Nerea telebistan botatzen dituzten pilota partiden bidez zaletu zen. Egun, pilotazale amorratua da eta egunero joaten da Ederrenara jokatzera. "Ederrenan 8 urterekin edo hasi nintzen, baina lehenago aitarekin jokatzen nuen. Zaletasuna nuenez, jokatzera joateko esaten nion. Ederrenan hasi nintzenean bi ahizpa eta nire lagun bat ere aritzen ziren eta Gabon Kopa batean binakako partida jokatu genuen laurok. Dena den, ni naiz lauotatik jarraitzen duen bakarra. Gainontzekoak beste kirol batzuk egiten jarraitu dute".
Berarekin jokatzen zutenek utzi badute ere, Nerea oso gustura aritzen da. "Oso giro ona dago. Nire adineko mutilekin jokatzen dut eta ondo moldatzen naiz. Dena den, pilotan jokatzen jarraitzeko asmoa dudan arren, gero futbolera pasako naizela uste dut. Izan ere, nire adineko mutilek aurki gorputza hartuko dute eta zaila izango da beraien aurka aritzea".
Orain bera baino gazteagoak diren bi neska ere pilotan hasi dira, baina Nereak bere adineko neskak beharko lituzke. "Nirekin jokatzeko gaztetxoak dira. Beraiekin batera, neska gehiago joatea komeniko litzateke niri gertatu zaidana ez gertatzeko. Herriko neskak pilotan jokatzera animatu nahi nituzke, oso giro ona baitago eta ondo hartuko baitituzte. Ez dezatela kirol gogorra dela pentsatu, neskek ere jokatzeko modukoa da eta".
Neska pilotari gabezia hau dela eta, Nerea mutilekin lehiatzen da txapelketetan. "Herriko zein herritik kanpoko txapelketetan jokatzen dut mutilen aurka eta ondo moldatzen naiz. Atzelaria naiz eta batez ere binaka aritzen naiz. Duela gutxi, Albisturreko txapelketan, Amezketako mutil batekin batera, txapela irabazi nuen".
Gipuzkoa mailako txapelketetan ere, Nereak ez du neskekin edo nesken aurka aritzerik izan. "Azpeiti edo Azkoitian ondo jokatzen zuen 16 urteko neska bat zegoela esan zidaten, baina ez dut sekula berarekin topo egin".
Neska bat pilotan jokatzen ikustea zoritxarrez arraroa den arren, Nereak ez du sekula inork gaizki begiratu dionik sentitu. "Oso ondo tratatzen naute. Dena den, tabernara joaten diren askok nigan arreta berezia jartzen dute eta lotsa hNereaandia ematen dit. Mutilak bezain oharkabeko pasatzea gustatuko litzaidakeen arren, poteatzaileekin ondo eramaten naiz. Pilota ondo jotzen dudala eta horrela jarraitzeko esaten didate".
Dena den, aipatu bezala, Nereak ez du uste luzaroan pilotan jokatzen jarraitzerik izango duenik. "Eskola kirolean, futbolean ere aritzen naiz eta kirol hau nesken artean askoz ere zabalduagoa dago. Futbolean luzaroan jokatzeko asmoa dut. Dagoeneko Urolan jokatzea proposatu didate, baina pilota nahiago dudanez ezezkoa eman nien. Hemendik urte pare batera, ordea, pilota utzi eta futbolean bakarrik arituko naiz".