Ikastolan hasi zen ikasten, D.B.H. Lizeoan bukatu zuen eta, egun, UGLEn mantenimendu modulua egiten ari da. Gustura ari omen da ikasten eta ikasketak bukatutakoan elektrizitate arloan lan egitea gustatuko litzaioke.
11 urte zituela Zumarragako parrokian monagilo lanetan hasi zen eta lan horretan darrai. “Lan horretan asko ikasten da. Duen gauza onena jende onarekin lan egiten duzula da. Okerrena, berriz, igande askotan goiz jaiki beharra da”. Pasadizoren bat kontatzeko eskatu diogu eta berehala erantzun digu: “Hasi berria nintzela, aldareko eskilaretan estroputz egin nuen eta diru guztia eskilaretan behera erori zitzaidan”.
Anderrek esan digunez, monagilo lana ez da jendeak uste dezakeen bezain erraza. “Batzuetan mezatan irakurri behar da, parrokoari meza bereziak prestatzen lagundu behar zaio… UGLEn ikasitakoa praktikan jartzeko aukera ere izan dut!”.
Ander, monagiloa izateaz gain, bertsolaria ere bada. Betidanik bertsozalea da eta duela hiru urte herriko bertso eskolan hastea erabaki zuen. “Jendea bertso eskolara joatera animatu nahiko nuke, bertan oso giro ona baitugu”.
-Zer izan nahi zenuen umetan?
Gauza gehiegi… akolito hasi nintzenean, apaiza.
-Aisialdian zer egitea atsegin duzu?
Mendian ibiltzea, lagunekin egotea…
-Bizitzeko toki bat?
Berdez inguratua dagoen edozein toki.
– Monagiloak dioten bezain “pilloak” al zarete?
Behar denean bai.
-Parrokoak askotan botatzen al dizu sermoia?
Ez, ez… parrokoarekin ondo konpontzen naiz.
-Ez al zaizu oraindik erretiratzeko ordua heldu ala ez al duzue harrobia behar bezainbeste zaintzen?
Oraindik elizan lan asko dago egiteko, baina ea harrobitik zer edo zer ateratzen den.
-Noizko apaiz izatera saltua?
Hori utzizak alde batera…
-Gustuko bertsolaria?
Joxe Lizaso. Bere kantatzeko eragatik eta bertsoan sartzeko duen moduagatik.
-Neurri txikiko ala handiko bertsolaria al zara?
Haundikoa. Gauza gehiegi ditut esateko eta neurri handia ere txikia gelditzen zait.
-Ligatzeko bertsoak kantatzen al dizkiezu neskei?
Batzuetan bai, baina guztiengana ez naiz bertsotan joaten.
-Ilehoriak ala beltzaranak?
Beltzaranak.
-Egindako azken oparia?
Kolonia.
-Eta jasotakoa?
Liburu bat.
-Data bat?
Udako edozein egun.
-Neska eta mutil izen bana?
Nerea eta Aitor.
-Zein egunkari irakurtzen duzu?
Egunero, Gara eta Diario Vasco.
-Gustuko telebista saioa?
Dokumentalak eta “El show de Flo”.
-Bereziki gorroto duzuna?
“Gran Hermano” eta antzerakoak.
-Liburu bat?
Ez naiz irakurzalea. Irakurri dudan azkena “El hombre que susurraba a los caballos” da eta gustatu zitzaidan.
-Filme bat?
“El arte de morir”.
-Gustuko abestia?
Epelde eta Larrañagaren “Bizitzaren aroak”.
-Soinu bat?
Naturaren edozein soinu.
-Usain bat?
Kolonia on batena.
-Janari bat?
Txuleta on bat.
-Ura ala…
Kalimotxo pixka bat engrasatzeko.