Mari Jose Bermejok urte asko daramatza lan honetan eta, dagoeneko, guztiok errespetatzen dugu bere lan iharduera. Baina, hasieran, beretzat ere ez zen batere erraza izan klaribidentzia izena duen dohain berezi hori zuela onartzea. "Hasiera batean, arrotza egiten zitzaidan mundu hau, nik ere ez nekien zer zen gertatzen zitzaidana. Urte haietan herrian ez zen gai hauei buruz hitz egiten eta zerbait gertatu behar zela ikusten banuen ere, ez nion inori esaten bada-ezpada. Baina, nire lehen haurra izan eta hil egin behar zitzaidala aurrikusi nuenean, benetan konsziente izan nintzen. Orduan ere ez nekien zer zen, baina argi nuen zerbait bazegoela. Arazoa, orduan, besteei esatea zen".
Hala ere, bere dohaina lantzen hasi zen eta pixkanaka demostratzen ere joan zen, ikusten zuen hura egia zela. "Orduan jada, zientzia ezkutuei buruz gehiago hitz egiten hasi arren, jendeak ez zuen erraz onartu horrelako pertsona bat herrian bertan izatea. Zientzia ezkutuen mundu hau sorginkeriarekin erlazionatu izan da, baina beti existitu diren kontuak dira, esate baterako, akelarreak. Gainera, gurea bezalako herri txikietan zailagoa da jendeak gai hauetan sinestea eta une askotan baztertua sentitu nintzen". Hala ere, berak argi izan du betidanik mundu guztiak ez duela honetan sinestu behar eta aukera hau ere errespetatu egiten du.
Nahiz eta hasiera batean bere dohain hau demostratu beharra izan bazuen ere, laster lortu zuen herritarren onespena desagertutako pertsonen kasuetan. Izan ere, jendea beregana joaten hasi zen laguntza eske eta berak ikusten zuenaren arabera, desagertuak zeuden inguruetara hurbildu eta egoerara egokitzen zen. "Pertsona horiek ondo ala gaizki, hilik edo bizirik, zeuden ere ikusten hasi nintzen. Orduan ni ere larritu egin nintzen. Izan ere, kasu hauek askoz serioagoak eta konplexuagoak ziren. Baina argi dut lan guztiek eskatzen dutela ardura minimo bat eta kasu batekin konprometituz gero, bukaeraraino lan egin behar dela".
Kasu hauetako bat bereziki gogoratzen du, "izan ere, herriko mutil baten desagerketari buruzkoa zen, Iñaki. Orduan bi herrien babesa jaso nuen eta emozio handiz gogoratzen dut, zoragarria". Mari Joserentzat herriko kasuek lehentasuna dute besteekiko, "herria, herria delako".
Aipatu bezala, dagoeneko herritarren onespena lortu badu ere, jendeak beste aukera guztiak agortu dituenean jotzen du berarengana eta ordurako, denbora dezente igaro da. Zer egiten du norbaitek berarengana jotzen duenean? "Pertsona horri gertatu zaiona ikusten dut eta horretara mugatzen naiz. Esaterako norbait hilik dagoela ikusten badut, ez dut nork edo zergatik hil duen argitzen. Hori ez baita nire lana". Mari Josek aitortzen du, noizbait erratu daitekeela, pertsona orok egiten dugun eran.
Bere kontsultara joaten den jendeak era askotako arazoak ditu: osasuna, amodio kontuak, ikasleen kasuan azterketak… "Askotan psikologo lana egin beharra ere izaten dut aholkuak emanez. Hori dela eta jendearekin harreman ona dut eta herrian maitatua sentitzen naiz. Bai herrian baita herritik kanpo ere. Harro nago egiten dudan lanarekin, baina hala ere, batzuetan nahiagoko nuke jendeak bat gehiago bezala tratatzea".
Zaila da, ordea, jendeak Mari Joserengana besteengana moduan jotzea; bere dohaina ez baita batere arrunta. Atzerrian ere bere dohainaren berri izan dute eta Euskal Herritik kanpo lan garrantzitsuak egin izan ditu. Jende benetan garrantzitsua joan da berarengana, baina argi du inoiz ez duela izenik emango eta denak berdin tratatzen ditu. "Kasuak kontatzen ditut, izenak ordea ez". Honek guztiak ospea eman dio eta telebistako programa batzuetara joan den arren, beste eskaintza asko baztertu egin ditu. "Orain dela gutxi Antena 3 katetik deitu zidaten baina ez nuen joan nahi izan, nahiago baitut lasai egon".
Halako igarle estimatuarekin izan eta datorren urtea zer nolakoa izan behar den ez galdetzea barkaezina litzateke… Mari Josek denetarik egongo dela esan zigun. Herriko gazteria goraipatu zuen, arduratsua eta sanoa bezala definitu zuen gainera: "gazteria dagoen lekuan herriak etorkizun oparoa izango du". Honez gain, Errealari buruz ere galdetu genion. Oso mutil guapoak direla eta nahiz eta orain ez dabilen oso ondo, negu partean golak etorriko direla esan zigun. "Baikorrak izan behar dugu eta ez da esperantza galdu behar", da Mari Joseren mezu nagusia.