Nolatan ekarri zenuten Saharar haur bat etxera?
ETBn Saharatik etortzen diren haurrei buruzko erreportaiak botatzen dituzte eta haur bat ekar genezakeela pentsatu genuen. Tolosan Saharar haurrak oporrak igarotzera hona ekartzen dituzten familiek elkarte bat sortu dute eta elkarte horren bidez ekarri genuen haurra. Haurrak uztaila hasieran etortzen dira eta iraila hasieran joaten dira. Zuk haur horiek jantzi eta beraiei jaten eman besterik ez duzu egin behar, zure seme-alabak izango balira bezala. Haurrekin oporretara joan zaitezke, horretarako Udalean txostena bete eta kontaktu telefono bat utzi besterik ez da egin behar.
Zer moduzko esperientzia izan zen?
Lehenengoz datozen haurrei dena erakutsi behar zaie. Izan ere, ez dituzte komunak, argi pizgailuak, mahaiak, oheak… ezagutzen. Politena haur txiki bat ekartzea da, honela hurrengo urteetan ere ekar baitezakezu. Guk ekarri genuen Bilbon egona zen aurreko urteetan eta hemengo bizimodua jada ezagutzen zuen. Dena den, berarekin ere izan genituen hainbat pasadizo: lan egiteko asmoz etorri zen, futbolean oinutsik jolasten zuen eta Argixaon harrituta utzi zuen jendea…
Aurten herriko familiek udan haur sahararrak har ditzaten lanean ari zara. Zer pausu eman dituzu orain arte?
Hemen oraindik elkarterik ez dagoenez, Reyesekin, Udaleko gizarte-laguntzailearekin, lan egiten ari naiz. Lehenengo haurrak hartzeko familiak aurkitu behar dira. Ondoren, eurekin bilera bat egingo dugu. Bertan, neska edo mutila, zer adinetakoa… ekarri nahi duten galdetuko diegu eta zalantzak argituko dizkiegu. Aurten 6 eta 14 urte bitarteko haurrak etorriko omen dira. Gero haurrak etortzen direnerako egutegia antolatuko dugu: noiz igo ospitalera haurrei azterketa medikoa egitera, esaterako. Horrez gain, igerilekura eramango ditugu, Udalek antolatzen duten udalekuan parte hartuko dute, txangoren bat egingo dugu… Fronte Polisarioari haurrak udan etxean hartzen dituzten familiek elkarteak sortzea komeni zaio, honela lan egiteko gehiago motibatzen baita eta laguntza hobeto kudeatzen baita. Niri ere elkarte bat sortzeko esaten ari zaizkit, baina aurten jendeak nola erantzuten duen ikusi nahi dut lehenago, jendea elkartu nahi dut.
Zer nolako harrera jaso duzue Urretxuko Udalean?
Urretxuko Jaiak, Kilometroak… pasa ondoren, Udaletxera joan nintzen laguntzarik jaso genezakeen jakitera. Udal guztiek aurrekontuaren 0,7a honelako ekimenetara bideratzen dutela jakin nuen eta proiektu bat aurkeztu genien. Honela, 0,7 horren zati bat haur sahararrak ekartzeko erabiliko da. Udalak haurrek behar duten guztia ordainduko du: bidaia, behar ditzaketen sendagaiak, mediku gastuak, igerilekuko bonoa… Oraingoz Urretxuko Udalari soilik eskatu diogu laguntza. Izan ere, orain arte familiakoak soilik aritu gara lanean eta nahikoa lan izan dugu: haurra ekarri genuen, Saharara bidaltzeko janari bilketa antolatu genuen… Pixkanaka hasi nahi dugu eta jendeak erantzuten duela ikusten badugu, gainontzeko Udalei ere laguntza eskatuko diegu. Dena den, Zumarragako Udalak janaria bidaltzeko laguntza eman zuen. Gainera, laguntza Urretxuko Udalari eskatu diogun arren, inguruotako herrietako familiek ere har ditzakete haurrak.
Zer egin behar dute uda honetan haur saharar bat etxean hartu nahi duten familiek?
Urretxuko Udaleko gizarte laguntzailearengana jo behar dute izena eta telefonoa ematera. Aurten haurrak uztailaren 6an etorriko dira. Pixka bat lehenago familia guztiei deituko zaie eta argibideak emango zaizkie.
Zer moduz erantzuten ari da jendea?
Oraindik oso propaganda gutxi egin dugun arren, triptiko bat atera behar dugu ekimena ezagutzera emateko, jada bost familiek haurrak hartzeko izena eman dute. Zenbat eta familia gehiagok izena eman hobe. Urretxuko Udalak eman duen laguntzaren bidez ezin daitezke haur asko ekarri, baina, gainontzekoak, diru gehiago eman eta haurrak ekartzeko jende gutxiago lortu duten Udalen bidez ekar daitezke. Haurrak etxean hartzeko prest dauden familiak behar dira dirua baino gehiago.
Zer esango zenieke familiei haur bat etxean hartzen anima daitezen?
Hasteko, haur horiek 50-60 gradu inguruko hotzberoa jasan behar dute udan euren herrialdean. Gazteleraz hitz egiten ere ez dakite eta hasiera gogor samarra egiten zaie, baina gero sekulako poztasuna ematen du: zurekin lehenengoz hondartzak, mendiak, igerilekuak… ikusten dituzte, dena eskertzen dizute… Bestalde, ekimen honek Saharara joateko aukera eskaintzen die haurrak etxean hartzen dituzten familiei. Bertan, denetarik behar dutela ikusten duzu eta izugarri eskertzen dizute beraienganako elkartasuna.
Zer aholku emango zenieke haur saharar bat etxean hartzeko prest daudenei?
Bileran aipatuko diren hainbat gauza kontuan izan behar dira. Oso lotsatiak direnez, mutilei bainua hartzen gizonezkoak lagundu behar die eta alderantziz. Gure etxera etorri zen mutikoak komuneko atea barrutik itxi zuen senarra despistatu orduko. Bestalde, musulmanak dira eta ez dute txerri haragia jaten. Hori dela eta, haragia ateratzen diezunean berehala galdetzen dizute txerri haragia den. Dena den, txerri haragia jan nahi badute ez zaie debekatu behar. Bileran argibide hauek guztiak aipatuko ditugu eta jendeak beldur gabe galdetu ditzala izan ditzakeen gainontzeko zalantzak.
Aipatu duzun moduan, haur sahararrak etxean hartzen dituzten familiek Saharara joateko aukera izango dute…
Norberak bere bidaia ordaindu behar du. Bidaia hauek Fronte Polisarioak antolatzen ditu urtean hainbat aldiz: abenduko zubian, Aste Santuan, maiatzean Realeko jokalari ohiak joan behar dute bertara jokatzera eta guk ere joateko aukera izango dugu… Gurean hartu dugun haurraren etxera joaten gara eta duten guztia ematen digute. Bertan beraien bizimodua egiten dugu: lurrean lo egin eta abar. Normalean euren etxean hartzen gaituztenek ez dute gurekin batera jaten: etxean duten onena prestatzen digute eta beraiek guk utzitakoa jaten dute. Itzultzen naizenean denok elkarrekin bazkaltzea nahi dutela esango diet.
Zer moduz ibili zineten Saharan?
Abenduko zubian joan ginen eta hiru egun eman genituen bertan. Gurekin egon zen haurraren familia duela gutxira arte kanpin denda batean bizi izan da, baina orain etxea egin dute. Ongi etorri jaia egin ziguten, dena erakutsi ziguten… Sahararrak oso abegitsuak dira, aurki daitekeen onena, eta oroitzapen zoragarria uzten dizute.
Zer esan dezakezu bertako bizimoduaz?
Orain su-eten garaian dauden arren, 27 urte daramatzate Marokorekin gerran. Euren lurraldera itzultzeko erreferendumaren zain daude. Orain Argelia izkina batean daude, oso lurralde txiroan, eta laguntza humanitarioari esker bizi dira. Gizon gehienak frontean daudenez, gizonezko gutxi ikusten dira Saharako herrixketan. Emakumeek euren gain dute familia aurrera ateratzearen ardura. Emakume gehienek zeregin bat dute. Guk ekarri genuen haurraren ama, esaterako, hezitzailea da. Kontu honetan sartu aurretik ezer gutxi nekien Saharar herriari buruz, baina bileren eta liburuen bidez bertako gatazkaren berri izan dut. Han izan ginenean, beraiek euren lurraldera itzul daitezen ahaleginak egiteko eskatu ziguten. Ahal izango bagenu zer edo zer egingo genuke.
Elkartasuna bultzatzeko ekitaldiak
Mari Mar Renedok eta bere familiak, Urretxuko Udalaren laguntzaz, Herri sahararrak bizi duen egoeraren berri emateko eta elkartasuna bultzatzeko ekitaldiak antolatu dituzte. Maiatzaren 7an Mari Mar Renedok Saharan ateratako argazkien erakusketa irekiko da Juan de Lizarazu aretoan. Inaugurazio ekitaldian Fronte Polisarioaren Euskal Herriko ordezkaria izango da. Bestalde, maiatzaren 16an diapositiba emanaldia eta hitzaldia izango dira Kultur Etxean. Saio hau Gurutze Irizar "Fatimetu" ormaiztegiarrak eta sahararra den bere senarrak eskainiko dute. Zuetako askok jakingo duzuen bezala, Gurutze urte askotan bizi izan da Saharan eta Saharar herriaren alde egiten duen lanagatik ezaguna da.