Xabier Ormazabalek “Elurretako gepardoa”-ren titulua lortzeko duen proiektua aurkeztu zuen, Aconcagua-ra hegoaldeko paretatik igoera bat eta Shisa Pagmara joateko ametsarekin bat, eta espero zuenaren kontra, bere proiektua izan da aurtengo bekarekin saritua. Bere hitzetan, “proiektua ilusio osoz aurkeztu nuen, baina Euskal Herrian arlo honetan dagoen maila handia dela eta, ez nuen inolaz ere saritua ni izatea espero”. Saria, proiektuaren originaltasunari zor diola dio, eta azken urteetan eman duen progresio handiari, zeinek jada bere lehen 8.000koari begira jarri duen.
“Elurretako geopardoa”, Sobiet Batasun zaharreko bost gailur altuenak igotzen dituenari ezartzen zaion titulua da. Xabierrek dagoeneko bost gailur hauetatik hiru igoak ditu, Khan Tengri, Komunismo eta Pobeda, eta beka honek luzatzen dion dirulaguntzari esker hurrengo urtean jada ekin ahal izango die geratzen zaizkion bi gailurrei, Lenin (7.134) eta Korgenevskaya (7.105), hain zuzen.
Aipatzekoa da, gauzak doazen bidetik jarraituz gero, Xabier titulu hau jasotzen duen lehen euskaldunean bilakatuko zela, eta datu bezala esan daiteke ere, nahiz eta Chus Lago mendizale galiziarra bere horretan den, Espainiar estatuan oraindik ere ez dagoela 5 gailurrok igo eta tituluarekin egin den mendizalerik. Hala ere, “hori ez da helburua, ez da karrera bat” dio, titulu hau jasotzean duen lehen euskalduna izateak ilusioa egingo liokeela, baina helburu nagusia falta zitzaizkion bi gailurrak igotzea dela eta hori ez dela erraza izango. Ildo horretan, sari hau berari egokitu izana, bera eta bere proiektuarengan konfiantza dagoenaren erakusle dela uste du, eta horrek aurrera jarraitzeko indarra ematen dio.
Esan bezala, azken bi tontorren igoerari hurrengo urtean ekingo die; Lenini lehenik, eta Korgenevskayari hurrenik, biak ere hilabete bateko tartearekin. Bai lehena eta bai bigarrena Pamir mendilerroan kokatzen dira, 100 kilometrotako distantziara, baina batetik bestera joateko denbora behar da, egin beharreko bidea malkartsua baita.
Behin helburu nagusia lortuta eta titulua poltsikoan izatean, proiektuaren bigarren zatian pentsatzen hasiko dela dio, hau da, Akonkaguaren hegoaldeko paretan, eta Shisa Pagmara igoeran. Lehena “disfrutatzeko” igoera bezala definitu du, eta bigarrena “amets” legez, baina argi dagoena da horrela jarraituz gero ametsak errealitate bihurtzeko aukera guztiak dituela. Asko izan dira Xabierrek eta irteera ezberdinetan lagundu diotenek jasandako gorabeherak (gorpu baten erreskatea ere aipa daiteke hauen artean), baina badirudi ez dagoela geldituko dituenik. Pirinioetatik Alpeetara, eta hauetatik Pamirrera izan ziren lehen bi salto nagusiak, eta hurrengoa jada Himalayako zortzimilako altuetan kokatzen da, han, non izarrak eskuekin uki daitezkeela dirudien. Ea zortea lagun duten, eta proiektua inolako ezbeharrik gabe gauzatu ahal duten.