Zer dela eta prestatu duzue bazkide kanpaina?
ZINTZO-MINTZOk, egungo eta etorkizunean izango dituen erronkei aurre egin ahal izateko, elkartea sendotu beharra ikusi du. Urretxu eta Zumarragan euskararen garapena bultzatzeko, proiektuak eratzeko eta erakundeek normalizazioaren aldeko pausu eraginkorrak eman ditzaten eragiteko, ezinbestekoa da parte hartzea, ezinbestekoa da diruz eta lanaren bidez parte hartuko duten bazkideak lortzea.
Zeintzuk dira ZINTZO-MINTZOren erronkak?
Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiari ahalik eta ekarpen gehien egin nahi dizkiogu, herriko telebista euskaraz izan dadin lortu nahi dugu eta beranduen 2005eko hasieran kaleratuko den Goierriko Hitzari, Goierri eskualdeko egunkariari, lehen bultzada eman. Eskualdeko egunkari honen zutabe nagusiak Berria, Goierritarra eta ZINTZO-MINTZOk argitaratzen duen OTAMOTZizango diren arren, guztion babesa eta laguntza beharko da horren proiektu garrantzitsua aurrera ateratzeko. Bestalde, aurten, azken bi urteotan zehar eginiko Urretxu eta Zumarragako hizkerari buruzko lana liburu eta CD batez kaleratuko ditugu.
ZINTZO-MINTZOk dagoeneko ezagunak diren beste hainbat egitasmo ere baditu eskuartean. Elkartea sendotzeak horiek ere sendotzea suposatuko du.
Hala da. Gure asmoa Gaztetxoen Bertso Eskola, Gazte Lokala eta OTAMOTZbera indartzea da. Gazte Lokalak 100 bazkide inguru eta 12 begirale ditu dagoeneko, OTAMOTZ2.000 etxetara bidaltzen da eta aurki 100. alea aterako da… baina gehiago nahi dugu. Bestalde, ez dut jaietan antolatzen ditugun ekitaldiez ahaztu nahi: Zumarragako jaietan, Kmk 2002k eta Egunkariaren aldeko batzordeak utzitako lekukoa hartu eta, hiru edo lau egunetan zehar, euskara hutsezko hainbat ekitaldi antolatuko ditugu eta Urretxuko jaietan, betiko moduan, euskararen aldeko kandela piztea eta Kantu Afaria.
Zenbat bazkide lortu nahi dituzue?
Ahalik eta bazkide gehien lortu nahi ditugu, baina kanpainari "500 baietz!" izena jarri diogu. Egun 294 bazkide garenez gero, beste berrehun pasatxo lortu nahi ditugu gutxienez. Otamotzek 2.000 harpidedun dituenez, 500 bazkide izatea nahikoa helburu errealista iruditzen zaigu. Jende gaztearekin ahalegin berezia egin nahi dugu, etorkizunean lekukoa hartu beharko dutenak eurak baitira.
Nola lan egin behar duzu?
Kanpainak, hasiera batean, hiru hilabeteko iraupena izango du. Hasteko, OTAMOTZaldizkariko harpidedunen artean ezagunak eta gure ustez bazkide izateko asmoa izan dezaketenak aukeratu ditugu (265 bat). Hauei guztiei gutun bana bidaliko diegu eta, ondoren, banan-banan telefonoz deituko diegu gure asmoen berri emateko. Aste Santu ondoren, gainontzeko harpidedunei bidaliko diegu gutuna.
Zer eskaini behar diezu?
Lehenik eta behin ZINTZO-MINTZOko bazkide egitea eskainiko diegu. Lanean ari direnen bazkidetza kuota 25 eurokoa da eta jubilatuena eta lanik gabe daudenena, berriz, 6 eurokoa (garrantzitsua da, etorkizunari begira, haurrak ere bazkide egitea). Bazkide egiteko asmorik ez duten Otamotzeko harpidedunei, 12 euroko borondatezko dirulaguntza ematea eskainiko zaie. Kontuan hartu behar da Otamotzen kostua aleko 1,73 eurokoa dela.
Anima ezazu jendea bazkide egitera.
ZINTZO-MINTZOko bazkide izatea euskararen erabileraren normalizazioaren aldeko proiektu serio baten partaide izatea da. Herria euskalduntzeko eta euskal giroa sortzeko, komunikabide euskaldunak, euskal giroko ekitaldiak… eta hauei guztiei babesa ematen edo antolatzen lan egingo duen jendea ezinbestekoak dira.