Nolatan zaitugu aurtengo Araba Euskarazeko koordinatzailea?
Ikastoletara kurrikuluma bidali nuen eta aukera hau sortu zen. Lanorduen %20a irakasle lanean ematen dut, euskara eta bertsolaritza irakasten ditut, eta gainontzeko %80a Araba Euskaraz koordinatzen ematen dut.
Honelako festa erraldoiak koordinatzea sekulako lana da, asko pentsatu al zenuen erabakia hartu aurretik?
Banekien festa hauek antolatzeko atzean lan handia dagoela, baina erronka moduan hartu nuen. Ur handitan sartuko nintzen beldurra nuen, zalantzak nituen, baina ezagutzeko asmoz sartu nintzen. Izan ere, erronkak gustukoak ditut. Egun gogorrak izaten dira, baina bizitza honetan denetik ikasi behar da.
Oion ezagutzen al zenuen?
Ez nuen ezagutzen. Justu-justu nekien mapan kokatzen. Arabar-Errioxan, Logroño ondoan, dagoela banekien. Betidanik erakarri nau Arabar-Errioxak, bere klima lehorrak…
Guk ere ezer gutxi dakigu Oioni buruz, zer nolako herria da?
Herri txikia da, Arabako herri gehienak bezala. Hori dela eta, herri izaera du. Bestalde, industria eta nekazaritza arteko nahasketa du. Leku polita eta lasaia da, kotxe askorik gabea. Uda bertan pasatzeko moduko tokia da, lana egiteko baino. Bertan euskarak egoera zaila bizi du. Kalean bizitza ia osoa erdaraz egiten baita, nahiz eta herriko haurren erdia Ikastolara doan. Kontrako egoera honek lan egiteko indarra ematen digu.
Zer esan dezakezu Araba Euskaraz antolatzen ari den San Bizente Ikastolaz?
223 ikasle dituen Ikastola txikia da. Biana, Logroño eta inguruotako herrietatik ere ikasleak etortzen dira. Irakaslegoa euskara aldetik oso kontzientziatua dago. Euskarak hemen bide luzea du oraindik egiteke eta jendea bide hori jorratzen ari da. Aurten Ikastolak 25 urte bete ditu eta hori aldarrikatu nahi dugu: ekainaren 8an euskaltzaleen babesa lortu nahi dugu indar berriak lortzeko. Ikus dadila herri honek euskaraz bizi nahi duela eta baduela etorkizun euskalduna.
Noiz ekin zenion Araba Euskarazeko koordinazio lanari?
Iraila hAsieran hasi nintzen lanean. HAsieran aurreko urteetako txostenak begiratu nituen, beste lurraldeetan antzerako festak antolatu dituztenekin izan nin-tzen… honelako jai bat nola egiten den ezagutzeko. Gero, gurasoekin sei talde osatu genituen. Talde guztiekin egoten naiz eta denen artean planifikatu dugu eguna bera eta aurreko guztiak: helburuak, mezuak, arlo kultural, ekonomiko eta propagandistikoa… HAsierako hilabeteetan kontua pentsatzea da eta azkeneko hilabeteetan, berriz, aurretik lantzen joan den sumendiaren esplosioa dator: azpiegiturak lotu, txosnak antolatu, prentsari informazioa eman…
Ikastolako gurasoak ondo erantzuten ari al dira?
Honelako jaia antolatzeko jende asko behar da eta guraso batzuk ia urte osoan alboan izan ditut. Horiei esker atera da hau guztia aurrera. Gurasoekin pozik nago eta azken egun hauetan orainarte hurbildu ez diren guztiak ere hurbiltzea espero dut.
Iaz Urretxu-Zumarraga Ikastolak Kilometroak antolatu zuen, behar izan duzun guztietan beraien laguntza izango zenuen…
HAsiera-hAsieratik Kilometroak 2002ko koordinatzailearekin, Igor Elortzarekin, harremanetan jarri nintzen. Berarekin bilera berezi bat izan nuen lan hau nola egiten den ikusteko eta euren lan moldea gurera moldatzeko. Araba Euskaraz eta Kilometroak festen arteko aldeak handiak dira, Araban ikastolak txikiagoak baitira. Dena den, informazio guztia oso baliagarria izan zaigu.
Zeintzuk dira lan honen alde on eta txarrak?
Lan gogorra da. Izan ere, bilera asko egiten dira, kontaktu asko izan behar dira, lan metaketa handia dago, ordutegirik ez dago… Pertsona batek dena eramatea oso zaila da, baina baten bat egon behar da guztiaren gainean. Dena den, esfortzu orok izaten du bere saria eta bukaeran ikusiko dudala uste dut. Saririk onena hau aurrera ondo ateratzeko gai naizela ikustea izango da. Bestalde, jendea ezagutzeak ere bere alde ona du.
Zer aurkituko dugu ekainaren 8an Oionen?
Ibilbideak 5 kilometro ditu eta gehienbat herri inguruan da. HAsieran, paseotxo bat izango da mahastietan zehar lehen atseden gunera iritsi arte. Hemen ekainean bero handia egiten duenez, ibilbidearen gainontzeko zatia itzaletan izango da. Mundu guztiarentzako ekitaldiak izango dira. Bestalde, Arabar-Errioxa ardoarengatik ezaguna denez, ardoari merezi duen garrantzia emango diogu.
Zer esan dezakezu logoaz eta leloaz?
Logotipoa mahatsondo bat da. Adarrek 25 zenbakiaren forma hartzen dute. 25 urtetan hazi den mahatsondoa adierazi nahi du. Logoak hiru kolore ditu: urdina (Ebro ibaia), gorria (lurra) eta berdea (Kantabriako mendizerra). Hiru kolore hauekin lur honetan hazi den mahatsondo bat adierazi nahi genuen, 25 urte hauetan euskararen orriak lau haizetara zabaldu dituen mahatsondoa. Lemari dagokionez, aurtengo lema "Oro bil borobil" da. Izan ere, Oiongo Ikastolak inguruko herrien bilketa egiten du eta biltze honek Ikastola aurrera ateratzen lagundu du. Gainera, egun horretan ere jendea biltzen badugu, etorkizuna borobila izango da.
Zer esango zenieke urretxuar eta zumarragarrei ekainaren 8an Oionera joan daitezen?
Buelta txiki bat eman dezatela. Batez ere, euskaltzaleek bere babesa eman dezatela, herri honek babes hori behar baitu euskaraz bizitzeko. Egun polit bat pasatzera etor daitezela: paisaia oso ezberdina ikusteko eta ardo ona probatzeko aukera izango dute. Hemengo jendeak benetan estimatuko die.
Ez al zaizu iruditzen Gipuzkoako goierritarrok Araba aldera behar baino gutxiagotan jotzen dugula?
Denok gara pixka bat erosoak. Urretxun eta Zumarragan ondo asko bizi garenez, ez dugu ateratzeko esfortzu handirik egiten. Baina euskaldunok Euskal Herria ezagutzeko esfortzua egin behar dugu. Iparraldera joaten garen bezala, hegoaldea ezagutzeak ere merezi du. Paisaia oso ezberdina du, bizi ohitura ezberdinak… kontrastatzeak merezi du. Euskaldunak izateak lotzen gaitu eta elkar ezagutu behar dugu.
Ekainaren 8a hurbil dugu. Urduri al zaude?
Urduri samar eta nahiko lanpetuta nago. Dena den, batzuetan tentsioa ona izaten da lana aurrera eramateko. Azken egun hauetan armonian ondo lan egitea, gauzak ondo ateratzea eta ahalik eta jende gehien etortzea nahi dugu. Araban badago urtero Araba Euskarazera etortzen den jendea, baina Gipuzkoatik ere jendea etortzea eta Oion ezagutzea nahi genuke.