Musti Taldea” sortzearen ideia lagunarteko lehendakaria den Emilio Hernandezena izan zen. Emilio Realeko bazkidea da eta, horretaz gain, askotan joaten da Realak etxetik kanpo jokatzen dituen partidak ikustera. Urretxu-Zumarragatik bi astez behin Anoetara jende asko joaten dela ikusirik, herrian realzale-lagunartea sortzea pentsatu zuen. Lagunartearen egoitza Kortaberri taberna izango da. Realeko jokalaria izandako Musti Mujika herritarrak bizi duen egoera ikusirik, hasiera-hasieratik argi eta garbi izan zuten taldeari zein izen jarriko zioten. Mustiren familiari bere izena jartzeko baimena eskatu zioten eta familiak onespena eman zuen.
Musti Taldea”-ren helburua Reala bultzatzea da. Denboraldi honetan ez dute jada ekitaldi edo bidaia gehiegirik antolatzeko aukerarik. Baina, azken ihardunaldi hauetan Realak liga irabazteko guztion laguntza beharko duenez, euren bultzadatxoa ematen saiatzen ari dira. Maiatzaren 25ean pantaila erraldoia jarri zuten Beloki pilotalekuan eta zaletu asko bildu ziren bertan Realak Malagaren aurka jokatu zuen partida ikusteko. Orain azken aurreko ihardunaldiko (ekainaren 15ean) Celtaren aurkako partida ikustera joateko Vigora bidaia antolatzen ari dira.
Lagunarteak 300 bazkide inguru ditu jada, baina oraindik nahi duenak bazkide egiteko aukera du. Horretarako, Kortaberri tabernara jo behar da izena ematera. Bazkide kuota urtean 12 eurokoa da. Lagunarteak gaztetxoentzako saila ere badu gazteenen artean realzaletasuna suspertzeko eta elkartean bertan harrobi lana egiteko.