Ez nafarreraz, ez gipuzkeraz, garai haietako gainontzekoek bezala, gazteleraz ikasi behar izan zuen egungo Kutxa gaineko mojen eskolan. “14 urterekin eskola bukatu eta beste urtebete eman nuen bertan kontabilitatea, mekanografia… ikasten. Josten ere ikasi nuen, baina Badiolan hasi nintzen lanean”.
Mari Carmen herrian zer edo zergatik ezaguna bada, beste hainbat lagunekin batera Zumarragako parrokian egiten duen lanagatik da. Duela 19 urte, katekistak behar zituztela eta, hasi nintzen. Sartzen joaten zara, gustatu egiten zaizu… eta ordutik parrokian lanean nabil”. Katekista lanean ez ezik, misio eta aisialdi taldeetan ere aritzen da. “Jaunartzea egiten zutenetik sendotza garaia iritsi bitartean hutsune handia zegoela ikusi genuen eta begirale gazteak prestatzen hasi ginen. Gazteek gauza asko dituzte egiteko, baina hala ere azaltzen dira eta nahiko inplikatzen dira. Euren denbora besteei laguntzeko eman behar dutela kontzientziatu nahi ditugu eta nahiko ondo erantzuten dute”.
-Zer izan nahi zenuen umetan?
Erizaina. 17 urte inguru nituela, seglar moduan misiolari joateko tentazioa ere izan nuen.
-Aisialdian zer egitea atsegin duzu?
Lasai egotea, irakurtzea, pasiatzea…
-Bizitzeko toki bat?
Itsaso ondoan. Urari errespetu handia diot, baina itsasotik gertu egotea gustatzen zait. Oporretan joatearekin konformatu beharko naiz…
-Urdiaingo txistorra ala Zumarragako buzkantza?
Biak gustatzen zaizkit, baina hemengo buzkantza gehiago.
-Lehengo haurrak ala oraingoak?
Haurrak aldatu egin dira. Errespetu gutxiago dutela esaten dugu, baina guk egin ditugu halakoak.
-Nora joango zinateke misiolari?
Hizkuntza ulertuko nukeen tokiren batera, Hegoamerika edo Ertamerikara.
-Urretxuar eta zumarragarrak solidarioak garela uste al duzu?
Baietz esango nuke. Deia egitea besterik ez dute behar, gero berehala eta ondo erantzuten dute.
-Ilehoriak ala beltzaranak?
Ilehoriak.
-Egindako azken oparia?
Kamiseta bat.
-Eta jasotakoa?
Kolonia.
-Data bat?
Nire seme-alaben jaiotze egunak.
-Neska eta mutil izen bana?
Mikel eta Nerea. Alaba zaharrarena ez dut esango, berari ez zaio asko gustatzen eta…
-Zein egunkari irakurtzen duzu?
El Diario Vasco.
-Gustuko telebista saioa?
Pelikulak, dokumental batzuk…
-Bereziki gorroto duzuna?
Oilategi baten antza hartzen duten eztabaida saioak. Normalean, denek gure herriarekin sartzen bukatzen dute.
-Liburu bat?
José Luis Sampedroren “La sonrisa etrusca”.
-Filme bat?
“Mi gran boda griega”.
-Gustuko abestia?
George Moustakiren edozein. Abeslari hau txikitatik gustatzen zait.
-Soinu bat?
Errekako urak erortzen denean ateratzen duena.
-Usain bat?
San Joan eguna aldera mozten duten belarrak lehortzen hasten denean duen usaina.
-Janari bat?
Janari batzuk besteak baino gehiago atsegin ditut, baina guztiak gustatzen zaizkit.
-Ura ala…
Sagardoa ere bai.