Zer ote nahi zuen gugandik horren pertsonaia handiak? Baltasarrek, gure aldizkariaren bitartez, Urretxu eta Zumarragara etortzen den bakoitzean laguntzen dioten Zumardi elkarteko kideei esker ona adierazi nahi ziela esan zigun. Otamotzekook, baietz, bere mezua zabalduko genuela, baina horren truke galdera batzuk erantzuteko eskatu genion. Izan ere, halako aukera pasatzen utziko bagenu, garena baino kazetari kaxkarragoak izango ginateke! Baltasarrek pazientzia handiz eta umore handiz erantzun zituen gure galdera xelebre guztiak. Elkarrizketa bukatu ondoren, aurten ere osasuna eta lana oparituko digula esan zigun. Osasun ona beharko dugu, bai, hainbeste lan egiteko!
-Zer izan nahi zenuen umetan?
Txikitatik oso argi nuen zer izan nahi nuen: umeen laguna.
-Errege magoa ez bazina, zer gustatuko litzaizuke izatea?
Sendagilea, munduan mediku faltan dauden haur asko baitaude zoritxarrez.
-Gabonetatik kanpo, zer egiten duzu?
Gabonetarako prestatu. Izan ere, urte osoa behar da haur guztientzat behar adina opari biltzeko.
-Urretxu eta Zumarragako neska-mutikoak ondo portatu al dira aurten?
Haur guztiak oso ondo portatzen dira beti. Arazoak handitzen direnean heltzen dira.
-Zapata zikinak uzten dituzten haurrei oparirik egiten al diezu?
Bai, baina notatxo bat uzten diet hurrengo urtean garbi utzi ditzaten eskatuz.
-Zein da gehien eskatu duten oparia?
Realaren jantzia, iazko denboraldian oso ondo aritu baitzen.
-Ba al dago sekula lortzerik izan ez duzun oparirik?
Urte batean patineteak bukatu egin ziren eta arazoak izan genituen.
-Zer esaten dizute haurrek aurrez aurre dituzunean?
Ez dute ia ezer esaten, zirrara handia egiten baitie ni ikusteak. Haurren aurpegia ikusteak urte osoko lana merezi du. Zoragarria da.
-Zer mokadu nahi duzu haurrek uztea?
Txanpaina oso gustura hartzen dut, batez ere fresko-freskoa badago.
-Asko aldatu al dira haurrak?
Umeak beti ume izango dira.
-Zer da mirra?
Niri intsentsua eramatea suertatzen zaidanez, egia esan, nik ere ez dakit mirra zer den.
-Behorrean ala zaldian joaten zara?
Duela gutxira arte behorra nuen eta orain, berriz, zaldia. “Txuri” du izena.
-Beltz batzuek arazoak izaten dituzte herrialde batetik bestera joateko, zuk ere bai?
Euskal Herrian sartzeko sekula ez dut arazorik izan.
-Olentzero ezagutzen al duzue?
Bai, oso harreman ona dugu berarekin. Noizean behin berarekin afaritxoren bat egiten dugu Euskal Herriko berri izateko.
-Norekin konpontzen zara hobe, Meltxorrekin ala Gasparrekin?
Biekin ondo konpontzen naiz, ez dugu inongo arazorik.
-Azkenaldian beste Baltasar bat, Garzon alegia, zu baino ezagunagoa egin da… Ez da, gainera, urtean behin soilik azaltzen…
Horri ikatza eramaten diot, nire izen bera duen arren. Mundua hobe joango litzateke ni egunero eta hura urtean behin soilik azalduko balitz…
-Erregea bai, baina monarkikoa al zara?
Ez gaude bestelako erregeen kontra, baina gure antza handiagoa izan beharko luketela uste dugu.
-Zer iruditzen zaizu Espainiako printzearen ezkontzak sortu duen zalaparta?
Ez gara horrelakoez enteratzen eta ez dut uste bere ezkontzara gonbidatu gaituztenik.
-Bukatzeko, emazterik ba al duzue?
Ez dugu emazterik eta ez dut uste izango dugunik. Izan ere, ez dut uste inork 2000 urtetik gora duen batekin ezkondu nahiko duenik.