Urretxu-Zumarragako kultur arloan parte hartzen duen jendearen lauzpabost izen bota behar izanez gero, kiniela gehienetan Gorka jarriko genuke. Izan ere, bertsolaria, dantzaria eta musikaria dugu, besteak beste. “Txikitan gehienok gauza askotan hasten gara eta nik ere hala egin nuen. Normalena zer edo zer uztea izango litzateke, baina ez uzteagatik ezer jarraitu egin nuen eta denetan gustura nabil”.
Hala ere, bertsolari paperean dugu ezaguna batez ere Gorka. Hainbat txapelketa eta saiotan parte hartzeaz gain, beste batzuekin batera, gure bi herriotan bertsozaletasuna suspertzeko lan itzela egiten ari da. Dena den, “talde guztietan tokatzen da zer edo zer egitea. Ez da hara joan eta oboea jotzea bakarrik, talde bakoitzak urtean zehar bere uneak ditu”.
Gorkak herriko kultur taldeen egoera ona dela uste du, baina… “Une honetan ez dut ikusten guk uzten dugunean ardura hartuko duenik. Gizartea aldatzen ari da eta jende gazteari dena eginda eman behar zaiola dirudi. Ez dago iniziatibarik”.
-Zer izan nahi zenuen umetan?
Ez nuen horretan pentsatzen. Ez dut ezer izan nahi nuenaren oroitzapenik.
-Aisialdian zer egitea atsegin duzu?
Mendira joatea.
-Bizitzeko toki bat?
Zumarraga-Urretxu ez dago gaizki. Bilbok ere xarma berezia du.
-Gustuko bertsolariak?
Mendiluze eta Iturriaga.
-Gustuko herriko bertsolariak?
“Kaxero”, Otegitarrak, “Pitu” eta Ojan.
-Musikaria, bertsolaria, dantzaria… Urretxu-Zumarragako Leonardo Da Vinci dirudizu.
Zumarraga-Urretxun badago nik baino lan gehiago egiten duen jendea…
-Noiz ikusiko dugu beltz bat ezpatadantza dantzatzen?
Ikusiko ditugula esango nuke, baita bertsotan eta baita kulturako beste alorretan ere.
-Noizbait dantzarako ez den beste zer edo zertarako erabiltzeko gogorik sentitu al duzu?
Ez, ezpatadantzarako bakarrik.
-Gustuko mendia?
Balaitous. Ipar Beciberri ere gustura igoko nuke.
-Noiz ikusiko zaitugu parranda egiten?
Parrandak nire erara egiten ditut
-Ilehoriak ala beltzaranak?
Beltzaranak.
-Egindako azken oparia?
Kolonia.
-Eta jasotakoa?
Muntatzeko hegazkin bat.
-Data bat?
2002ko uztailaren 10a.
-Neska eta mutil izen bana?
Peru eta Irati.
-Zein egunkari irakurtzen duzu?
Nere eskuetara iristen den edozein.
-Gustuko telebista saioa?
Kirol saioak, albistegiak eta “Teknopolis”.
-Bereziki gorroto duzuna?
“Salsa Rosa” edo…
-Liburu bat?
Harkaitz Canoren “Pasaia Blues”.
-Filme bat?
Coen anaien “Fargo”.
-Gustuko abestia?
Sarasateren bibolinarentzako edozein obra. Baita Schubert-en edozein ere.
-Soinu bat?
Ondo jotako oboearena.
-Usain bat?
Belar moztu berriarena.
-Janari bat?
Patata tortila.
-Ura ala…
Ba ote edari hoberik?