Nolatan sortu zen Gizakia Helburu?
Gipuzkoan sortu zen, Setien gotzaina zenean, eta ondoren beste toki batzuetara zabaldu zen. Hasieran kanpotik jende asko etortzen zen. Dena den, egun ere jende asko etortzen da kanpotik guregana: kataluniarrak, madrildarrak, suitzarrak, portugaldarrak… ditugu. Izan ere, esperientzia handia eta oso ondo prestatutako jendea dugu.
Zer dira zuentzat droga eta droga-menpekotasuna?
Droga negozio hutsa da. Askori, eurentzako onura lortzearren, ez zaie besteen bizitzarekin negozioetan aritzea axola. Droga-menpekotasuna, berriz, luzera, gaixotasuna da.
Zein da bolondresek egiten duzuen lana?
Garai batean, bolondresok programan zeudenak goizean Donostiara eramaten genituen eta arratsaldean etxera ekarri. Egun familiek egiten dute programa egiten ari direnen jarraipena. Familiarekin harremana galdu badute, laguntasunik ez badute, Donostiako fraile komentu batean bizi dira. Komunidadean lauzpabost hilabete eman ondoren hasten dira bakarrik ibiltzen. Programa egiten ari diren bitartean familiarekin zuten harremana berreskuratzen saiatzen gara. Programa "tradizionala" zailena da, bertan baztertuenak, espetxetik irtendakoak… daude. Zigorra badute, programa egiten duten bitartean, zigorra bertan behera uzten zaie. Programa bukatzen badute, zigorra kentzen zaie. Programa honetan dauden gehienak heroinomanoak dira.
Programa "tradizionalaz" gain, beste programarik eskaintzen al duzue?
Hernanikoa. Bertara doazenek familiarekin hartu emana dute oraindik, heziketa hobea jaso dute… Modulu hau duela urte pare bat jarri genuen abian eta primeran doa. Bertara doazen gehienak status sozial altua eta ardura handiko edo garrantzizko lanak dituztenak dira. Bizimodu hori, status hori… mantentzeko drogatzen dira. Droga-menpekotasuna dutela konturatu dira eta lanetik irtendakoan, arratsaldeetan, joaten dira Hernanira. Bestalde, astean bitan gaua han pasatzen dute.
Zer eskaintzen diezue?
Denetariko terapiak dituzte: erlajazioa, yoga, kirolak, eskulanak… Azken urte eta erdian kirola asko lantzen ari gara, beraientzat oso ona dela ikusi baitugu.
Nola lan egiten duzue?
Hasteko, egunero-egunero euren bizitzako gauzak atera behar dituzte. Zer edo zer garrantzitsua kontatu gabe uzten badute, gero komunidadera bizitzera joaten direnean aurrera egiteko zailtasunak izaten dituzte. Barruko guztia garbitu beharra dute, barruko larritasuna atera… Hori guztia atera eta programa on bat eginez gero sendatu egiten dira.
Zuen lana benetan gogorra izango da…
Eurek ere pertsona bati gauza okerragorik tokatzea ez dagoela esaten dute. Irten nahi eta ezin! Horrek ohorea eta burua jotzen ditu. Etsaia beti barruan izango dute eta borroka etengabea da. Oso gogorra da, mutilak jota ikusten baitituzu. Nirekin 37 kilorekin, hezur eta azal, heldu zen mutil bat izan zen. Zurekin izandako norbait hiltzea ere oso gogorra da.
Zer da, zuen ustez, drogek sortzen dituzten arazoak ekiditeko egin beharrekoa?
Guk heziketari garrantzi handia ematen diogu eta gurasoen hartu-emana ere ezinbestekoa da. Norberak bere buruarekin nahi duena egin dezake, baina guk mutilei drogarik hartu gabe zoriontsuak izaten ikasi behar dutela esaten diegu. Hori lor daiteke eta pertsonak hori behar du. Dena den, neurriz eta kontrolez kontsumitzen duen jendea ezagutzen dut. Horiei arriskuan daudela esaten diet. Epe luzera denak menpekotasunean erortzen dira, asteburuko menpekotasunean behinik behin. Bestalde, urte askotan drogaren inguruko formazio eta orientazio falta izan dira. Inork ez zekien drogek zer kalte ekar zezaketen, HIESa heldu zen arte.
Egungo gazteek informazio gehiago eta heziketa hobea jaso badute ere, jendea droga-menpekotasunean erortzen da…
Egoera kontrolatzen dutela uste dute, baina gero menpekotasuna dutela konturatzen dira. Lehenagotik duten heziketa eta informazioari esker, nora heldu diren konturatzen dira eta arazoa besteek baino askoz ere errazago konpondu ahal dezakete. Beraiekin lan egitea ere errazagoa da.
Egoerak hobera ala okerrera egin al du?
Zumarraga-Urretxun arazo latzak izan ditugu. Azken 18 urteotan 80 lagun hil dira HIESak jota gure bi herriotan. Dena den, egun, Zumarraga eta Urretxuko jende gutxiago dago Gizartea Helburun. Egun gurekin dauden herritarrak ez daude Donostian, "tradizionala" deritzonean, baizik eta Hernanin. Gehienek heroina ez den beste droga batzuekin dituzte arazoak. Metadona hartzen ari den taldetxo bat ere badago, baina herrian bertan hartzen dute tratamendua. Graduatutakoak ondo eta gustura dabiltza. Noizean behin Gizartea Helburura joaten dira indarberritzera, hartu emana mantentzera… eta ondo etortzen zaie.
Eta kaleko egoerari dagokionez?
Kaleko egoerari dagokionez, asteburuetan asko kontsumitzen da. Egun ez da ia xiringarik saltzen farmazietan, baina beste droga batzuen kontsumoak jarraitzen du. Orain etortzen direnetako batzuk buru aldetik larritasunekin etortzen dira. Etorkizuna ez da hobea izango. Bere kopurutxo hori hartzen duen jendea ezagutzen dut eta eurek ere beti beldurrez daudela esaten dute. Kontrolatzen dutela uste dute, baina hizketan hasiz gero, larritasuna azaltzen dizute.
Zein da egun kalte gehien eragiten ari den droga mota?
Sintetikoak, pastilak. Hain adulteratuta saltzen dira… Gartzelan nahi duten guztia dute, baina adulterazioak beraiei ere beldurra ematen die.
Drogak legeztatzeak ez al luke behintzat adulterazioaren arazoa konponduko?
Nahiz eta drogak legeztatu, adulteratutakoa ere helduko litzateke. Izan ere, edozeinek adultera dezake eta dirua erraz irabazteko aukera da. Nire ustez, legeztatuz gero arazo gehiago sortuko lirateke. Droga zabaltzea izango litzateke eta askoz ere jende gehiagok probatuko luke. Egun kontsumitzen ez duen jende askok kontsumitu egingo luke. Egun jende askori beldurra ematen dio droga probatzeak eta adulteratua izateak ere jende asko atzera botatzen du.
Alkoholak ere sekulako kalteak eragiten ditu, legezkoa izatea ondo iruditzen al zaizue?
Alkohola eta bestelako drogak oso ezberdinak dira. Alkohola biguna dela esan daiteke, kontrolatzeko errazagoa da eta buelta ematea ere bai. Besteek gorputzari kaltea egunero egiten diote. Edatea ere arazoa da askorentzat, baina arazo hori urteen poderioz sortzen da. Besteek, berriz, epe motzean eragiten dituzte kalteak. Gainera, ez dut uste garai batean bezainbeste jende mozkortzen denik eta lehen bezainbeste edaten denik.
Heroinarekiko menpekotasuna dutenei metadona ematearen aldekoak al zarete?
Metadona medikuaren kontrolarekin hartzen dute. Kontrolatuta hartzen dutela, baina hortik ez dagoela irteterik esan didate. Engantxatuta jarraitzen dute eta luzarora okerrera egiten dutela ikusten dute. Batzuek heroina uzten dute, ordea: familiaren, lagunen… laguntasuna dutenek. Bestela oso zaila da. Norberak "bide honetatik ez dut jarraitu behar" esan eta programa gogor bat egin behar du.
Bukatzeko, ez al duzu sekula ezer probatzeko tentaziorik izan, zer izango ote den jakiteko?
Beraiekin hitz egiten, zer moduzkoa den galdetu eta behin baino gehiagotan eskaini didate porroa erretzea. "Eta gero? hortik dator arazoa" esaten diet. "Ke ba, hau ez da ezer" esaten didate. Ikusi duguna ikusita, ez zaigu burutik pasa ere probatzea! Guk ere izugarri sofritzen dugu. Drogekin ezin da jolastu. Hasten bazara zezena bezala sartzen da eta gero buelta ematea…