Jonpol aski ezaguna da Urretxun, kalezalea delako, herriko saskibaloiaren alde lan handia egiten duelako eta, batez ere, herriko jai ezberdinen antolaketan inork gutxik bezala parte hartzen duelako.
Ikastola-Urmek taldean hasi zen saskibaloian jokatzen. Ondoren, Goierri taldean aritu zen. 22 urterekin jokatzeari utzi zionetik, entrenatzaile eta delegatu lanetan aritu da. “Herriko saskibaloiak garai hobeak ezagutu ditu, baina ondo gaudela esango nuke. Jokalariak baditugu, baina akaso entrenatzaile eta delegatu gehiago beharko genituzke”.
Aurten ere, urteroko moduan, Jonpol santanastasietako festa batzordean lanean aritu da. Badira jada 15 bat urte koadrilakoekin batera festa batzordean lan egiten hasi zela. “16 urterekin edo koadrilakoak festa batzordera joaten hasi ginen. Urte batean, karrozeroen artean giro oso ona zegoela eta, Euskal Jaia taldea sortzea erabaki genuen”. Ordutik, Euskal Jaia taldeak, Euskal Jai eguna antolatzeaz gain, beste hainbat ekimen ere aurrera atera ditu: “Urretxuar ibiltarien flaxa” diapositiba emanaldia, aurreko urteko Euskal Jai egunaren bideo emanaldia… Jonpolek dioenez, lehen baino askoz ere jende gutxiagok parte hartzen du festa batzordeko bileretan eta hori kezkatzekoa da. “Lehen 30 bat lagun agertzen ginen eta orain, berriz, askoz ere gutxiago. Kalean, berriz, denok ederki asko pasatzen dugu…”.
-Zer izan nahi zenuen umetan?
Realeko erdiko erdilaria, Satrustegi nire idoloa baitzen.
-Aisialdian zer egitea atsegin duzu?
Zinera joatea eta lagunekin ibiltzea.
-Bizitzeko toki bat?
Urretxu.
-Saskibaloi jokalari bat?
Joe Dummars.
-Entrenatzaile bat?
Chuck Daily eta Valentin Berriotxoa.
-Gustuko saskibaloi taldea?
Taugres eta Detroit Pistons.
-Taugres ala Reala?
Uf… bakoitza bere tokian.
-Zein duzu garagardorik gustukoena?
Erdinger, gariz egindako garagardoa.
-Urretxuko jaietan gustukoen duzun ekitaldia?
Ostiralean bizi den giroa atsegin dut, kalean nabari den festa usaina.
-Zer berrikuntza sartzea gustatuko litzaizuke?
Play-back-a eta desfile umoristikoa berreskuratzea gustatuko litzaidake.
-Ilehoriak ala beltzaranak?
Denak.
-Egindako azken oparia?
Kamiseta bat eta garagardo botila bat.
-Eta jasotakoa?
Garagardo pitxar bat.
-Data bat?
Urretxuko festak: sanjoanak, santanatasiak, sanmartinak…
-Neska eta mutil izen bana?
Ane eta Mikel.
-Zein egunkari irakurtzen duzu?
Eskutara datozkidanak.
-Gustuko telebista saioa?
Pelikulak.
-Bereziki gorroto duzuna?
Gran Hermano, Operación Triunfo…
-Liburu bat?
Ken Follet-en “Los pilares de la tierra”.
-Filme bat?
“Sin perdón”.
-Gustuko abestia?
Rantxeraren bat, adibidez.
-Soinu bat?
Bibolinarena.
-Usain bat?
Belarrarena, euria egin ondoren.
-Janari bat?
Txuleta.
-Ura ala…
Garagardoa.