Nolatan hasi zinen txistugintzan?
40 urte beteak nituela hasi nintzen txistuak egiten, 60 hamarkada aldean. Autonomo nenbilen lanean eta etxeko batek, halako gauzetako erraztasuna nuenez, txistu bat egiteko eskatu zidan. txistua jotzen ere ez nekien, baina Isidro Ansorenaren neurri batzuk eman zizkidan eta hala egin nion. Ondoren, txistu gehiago egiten segitu nuen. txistua jotzen ez nekienez, txistulariei ematen nizkien froga zitzaten. Nondik-nora nenbilen ere ez nekien. Beti mendizalea izan naiz eta Urbiara asko joaten naiz. Igandero-igandero Aita Lasari laguntzera igotzen zen txistulari oñatiar batek erakutsi zizkidan notak. Ordutik aurrera beste gauza bat izan zen.
Zein da txistu on baten muina?
Txistuak bi fazeta ditu: akustika eta afinazioa. Akustikari dagokionez, txistua behar den bezala egin behar da. Bokila eta lengueta bere puntuan kokatu behar dira, esaterako. Eta gero afinazioa daukazu: zuloen diametroa, altuera, txistuaren luzera… Behar bezalako akustika lortu nuen. txistulariek erraztasun handiagoz eta estridentziarik gabe jotzea lortu nuen, lehenago putz egiten lehertu beharra baitzuten.
Nola lortu zenuen afinazioa hobetzea?
Txistuak seriean egiten hasi nintzen eta hauetako bat Jose Inazio Ansorenaren eskuetara iritsi zen. Jotzeko eskaintzen zuen erraztasuna gustatu zitzaion eta nire txistuak saltzen zituzten dendara jo zuen niregatik galdezka. Dendakoak niri konpetentzia egin nahiko zidala pentsatu zuen eta ez zion esan nor nintzen. Ansorenak baten bati Segurola abizena entzun zion eta Segurola guztiak telefonoz astindu zituen nirekin eman zuen arte. Berarengana joan nahi nuen esan zidan eta hala joan nintzen.
Zer lan egin zenuen Ansorenarekin?
Larunbatero joan nintzen kontserbatoriora ia bi urtez. Lehenengo afinazioa hobetzea lortu genuen, gero silbotearekin hasi ginen, gero txilibituarekin… Gero fa soila lortu nahian hasi ginen, ordurarte sostenidoan soilik baitzegoen. Horretarako berak txistua bi zatitan egitea nahi zuen, ordurarte bakarra izaten baitzuen. Azkenean, txistuaren pieza bat bi zentimetro luzatuz, fa soila lortu genuen. Horri esker gaur egun txistuak edozein instrumenturekin batera jo dezake orkestran, bandan… Silbotearekin eta gitarrarekin behin jo zuten kontzertu bat ikaragarri gustatu zitzaidan.
Halako arrakasta izan ondoren, txistugintzan soilik aritu al zinen?
Hainbeste txistu zeuden egiteko, non txistuari bakarrik helduta ere ezin denentzako egin. Nik izan nuen presioa gehiegizkoa zen. Mendira joaten nintzen eta bueltatzen nintzenean beti zegoen baten bat zain txistua egiteko eskatzeko. Ikaragarrizko aldea zegoen txistu zaharretatik hauetara eta mundu guztiak berriak nahi zituen. Ez nituen txistuak jo nahi zuen edozein mutikorentzat egin: Gasteizko, Diputazioko, Iruñeako, Donostiako… bandarentzat ere egin nituen. Baita Baiona eta Donibane Garazirako ere… Herri gehienetan izango dira nire txistuak.
Kalkulatu al duzu inoiz zenbait txistu egin dituzun?
Milatik gora seguru. Hasieran ezpel egurrarekin hasi nintzen, gero bertako egurrarekin, ebanoarekin ere bai… Bertako egurretatik elorria oso goxoa eta gogorra da. Egur bakoitzak soinu ezberdina du. Gaztaina ere ona da. Donostiakoei ez zaie asko gustatzen, baina Bilbokoei bai.
Baten bati erakutsi al diozu teknika?
Bai, ilobei irakatsi nien eta orain ere beste batzuei ere irakastekoa naiz. Gancedo eta Keller ere nik ateratako neurriekin aritzen dira txistuak egiten. Jose Inazio Ansorenak lehen txistu on bat egiteko 18 txistu egin behar zirela eta txistu on horiek hauen erdia zirela esan zidan.
Lanbidea zela eta, txistua jotzen ere ikasi zenuen…
Txistu pieza bat edo beste jotzen ikasi nuen, Secundino Esnaola Eskolako klaseetara ere joan nintzen. Ondo ikasi nuen eta inoiz kalejira baten edo besten parte hartu nuen. Erraztasuna nuen, baina etxean zarata ez ateratzearren, bizilagunek ez zutela gustura entzungo eta, utzi egin nuen.
Jarraitzen al duzu txistuak egiten?
Txistuak egiteko eskatzen didate, baina azkenaldian konpromezuzko bat edo beste besterik ez dut egin. Izan ere, beste zaletasun batzuk ere baditut: margotzea dela, eskultura dela, idaztea dela…
Nolatan hasi zinen eskulturan?
Marrazketarako erraztasun handia nuen. Eskolan muestrak jartzen zizkiguten eta niretzat ez zegoen zailik. Aurreko bi hankak altxatuak zituen zaldi baten marrazkia aurkitu nuen eta, sekula egurrean jardun gabe, hura egurrean egitea erabaki nuen. Ordutik hainbat taila egin ditut: amaren eta aitaren aurpegiak, paisaiak… Beti egurrarekin lan egin dut. Keixa goxoa da, kaoba ere egur ona da…
Hilaren 14an "txistulari" eskultura inauguratu zen Trintxeran…
Eskultura hori egiteko proiektua Jose Julian Irizar alkate zela aurkeztu nuen udaletxean, baina horretan gelditu zen. Gehienbat Aitor Esnalek bultzatu du lana aurrera eramatea. Harrizko oinarriaren gainean brontzezko eskultura du: danbolina, txistua, txapela eta txistulariaren perfila. txistularia aipatu nahi izan dut. txistulariaren beraren gorputza ez da ikusten, adierazpen berezi bat ikusten da. txistulari bat ondo ikusten baduzu, ez dizu gauza handirik esaten. Hemen silueta baten moduan ikusten denez, barrenera sartzen zaizu.