Egoera hobe hau lortzeko, Joxek eta EILUZ elkarteko kideek gogor lan egin dute. “Hainbeste oztoporekin kaka eginda geundela ikusi eta lanean hasi ginen. Horretarako, duela 10 bat urte, EILUZ sortu genuen”.
-Zer izan nahi zenuen umetan?
Gure belaunaldiko gehienek bezala, futbolaria.
-Aisialdian zer egitea atsegin duzu?
Saskibaloia ikustea, zinera joatea eta, zertarako gezurrik esan, poteatzea.
-Bizitzeko toki bat?
Zumarraga edo Urretxu, berak.
-Itogin asko eta iturgin gutxi Euskal Herrian?
Itoginak aspaldikoak dira, beraz iturgin kaxkarrak daudela esan beharko dugu.
-Nori egingo zenioke gustura xake-mate?
Espainiari.
-Gustuko saskibaloi taldea?
Tau. Azken 6-7 urteetan bazkidea naiz, gainera.
-Gustuko saskibaloi jokalaria?
Nocioni. Garai batekoen artean, berriz, “Nacho” Solozabal, Delivasic…
-Goierri taldean ikusi duzun jokalaririk onena?
Aztiria, Demi, Joni, Usabiaga, Galdona, Huts-eko Rober eta Jorge… Onena, Joxe Murua izango zen. Goierrin aritu ondoren, Gasteizko Kas taldean jokatu zuen.
-Zure bizitzako saskiraketa onena? Egin duzun faltarik larriena?
Ez dut ez saskiraketa ez falta bereziki garrantzitsurik gogoratzen. Saskiraketa on asko egin ditudala eta falta bereziki larririk ez dudala egin pentsatu beharko dut.
-Ilehoriak ala beltzaranak?
Bai horiek eta baita ilegorriak ere.
-Egindako azken oparia?
DVD bat.
-Eta jasotakoa?
Atzo bertan nire urtebetetze eguna izan zen eta puroak ondo mantentzeko kaxa bat oparitu zidaten.
-Data bat?
Jaio nintzeneko eguna.
-Neska eta mutil izen bana?
Ilobenak: Eki eta Beñat eta Irati eta Kattalin.
-Zein egunkari irakurtzen duzu?
Normalean Gara eta batzuetan Berria eta kiroletakoren bat ere bai.
-Gustuko telebista saioa?
Pelikulak ikusten ditut gehienbat. Naturari buruzko saioak ere atsegin ditut.
-Bereziki gorroto duzuna?
“Gran Hermano”, “Operación Triunfo”, “Basetxea” eta antzerakoak. Telenobelak ere ez ditut atsegin.
-Liburu bat?
“Kutsidazu bidea, Ixabel”. Bi aldiz irakurri dudan liburu bakarra izango da.
-Filme bat?
“La vida de Brian”. Realak lehen liga irabazi zuenean ikusi nuen. Ez nuen uste Realak liga irabaziko zuenik eta apustu piloa galdu nituen. Umore txarrez pelikula ikustera joan eta… gainera, azpititulatua! Azkenean sekulako parreak bota nituen.
-Gustuko abestia?
Talde asko gustatzen zaizkit. Abestiren bat aukeratzekotan, “Xalbadorren heriotza” Erramun Martikorenak kantatua.
-Soinu bat?
Gitarrarena.
-Usain bat?
Baserrietako usaina.
-Janari bat?
Dena gustatzen zait. Beharra baino, jatea bizio hutsa bihurtu da niretzat.
-Ura ala…
Momentuan momentukoa: ura, ardoa, sagardoa…