Nolatan sortu zen proiektu hau?
Bidaietako marrazkiekin eskaini nuen erakusketa ikusi ondoren, nekazaritza batzordeko zinegotzi bati baserriak marraztearena otu zitzaion eta, dirudienez, udaletxean egitasmoa gustatu egin zitzaien. Baserriak marrazki bidez dokumentatzea erabaki bazuten formatu ezberdina, erromantikoagoa, emateagatik izango zen.
Nola lan egin duzu aurrera atera ahal izateko?
Banekien planoa erabiliz baserriak non zeuden ikasi beharko nuela. Izan ere, baserrietako batzuk ez nekien existitzen zirenik ere. Koadernoa eramaten nuen, baserria ikuspuntu guztietatik begiratzen nuen, gehien gustatzen zitzaidan ikuspuntua hautatzen nuen, arkatzez zirriborroa egiten nuen eta etxean azken lana egiten nuen lumaz eta A3 tamainan.
Ez genuen uste Zumarragan hainbeste baserri izango zirenik…
Eraikin zaharra zegoen tokian eraikitako baserri berriak ere marrazteko esan zidaten. Hauek jada ez dira baserriak, txaletak baizik. Izena galdu ez izana nahikoa da baserritzat hartuak izateko. Nire ustez Udalak ikuspuntu arkeologikotik heldu dio egitasmo honi.
Baserri guztiak berdin marraztu al dituzu?
Nire ustez, baserri gehienek ez dute interes handirik eraikin moduan. Hori dela eta, baserri asko inguruan kokatu ditut urrutitik margotuz, interesekoa zutena erakusten saiatu naiz… Baserri asko landaretzak inguratuta zeuden eta urrutira joan behar zenuen marraztera. Ikuspuntu hartatik ere baserria ez zen oso ondo ikusten, baina inguruan kokatzeko balio zuen behintzat. Marrazki askok ez dute interes handirik, ez baserriak eta ez bere inguruak ez baitzuten. Baserri batzuk erorita zeuden, baina egoera onean zeuden batzuk baino interesgarriagoak ziren. Interes erromantiko apur bat zuten. Izan ere, harria begi bistara atera gabe berritu diren baserriak zatarrenak dira. Garai batean baserriak harriz egiten ziren eta ondoren mortairua jarri zitzaien, baina orain politena mortairua kentzea eta harria begi bistan uztea da.
Dirudienez, hemen inguruko baserriak ez zaizkizu oso interesgarriak iruditzen…
66 baserritik 10 inguru dira interesgarriak nire ustez. Asko industri nabeak dira, baina funtsean baserria hori da. Dena den, batzuetan noblezi kutsua eman nahi zioten, bi edo hiru arku jartzeak bolumena ematen zien… Lleida eta Gironan masiek bi edo hiru bolumen dituzte eta horrek eraikina interesgarriagoa egiten du. Euskal Herrian apenas ematen da halakorik. Duela 150 urte inguru eranskinak egiten hasi ziren eta horrek bolumena eman zien baserriei. Hala ere, hemengo baserriak oso handiak direnez, gutxitan erantsi zaie ezer.
Baserri interesgarriak ere ikusiko zenituen, ala?
Baserriren batek egun ikusten ez den aurrealde zaharragoa du, Aizpuru baserriak hiru arku ditu, mutil batzuk Aitzabaso eraberritzen ari dira eta izaera eman diote… Mutil hauek Aitzabaso urdinez margotu dute. Erabaki eztabaidagarria da, baina eboluzioa ekar dezakeen eta baserri kontzeptua alda dezakeen ausarkeria da. Beige kolorea nazkagarria iruditzen zait jada, gehiegitan erabili baita.
Urtebete baserritik baserrira, pasadizorik ere izango duzu…
Behin Zumarragatik irten egin nintzen. Ezkioko baserri baten zirriborroa marraztu nuen eta etxera heldutakoan herritik atera nintzela konturatu nintzen. Paseoak izan dira, hain zuzen ere, egitasmo honen konturik interesgarrienetakoa: sekula izan gabe nintzen tokietan izan naiz, bide ederrak ezagutu ditut, bista ederrak ikusi ditut…
Hausnartzeko gonbitea
Koldo Cadierno ez da lanean hasi eta azalean gelditzen den horietakoa. Honela, baserriak direla eta ez direla, baserriari, euskal tradizioei eta euskal kulturari buruz luze eta zabal hausnartu du. Koldori bere lanak gai hauen guztien inguruko hausnarketa piztea gustatuko litzaioke.
Tradizioren eta eboluzioaren arteko eztabaida da Cadiernoren hausnarketaren oinarrizko puntua. "Zer komeni da iraunaraztea? zer berritzea? zer da iraultzailea? zer tradizionala? Apenas existitzen da iraultzailea den ezer, baserri kontuan ez da sikira eboluzioa existitzen ere. Garai jakinik gabeko sinbolo erromantikotzat hartzen dira, baina 600 urte besterik ez dituzte. Era honetako lanak enkargatzen direnean baserriaren irudi hau indartu nahi dela dirudi, baina zer da benetan baserria? zer suposatzen du instituzio gisa? bere garaia bukatzen ari dela dirudi, zer dakar horrek?".
Koldori norbaitek gai honetan sakontzea gustatuko litzaioke. "Nik marrazkiak egin ditut, baina ondo egongo litzateke norbaitek azterketaren bat egitea. Ez baserrien historiari buruz, baizik eta planteamendu kritiko batekin: sinboloek herri batentzat suposatzen dutena, abertzaletasunarentzat sinboloei hainbesteko garrantzia emateak suposatzen duena… sinboloei garrantzia emateak aurrera egitea oztopatzen du. Argitalpen gehienetan ez da benetako kritika ikusten. Ez da eztabaida sortzeko haina sakontzen eta eztabaida egotea oso interesgarria da jendeak gauzak birplanteatu ditzan".
Koldoren ustez, baserri kontuan birplanteatu beharreko kontuetako bat teilatuarena da. "Bi aldetako teilatua sinboloa da. Bi aldeko teilatua egiteko eta etxea kolore argiz margotzeko asmorik ez baduzu Udalak ez dizu etxerik egiten utziko. Horrek ez du inongo oinarririk, baserria sortu aurretik bi aldeko teilaturik ez zuten euskal eraikinak existitzen baitziren. Jendea euskal kulturaren inguruko beste eztabaida batzuk piztuko lituzketen honelako eztabaidetan murgiltzea gustatuko litzaidake".
Euskal kultura usadioei gehiegizko garrantzia emanez defendatzen omen da. "Badirudi euskal ohitura guztiak interesgarriak direla, baina iraultzailea eta aldi berean tradiziozalea izaten jakin behar da. Interesgarriak diren usadioak eta ohiturak mantentzen eta aurrera egiteko interesgarriak ez direnak hausten jakin behar da".