Julen Albisuak 36 urte ditu eta duela 10 urte inguru hasi zen xakean jolasten. "Txikitan hasi nintzen xakean, baina utzi egin nuen. 1991 inguruan xakean aritzea atsegin zuen lagun bat egin nuen eta irakasten hasi zitzaidan. Xakean ikastea ez da erraza. Bergarako taldean federatu ginen eta partidak galduz, liburuak irakurriz… ikasi egin nuen".
Aitor Iturriozek 14 urte besterik ez ditu oraindik. "Aitak irakatsi zidan xakean jolasten. Gero, Ikastolan aritu nintzen: zaharragoek gazteoi erakusten ziguten eta eskolarteko txapelketetan parte hartzen genuen. Aurten, berriz, federatu egin naiz".
Urko Mendigurenek amarekin ikasi zuen xakean jolasten eta, ondoren, Ikastolako taldean aritu zen. "Benetako afizioa ZZigorrekin jokatzen piztu zitzaidan pikatu egin baikinen".
Egun, hiru gazte hauek dira, ZZigor Igartuarekin batera, Goierri taldea Gipuzkoako ligan ordezkatzen dutenak; baina, Julenek ondo dioen bezala, taldearen bultzatzaileak Gaspar Gezalaga eta Manu Prieto izan ziren. "Taldea sortzea erabaki zuten eta horretarako deialdia luzatu zuten. Kultur Etxean bilera egin zen eta hainbat lagun azaldu ginen. Goierriren bidez taldea sortzea eta federatzea erabaki genuen".
Taldea sortzearekin batera, Gipuzkoako ligan parte hartzea ere erabaki zuten. Urretxu-Zumarragako taldea Gipuzkoako lehen mailan jokatzen ari da. Goitik, preferente eta euskal liga daude; behetik, berriz, bigarren eta hirugarren mailak. Euren mailan lau laguneko zortzi talde daude. Herriko taldean ZZigor lehen taula da, Urko bigarrena, Julen hirugarrena eta Aitor hirugarrena. Bakoitzak beste taldean zenbaki bera duenaren aurka jokatzen du.
Julen gustura dago aurten egindako lanarekin. "Aurten nahiko ondo aritu gara, ez baitugu mailaz jaitsi gutxienez. Jaitsiera play-off-a jokatu behar izan genuen, baina bertan partida guztiak irabazi genituen. Mailaz igotzea oso zaila da, ligan lau lehenen artean gelditu behar baitzara eta ondoren igoera play-off-a jokatu".
Goierri xake taldekoak gustura dabiltza, baina lokal egokiagoa izatea gustatuko litzaieke. "Goierriren egoitzan jokatzen dugu, baina lokal hori ez da xakean jokatzeko aproposena. Izan ere, liga txapelketako partidak larunbat arratsaldeetan jokatzen dira eta jende mordoa egoten da musean jokatzen eta altu hitz egiten. Guri ez zaigu asko axola, baina kanpotik datozenei ez die inongo graziarik egiten. Izan ere, gainontzeko taldeek xakerako soilik erabiltzen diren lokalak dituzte. Udal arduradunekin hitz egin beharra dugu lokal berri bat lortzeko".
Lokal berrian Goierriko xake taldeko kideek ekitaldi gehiago antolatzeko aukera izango lukete. Iaz Julenek bi hilabeteko ikastaroa eman zuen Kultur Etxean gaztetxoentzat eta urtero Zumarragako jaietan txapelketa antolatzen dute, Urretxun ere zer edo zer egiten dute eta Eire tabernako txapelketa jokatzen dute.
Xakea burua asko behartzen duen jokoa da. Batzuek orduak eta orduak eman ditzakete xakean jokatzen, beste batzuek, ordea, xake hitza entzun orduko aurpegi txarra jartzen dute. Dena den, zer edo zer izango du: Urretxu-Zumarragan, esaterako, oso adin ezberdineko lau lagun elkartu ditu. "Edonork ikas dezake xakean jokatzen eta oso dibertigarria da. Dena den, batzuetan gogorra egiten da. Lanetik irten eta ez duzu ikasten hasteko gogo handirik, baina badakizu egin beharra duzula. Kirola egitea bezala da: badakizu, jarriz gero, zukua aterako diozula".
Julenen ustez, beraien iritzi bereko jende dezente aurki omen daiteke herrian. "Herrian zaletasuna egon badago. Eire tabernako txapelketan, esaterako, herritar askok parte hartzen du eta Gazteleku zaharrean asko jokatzen zen. Zaletasunik ez dagoela eman dezake, baina ziur etxean uste baino jende gehiagok jokatzen duela". Aitorrek dioenez, ordea, gazteen artean xakeak ez omen du arrakasta handirik. "Nire adinekoak xakean aritzean aspertu egiten omen dira. Nire ustez, serio jokatzen jarriko balira gustatu egingo litzaieke".
Eire-Bankoa: xakezaleen urteroko zita arrakastatsua
Apirilaren 10ean, herriko xakezaleen urteko zita nagusia den Eire–Bankoa txapelketaren laugarren ekitaldiko finala eta 3. eta 4. posturako partida jokatu ziren Eire tabernan ikusle ugariren aurrean. Finalean Zigor Altolagirre ordiziarrak eta Ernesto Beitia bizkaitarrak neurtu zituzten indarrak eta Altolagirre izan zen garailea. 3. eta 4. posturako partidan Iñaki Oses eta Pedro Castro aritu ziren eta Oses izan zen garailea.
Bi partida hauek bukatu ostean, Txema Iriberri eta Gaspar Gezalaga antolatzaileek eta Carlos Montero Bankoako ordezkariak sariak banatu zituzten. Lehen ez federatua Juanjo Muñoz izan zen eta lehen emakumezkoari emandako saria Oroitz Agirrek irabazi zuen.
Aurten Urretxu-Zumarraga eta inguruotako 40 xake jokalarik parte hartu dute Eire–Bankoa txapelketan. Guztira 196 partida jokatu dira.