Anes, Joseba, Juanlu, "Pitu" eta "Txaje" duela urte mordoska hasi ziren Tourrera joaten, hasieran kotxean, ondoren furgonetan eta azken urteotan alokatutako autokarabanan. "Bertan egoten den giroagatik eta gure artean sortzen denagatik hasi ginen joaten. Autokarabana alokatzen dugunetik bizikletak ere eramaten ditugu. Tourra etxean han baino hobe ikus daiteke, baina han primeran pasatzen dugu".
Euskaldun gehienak Pirinioetara soilik joaten diren arren, bost lagun hauek ahal duten guztietan Piriniotara eta Alpeetara joaten dira. "Aste beterako joaten gara. Alpeak eta Pirinioak segidan tokatzen badira bietara joaten gara".
Urteen poderioz geroz eta hobe antolatzen dute bidaia. "Autokarabanak sekulako erosotasuna ematen du: komuna, dutxa, sukaldea… barruan ditu eta euria egiten badu ere primeran egon daiteke. Gainera, bertan giro hobea sortzen da: kartatan barruan jokatu dezakegu… Garestiagoa da, baina janaria eta edaria hemendik eramaten ditugunez… ".
Autokarabanan joaten direnetik, gainera, bizikletak ere eramaten dituzte txirrindulariek igoko dituzten mendateak igotzeko. "Txaje ondo prestatua joaten da eta gainontzekook ahal duguna egiten dugu. Juan Luis, berriz, logistika zalea da; bizikleta kontua ez zaio hainbeste gustatzen. Dena den, mendate jaitsieraren bat egiten du".
Dirudienez, "espediziokide" bakoitzak bere funtzioa betetzen du. "Bilera pare bat egiten ditugu bidaia antolatzeko. Txaje eta Anes erosketak egiteaz antolatzen dira, Juanluk nora joan behar dugun erabakitzen du, gidatzeaz gehienbat Anes arduratzen da…".
Urte hauetan guztietan mendate asko ezagutzeko aukera izan dute: Tourmalet-en, Alpe D’Huez-en, Deux Alps-en, Sestrieres-en, Mont Ventoux-en… izan dira. Anes Urbegaini Luz Ardiden gustatzen zaio, Joseba Segurolak, berriz, Mont Ventoux aipatzen du. "Mendate guztietan antzeko giroa egoten da. Mendate bezala ezberdindu daitekeena Mont Ventoux da, goialdean ez baitago belarrik. Luz Ardiden-en ere aipagarria da, bertan Laisekak irabazi baitzuen eta sekulako giroa sortu baitzen".
Bidaia norbere kasa antolatzeak xarma berezia du. Halakoetan pasadizoak ere ugariagoak izaten dira. "Jendarmeekin, esaterako, istorio ugari izan ditugu. Iaz jendarme bat uneoro gure gainean izan genuen, beste batean jendarme bat gurekin garagardoak edaten hasi zen eta ia mozkortu genuen… Bestalde, etapa amaitu ondoren, ahalik eta azkarren atera behar da hurrengo mendatean ahalik eta toki onena hartzeko. Iaz jendarme bat gure ondoan jarri zen bizkarra ematen eta ez zigun irteten uzten. Autokarabana puntomuerton jarri genuen eta hala alde egin genuen. Jendarmeak Italiako Carabinieri-ak baino askoz ere zorrotzagoak dira".
Jendarmeen artean ez ezik, txirrindularien artean ere nahiko ezagunak egin dira herriko zaletu hauek. Duela urte pare bat, esaterako, Txetxu Rubiera asturiarrarekin izan ziren. "Alpeetako mendate batean, txirrindulariak igo ziren alde beretik jaitsi behar zirenez, denak noiz jaitsiko zain geunden. Txetxu Rubiera jaisten ikusi genuen, Pitu builaka hasi zitzaion eta Rubiera gelditu egin zen. Berarekin argazkia atera genuen. Gehienak nekatuta egoten dira eta ez dira gelditzen, baina bai Rubiera eta bai Txente Garcia oso jatorrak dira".
Txirrindularien artean ez ezik, zaletuen artean ere lagunak egin dituzte. "Italiar batzuen lagunak egin ginen eta hurrengo urtean berriro elkarrekin izan ginen. Beste behin, Sestrieres-en izan ginenean, sekulako eguraldi txarra egin zuen eta bizikletan zihoan ingeles bat gure ondoan gelditu zen atseden hartzera. Autokarabanan hartu genuen eta jaten eman genion".
Tourra gora eta Tourra behera, frantsesez ere zer edo zer ikasi dute jada. "Frantsesa dominatzen duena Pitu da. Arrautzak erostera joan ginen denda batera eta ez genekien nola eskatu. Halako batean Pitu oiloarena egiten hasi zen eta, azkenean,zer nahi zuen ulertu zioten".
Urtetik urtera geroz eta jende gehiago joaten da Tourra ikustera. Bost lagun hauei lehenengoz joango direnentzat aholkuak eskatu dizkiegu. "Oso garrantzitsua da mendatera azken momentuan ez joatea, bestela ez baita tokirik egoten. Ahal bada bezperan joan behar da. Bizia izan behar da tokia harrapatzeko, batez ere autokarabanaz bazoaz. Etapa bukatu ondoren ere bizi ibili behar da ahalik eta azkarren jaisteko eta hurrengo mendatera garaiz iristeko. Jaitsieran sekulako karabanak egoten dira. Behin Alpe d’Huez-en ez zen jendarmerik inon ageri: hasieran emakume bat ibili zen, umea besotan zuela, trafikoa zuzentzen eta berak utzi zuenean mozkor bat hasi zen!". Aholkuekin jarraituz, txirrindulariak errespetatzea ere oso garrantzitsua da. "Denok hemengo txirrindulariek irabaztea nahi dugu, baina kontuz ibili behar da eta ez zaie txirrindulariei bultza egin behar eskatzen ez badute".
Aurten ere bost lagun hauek Tourra ikusten izango dira, noski. "Aurten Alpeetara bakarrik joango gara. Sei egunetarako joango gara: etapa batzuk ikusiko ditugu, mendian ibiliko gara… Azken finean Tourra lagunarteko giroan egoteko aitzakia besterik ez da: kartetan jokatzen dugu bazkaria nork prestatu behar duen eta nork fregatu behar duen erabakitzeko, bizikletan bueltatxo bat ematen dugu, turismoa egiten dugu, karrera ikusten dugu, hurrengo mendatera irten… eguna berehala pasatzen da".
Bukatzeko, hainbeste urtetan Tourrean izan ondoren adituak izango direnez, aurtengo kiniela egiteko eskatu diegu. "Euskaldunen batek irabaztea nahiko genuke, baina segur aski Armstrong-ek irabaziko du. Dena den, honek ere urteren batean pintxatu beharko du. Aurten Mayo fuerte dabil, baina Tourra irabaztekoa beste kontu bat da".