Miguel Angel ez zen txapeldun handia izateko asmoz hasi kirolean, aisialdi denboran zerbait egiteko asmoz baizik. "1989an hasi nintzen boccian jokatzen, Gipuzkoan Dordoka taldea sortu zenean. Ordurako 29 urte nituen eta nire asmoa ez zen txapelketetara joatea, gauza berri bat frogatzea baizik".
Izan ere, Miguel Angelek beti ahalik eta jarduera gehienetan parte hartu du eta gizartean integratzeko ahalegin handiak egin ditu. "9:00etatik 17:00etara ASPACEN lan egiten izaten nintzen, baina arratsaldean ez nuen zeregin handirik. Betidanik ahalik eta talde gehienetan parte hartzen saiatu naizenez, kirolean are aritzea erabaki nuen. Anaitasun taldean, EILUZen… ere parte hartzen dut".
Imanol Garrok, eskualdeko ASPACEko arduradunak dionez, Miguel Angelen kide askok aisialdian zer edo zer egiteko arazo handiagoak izaten dituzte. "Miguel Angelek bere aldetik asko jartzen du eta, gainera, gauza ezberdinak egiteko ahalmen handiagoak ditu. Laguntza gehiago behar dutenek arazo gehiago dituzte eta kirolean aritzea oso onuragarria zaie".
Imanol bera izan zen Miguel Angelen lehen entrenatzailea. "Dordoka taldearen lehen fasean ez zeuden egun bezainbeste bolondres. Hori dela eta, ASPACEko profesionalak izan ginen lehen entrenatzaileak edo laguntzaileak".
Ordutik, Miguel Angelek makina bat txapelketetan parte hartu du. Hauen artean garrantzitsuena Atlantako paraolinpidada izan da. "Aurreko urtean Sidneyko munduko txapelketan izan nintzenez, ez nintzen konturatzen paraolinpiada batean parte hartzea zein garrantzitsua den. Gerora konturatu naiz kirolari batentzat lehiaketa gorena dela. Oso esperientzia polita izan zen. Mundu osoko 100dik gorako herrialdeetako 5.000 kirolarik parte hartu genuen".
Munduan zehar ibili arren, Miguel Angelek ez du turismoa egiteko aukera handirik izan. "Gehienetan finaletara heltzen zenez, aireportuak eta kiroldegiak ezagutzeko aukera besterik ez zuen", dio Imanolek. "Kiroldegietan ordu asko ematen nituen. Partida ia guztiak ikusten nituen, arerioek nola jokatzen zuten ikusteko eta beraien aurka zein estrategia erabili erabakitzeko".
Imanolek dionez, Miguel Angelek buru belarri prestatzen ditu entrenamenduak eta partidak. "Miguel Angel, oso pertsona zentzuduna izateaz gain, irmoa, langilea eta arduratsua da lantzen dituen alor guztietan. Dohain fisikoak izateagatik baino, hauengatik guztiengatik heldu da dagoen tokira. Entrenatzaileak izan dituen arren, teknika, estrategia… hobetzeko asmoz berak kontrolatzen zituen bere entrenamenduak, ordenadorean entrenamenduetako datuak sartuz".
Miguel Angelek profesionalek adinako ardura eskaini dio boccia jokoari, baina truke ere zer edo zer jasoko zuen… "Jokoan hobetzeko egin dudan ahaleginari esker, dudan onena atera ahal izan dut. Lan honi esker zazpi aldiz heldu naiz Espainiako Txapelketako finalera. Final gehienetan parte hartu duena naizela uste dut".
Behin palmares bikain hau lortuta, hamalau urte ostean, Miguel Angelek lehiatzeari uztea erabaki du eta entrenatzaile lanetan hasi da. "Jada ez naiz garai batekoa. Asko entrenatu arren, jada ez nuen nire burua seguru ikusten txapelketetan. Hori dela eta, astean hiru egunetan Lizeo azpian Urretxuko ASPACE zentroko lau lagun entrenatzen hasi naiz. Entrenatzaile lana erronka da niretzat, jendeari irakasten ikasi beharra baitut. Entrenatzeko bolondresen laguntza behar dugu. Beraz, norbaitek laguntzeko asmoa badu, ASPACEko egoitzatik pasa dadila. Bestalde, jendea kirola egitera animatu nahi nuke, aisialdi denbora betetzeko eta lagunak egiteko oso ona baita. Gainera, orduak eta orduak entrenatuz gero, ni bezala, urrutira hel daiteke. Zerbait nahi badute, saia daitezela beldurrik gabe".
Bere kemenari esker Miguel Angelek kirolean eta gizartean bidea irekitzea lortu du. Berari eta berak adinako adorea izan dutenei esker gizartea gero eta sentsibilizatuagoa dago. "Alde batetik bestera ibiliz, jendeak minusbaliotasunaren gainetik pertsona ikustea lortu dugu. Aulki elektrikoa oso lagungarria izan zaigu, jada ez baitugu inor atzetik eraman behar". Imanol Miguel Angelekin bat dator. "Geroz eta gizarteko esparru gehiagotan presentzia lortzea oso garrantzitsua da. Honela jendeak gauzak egiteko gai direla ikusten du eta harremana sortzen da".
Dena den, Miguel Angelek zenbait jenderen jokaerak mindu egiten duela aitortu digu. "Batzuek gurpildun aulkian noalako haurra izango banintz bezala hitz egiten didate eta 42 urte ditut jada. Beste askok agurtu eta nik ezer esan aurretik alde egiten dute. Jendeari beldurrik gabe gugana berdinetik berdinera hurbiltzeko esango nioke. Esandakoa ulertu arte behar adina aldiz errepikatzeko prest gaude". Imanolek Miguel Angelen eskaera ez dela betetzen erraza onartzen du. "Guztiontzat da zaila harremana hastea baina, askotan ulertzen ez zaien arren, ahalegina egin behar da. Garun elbarrituek ere badakite aurrean dagoen eta ulertzen ez dien hori oso gaizki pasatzen ari dela, baina ohitzen zoazen heinean hesia hautsi egiten da. Beldurra galdu eta pazientzia pittin bat izan behar da".
Oraindik integrazio mailan lan handia lan handia dagoen arren egiteke, Miguel Angelek bidea ireki eta onespena lortu du gure bi herriotan. Bere lanari esker ondo merezitako hainbat omenaldi jaso ditu. 1996an, Atlantako olinpiaden ostean, bi omenaldi jaso zituen: bata Iñaki Urdangarini eta berari eskaini zitzaien Zumarragan eta bestea Santi Perez Diego Garzia zenaren entrenatzailearekin batera jaso zuen Urretxun. Azken omenaldia aipatutako irailaren 28koa izan zen. "Omenaldiek asko hunkitu naute, baina ez dut uste egindakoak hainbeste omenaldi merezi dituenik. Urte hauetan guztietan lagundu nautenei eskerrak eman nahi dizkiet: Dordoka taldeari, entrenatzaileei eta ASPACEkoei eta familiari, zerbait egin edo nonbaitera joan nahi izan dudan bakoitzean erraztasun guztiak eskaini baitizkidate. Urretxuko Udalari ere eskerrak eman nahi dizkiot, hasieratik Dordoka taldeari lagundu baitio".