Jose Luis Arruebok 14 urte zituela, 60 hamarkada erdialdean, entzun zuen lehenengoz Rolling Stones taldea, garai hartan Bidezar kalean zegoen jolas-aretoan. Ordutik Jose Luis Rolling Stones taldearen zaletu sutsua da. "Jolas-areto hartan musika makina bat zegoen eta lagunok txandaka pezeta bat ordaintzen genuen taldearen abestiak entzuteko. Musika gogorra atsegin nuen eta Rolling Stones garai hartan zegoen gogorrena zen. Musika talde honek kaleratzen duten guztia atsegin dut".
Hain zen handia Jose Luisen Rolling Stones taldearenganako mirespena, non euren inguruko guztia biltzen hasi zen. "Klaseko mutil batek Beatles taldearen inguruko gauzak biltzen zituen eta nik, Rolling Stones taldea gustuko nuenez, nire gustuko taldearen inguruko gauzak biltzea erabaki nuen".
Ordutik Jose Luis Arruebok denetik bildu du: posterrak, diskoak, egunkari-zatiak… "Diariovasco dendako Eliasen laguna nintzen eta bertara joaten nintzen aldizkari guztiak begiratzera. Rolling Stones taldeari buruzko zer edo zer zekarten aldizkari guztiak erosten nizkion".
Bildu dituen gauza guztien artean, kuttunenak zeintzuk dituen galdetu diogu Jose Luisi eta Rolling Stones taldeko kideek berari sinatutako bi disko aukeratu ditu. "Lehena 99an sinatu zidaten taldeko hiru kidek. Donostian ostatu hartu zuten Santiagon jo aurretik eta bertan disko bat sinatu zidaten. Beste diskoa Bill Wyman-ek sinatu zidan iazko Jazzaldian. Abesti eta abesti artean etengabe diskoa sinatzeko eskatzen aritu nintzen eta ez zidan jaramonik egiten. Jada etsipenak jota nengoenean, kontzertua amaitu ostean, sinatu zuen diskoa".
Ikusten duzuenez, Jose Luis Arruebo Rollingzaletasunak jota dago, baina 1998 urtea arte itxaron behar izan zuen bere talde kuttuna lehenengoz zuzenean ikusi eta entzuteko. "1976an etorri ziren lehenengoz Madrilera, baina pisua ordaintzen ari nintzen eta ezin izan nintzen joan. 1990an etorri zirenean, hankako ebakuntza izan nuen. 1998an, azkenean, kontzertu batera joatea lortu nuen. Izugarri ondo pasa nuenez, 11 hilabete beranduago Santiagon jotzera etorri zirenean kontzertu hartara joateko bereak eta bi egin nituen. Fragari ere idatzi nion sarrera baten eske! Donostian ostatu hartu zutenez, bertara joan nintzen eta han neska batek bere sarrera saldu zidan. Egun hartan lana utzi eta Galiziara joan nintzen".
Hilaren 25ean Jose Luis San Mameseko kontzertuan izan zen. "Kontzertu guztietan lehen ilaran izan naiz. Buila eta dantza egin beharra dut. Lehenengoz ikusi nituenean alabak zer edo zer egin zidatela esan zidan, aldatua itzuli nintzela. Izan ere, Rolling Stones taldearen kontzertuek energia ematen didate. Aurtengo bira elkarrekin eskainiko duten azkena izango den susmoa dut. Izan ere, lauzpabost urtez behin antolatzen dituzte birak eta jada 60 urte pasatxo dituzte".