. Baina Bartzelonan, adibidez, ez dago musika jotzeko tokirik. Ezagunek areto handietan jo dezakete, baina bestela… Guk okupen etxe batean jo genuen.
Txarli: Hemen kanpoko edozein taldek non jo bilatzeko esaten badizu, segituan aurkitzen diozu non jo. Batzuk bi kontzertu eskaintzeko asmoz etortzen dira eta zortzi eskaintzen dituzte.
Herrian rock musika taldeak sortzeko giro aproposik ba al dago?
Txumbo: Talde batzuk bagaude, baina udalak ez du ezer egiten gure alde. Lokala guk alokatu behar dugu, baina gero jaiak heltzen dira eta guri ezer esan gabe egitarauan sartzen gaituzte, jotzera behartuak egongo bagina bezala.