Nolatan hasi zinen arku tiroan?
Sekula halako kiroletan aritu gabea nintzen, baina katalogoz arku merke bat erosi eta arku tiroan hastea erabaki nuen. Legazpin arku tiro taldea dagoenez, bertara joaten hasi nintzen 1995ean. Segi, segi, segi… eta hona heldu gara.
Ba al dago zaletasunik inguru honetan?
Legazpiko taldean federatutako hamar bat lagun gabiltza, baina tiraketetan bost bat lagunek soilik parte hartzen dugu. Orain arte Domingo Agirre ikastetxeko areto batean entrenatzen genuen, baina kendu egin digute. Hori dela eta, azkenaldian garajean egiten ditut entrenamenduak. Aire libreko denboraldian, martxotik urrira arte, Brinkolako urtegira joaten gara entrenatzera.
Zein alde daude aire libreko eta areto barruko lehiaketen artean?
Areto barruko distantzia 18 metrokoa da. Aire librean, berriz, dianatik 30, 50, 70 eta 90 metroko distantzietara botatzen da. Neguan, azarotik martxoa bitartean, txapelketak areto barruan izaten dira. Areto barruan eta kanpoan antzera moldatzen naiz, baina areto barruan lortu nuen Euskadiko txapelketa.
Zein kategoriatan lortu zenuen txapelketa?
Beterano mailan parte hartzen dut, baina partehartzaile guztien artean onena izan nintzen eta absolutu mailako txapela ere lortu nuen. Horrez gain, hiru arku mota daude eta bakoitzak bere lehiaketa du: instintiboa (arku sinplea, apuntatzen lagunduko duen elementurik ez duena), errekurbatua (Olinpiadetan erabiltzen dena) eta konposatua (poleak dituena). Nik azken hau erabiltzen dut. Arku mota hau EEBBetan asmatu zuten. Arku honekin besteekin baino askoz ere urrutiagotik bota daiteke indar handiagoz. Ehizarako ere erabiltzen da.
Txapelketa irabaztea espero al zenuen?
Duela bi urte bigarren gelditu nintzen, hirugarrena ere gelditu naiz eta iaz aire librean Gipuzkoako txapelduna izan nintzen. Zorte pittin bat ere behar da.
Asko entrenatzen al zara?
Horretarako dudan denbora librearen arabera… Aste batzuetan egunero entrenatzen naiz, besteetan bi edo hiru aldiz… Kirol honetan ere, arkuarekin tiratzeaz gain, bestelako entrenamenduak egitea komeni da. Dena den, ahal dugunean egiten dugu. Lehen bizikletan ibiltzen nintzen, baina besoan min hartu nuen (golfista ukabila deitzen diotena) eta bizikleta utzi behar izan nuen. Arku tiroan aritzeko, berriz, besoak ez dit inongo arazorik ematen.
Nola jokatzen dira txapelketak?
Tiralari bakoitzeko goitik-behera hiru diana jartzen dira eta bakoitzera gezi bat bota behar dugu. Parapeto bakoitzean hiru edo lau lagunek botatzen dugu bi txandatan. Denok bota ondoren, puntuazioa eta geziak hartzen ditugu eta berriro botatzen dugu. Sailkapen fasean 60 gezi botatzen ditugu bi txandatan. Final zortzirenetan 18 gezi botatzen ditugu (hiru geziko sei tanda) eta hortik aurrera 12 gezi (hiru geziko lau tanda). Aire librean, berriz, distantzia bakoitzeko 36 gezi botatzen dira, guztira 144.
Kirol garestia al da?
Ekipamendua nahiko garestia da, behin ekipamendua erosiz gero ez da garestia. 90 eurogatik hastapeneko ekipoa eros daiteke, baina lehiaketetako arkuak 2.000 euro inguru balio du. Geziak, berriz, mota askotakoak daude: egurrezkoek 2,5 euro balio dute, aluminiozkoek 4 euro, karbonozkoek 3 euro eta aluminio eta karbonoz egindakoek 14tik 35 eurora.
Etorkizunera begira, zer asmo dituzu?
Orain arteko moduan, txapelketetan parte hartzen jarraitzeko asmoa dut. Dena den, Ordiziako arku taldeak egiten duen tiraketa mota frogatu nahi nuke. Hauek mendian animalia panpinak jartzen dituzte eta, ondoren, ehizara aterako balira bezala irteten dira paseoan.