Zure lanik oparoena Urretxu-Zumarragan egin duzun arren, ez zinen bertan jaio…
1924ko otsailaren 29an Bilbon jaio nintzen, 80 urte ditut beraz. Jaio eta bi urtera Urretxura ekarri ninduten bizitzera eta nire anaia-arrebak hemen jaio ziren. Hori dela eta, urretxuartzat dut neure burua. Garai hartan, etxetik irteten ziren emakumeak zerbitzatzera irteten ziren eta nire ama Bilboko La Eibarresa hotelera joan zen. Bertan ezagutu zuen nire aita zena. Aita sukaldaria zen eta Madrilera joan zen lanera. Ama, berriz, Urretxura etorri zen. Izan ere, hemengoa zen eta familia guztia hemen zuen.
Nola gogoratzen duzu garai hartako Urretxu-Zumarraga?
Zumarragako fraileetara joaten nintzen eskolara, Urretxun nazionalak soilik baitzeuden. Urretxuar gehienok La Sallera joaten ginen ikastera. Iparragirre plazan jolasten genuen eta Zumarragakoekin sekulako liskarrak izaten genituen. Harrika aritzen ginen: beraiek Ipintzatik eta gu Urolako geltokitik. Behin trenbidea ia harririk gabe utzi genuen. Bi herrien arteko lehia handia zegoen, egun baino askoz ere handiagoa. Oraindik ere badira urretxuar eta zumarragar peto-petoak, baina ez dira elkarri harriak botatzen aritzen!
Nolatan hasi zinen musika munduan?
6-7 urterekin solfeoa ikasten hasi nintzen, Urretxuko parrokiako abesbatzako tiplea ere izan nintzen… Nire etxean musika giroa bizi zen, osaba guztiek Urretxuko bandan jotzen baitzuten. Solfeoa ikasten gogo onez hasi ez banintzen ere, musika nire bizitzako ardatza izan da.
Zeintzuk izan ziren zure maisuak musika munduan?
Lehen maisua Toribio Navarro izan zen, Urretxuko organojolea eta bandako zuzendaria zena. Maisu handia zen. Gasteizen Julio Valdés izan zen nire irakaslea. Comillasera zuzenbidea ikastera joan nintzen, baina norbaitek hango zuzendariari, Aita Prietori, nire berri eman zion eta zuzendaritza erakutsi zidan. Hala, hango apaizgaien abesbatza zuzendu nuen. 100 kidetik gorako abesbatza zen.
Herriko garai bateko musikari handiak ere ezagutuko zenituen…
Aipatu dudan Toribio Navarro, Belaustegi, Severo Paternain, osaba Facundo… Zumarragako musikariekin harreman handia ez nuen, garai hartan bi herrikoen artean harreman txikiagoa baitzegoen. Beranduago, Jesus González Bastidarekin adiskidetasun handia izan dut. Zumarragako musikari handiak, Busca Sagastizabal esaterako, ez nituen ezagutu.
Zer ikasketa egin zenituen?
12 urterekin seminariora joan nintzen. Gerra hasi berria zenez, seminarioko lehen urtea etxean egin nuen. Nire osaba bat teologiako laugarren urtea egiten ari zen eta hark irakatsi zidan. Seminarioko bigarren urtea Donostian egin nuen, hirugarrena Bergaran eta gero Gasteizera joan nintzen. Gasteiztik Comillasera joan nintzen zuzenbide kanoniko ikasketak egitera. Ikasketak bukatu ondoren, 1950ean, Ordiziara destinatu ninduten. Bertan 13 urte eman nituen: parrokiako organista izan nintzen eta Santa Ana abesbatza sortu nuen. 1963an, Don Domingoren ekimenez, Zumarragara etorri nintzen. Egun geriatrikoa deneko kaperau lanetan eta organojole lanetan hasi nintzen eta gero apaiz lagunkide ere izan nintzen.
Zu urretxuar peto-petoa izanik, ondo hartu al zuten herrian Zumarragako organista izatea?
Seminario garaian, Gasteiza joateko, Zumarraga ez zapaltzeagatik, Legazpiko geltokira trena hartzera oinez joaten nintzela esaten zen. Gezurra dela esan beharra dut. Hori egitea ezinezkoa zen, gainera. Izan ere, garai hartan Gasteiza zihoan tren bakarra ez zen Legazpin gelditzen. Dena den, koadrilako guztiok urretxuar peto-petoak ginen eta Zumarragara lanera joan nintzenean adar jotzeak jasan behar izan nituen. Urretxuko apaizak Zumarragara joatea gaizki ikusia egon da beti, baina denborarekin ahaztu egin da. Egungo Zumarragako parrokoa ere, Luis Mari Segurola, urretxuar peto-petoa da.
Zumarragara heltzean, zer egoera aurkitu zenuen?
Parrokiako abesbatza gizonezkoez bakarrik osatutako abesbatza txikia zen. Emakumeek ezin zuten parrokia abesbatzetan kantatu eta eztabaida gogorrak izan nituen kontu horregatik, bai Ordizian eta bai Zumarragan. Zumardi elkarteko bazkidea ere banintzen eta elkartekook ere abesbatza sortu genuen. Horretaz gain, emakumez soilik osatutako abesbatza ere osatu genuen: Goiargi. Hasiera batean Goiargi 60tik gora emakumez osatutako abesbatza zen. Hiru abesbatza zuzentzea gehiegizkoa zenez, astean 4 entsaio ziren eta nekeak jota medikuarengana joan behar izan nuen, Zumardi eta Goiargi abesbatzak utzi nituen. Orduan, parrokiako abesbatza mistoa osatzeari ekin nion. Abesbatza mistoa askoz ere aberatsagoa da: gizonezkoez eta emakumezkoez osatutako abesbatzentzat partitura gehiago eta hobeak daude.
Abesbatzak zuzentzeaz gain, askori kantuan irakatsiko zenien…
Garai batean ni bakarrik nengoen irakasteko eta oso lan gogorra zen. Egun parrokiako koruan musika dakien jendea dut eta beraiek laguntzen didate.
Abesbatzak zuzentzeaz gain, 40 urte daramatzazu Zumarragako parrokiako organojole lanean…
Abesbatza zuzentzen ari naizenerako beste bi organojole daude, baina bestelakoan ni aritzen naiz. Organojolea, nire ustez, sekula ez da ondo ikusia izan. Esaera zaharrak "De músico, poeta y loco, todos tenemos un poco" dio eta organojolea beti xelebretzat hartua izan da. Gainera, organojoleari sekula ez zaio ondo ordaindu. Hori dela eta, organojolea, organojoleaz gain, beti bandako zuzendaria edo abesbatzako zuzendaria ere izan da. Egun organojole gutxi gaude eta estimatuagoak gara. Donostian organo katedra dago, baina gazteek kontzertista izan nahi dute, ez dute parrokietan jo nahi.
Hainbeste urte lanean eman eta gero, pasadizo bereziren bat oroitzen al duzu?
Zumarragan 20 urte eman genituen parrokiako organoa jo gabe, ez baitzebilen. Milioi erdi pezeta kosta zen organo elektronikoa ekarri behar izan genuen. Parrokiako berrikuntza lanak egin zirenean konpondu genuen organoa. Berrikuntza egin aurretik bi koru zeuden eta organoa zegoeneko korua bota egin zen. Organoa desmontatu egin behar izan zen eta, hori aprobetxatuz, berritu egin genuen. Milioi eta erdi kosta zen berrizta-tze lan ona egin zen eta elektronikoa Nafarroan saldu genuen. Zumarragako parrokiako organoa ez da txarra. XIX. mende bukaerakoa da, baina aldakuntzak izan ditu eta bere izaera galdu du. Aurreko parrokoak, Don Javierrek, organo berria erosi eta parrokian dagoena Antiora igo behar zela zioen, baina ez dago beste organo bat erosteko dirurik. Antion, berriz, organo elektroniko ona dago, baina tutuzkoak ez du parekorik…
Urretxu eta Zumarragan kantuzaletasuna bultzatzeko lan handia egin duzu, baina, arantza txikiren bat ba al duzu?
Tipleekin porrot egin dut beti. Ez zegoen parrokiako abesbatzan kantatu nahi zuen tiplerik eta abesbatza mistoa sortzeari ekin nion. Parrokiako abesbatzan ez dugu berebiziko mailarik, baina oso gustura nago. Elizako kantuak soilik kantatzen ditugu eta Goiargi gu baino gehiago dela onartzen dugu. Konforme gaude eta herria ere konforme dagoela uste dut: Urretxun eta Zumarragan abesbatza ona dago, Goiargi, eta parrokia bakoitzak bere abesbatza du.
Bi herri hauek oso musikazaleak izan dira beti, garai bateko maila mantentzen dela uste al duzu?
Bai, bai. Hiru parrokia abesbatza daude, Goiargi, Zumarragako Musika Banda, Urretxun ere badute musika banda… Ezin da gehiago eskatu, egun jendea entseiuetara joatea asko kostatzen baita. Jendea ilusioz hasten da, baina gizonezkoak batez ere nekatu egiten dira. Parrokiatako abesbatzetan gizonezko asko izan dira beti, baina egun gizonezkoak falta dira; batez ere gazteak. Lehen, baten bat abesbatzan kantatzeko asmoz etortzen zenean, froga batzuk egiten genizkion ahotsa nola zuen jakiteko eta balio zuen edo ez esaten genion. Orain, berriz, datozen guztiak onartzen dira.
Urretxu eta Zumarragako parrokia abesbatzetan ba al da bereziki gustukoa duzun abeslaririk?
Gure abesbatzako Mari Carmen Mendia oso bakarlari ona da. Urretxun, berriz, Don Santiago izan da azken urteotako abeslari onena. Ramon Arbizuk ere ondo abesten du.
Musikaz gain, beste zaletasunik ba al duzu?
Literatura ere atsegin dut. Artikuluak idatzi ditut batez ere: Iparragirreri buruzkoak, Gabonei buruzko besteren bat… Dena den, literatura musikarengatik utzi nuen. Bestalde, musika klasiko bideo-zinten bilduma ere egiten dut. 500 bideo-zinta baino gehiago ditut, tartean opera ia guztiak. Egunean egoten saiatzen naiz. Egun, irudiekin batera datorren musika lortzen saiatzen naiz. DVD gehiago lortu nahi nituzke, baina herritik gutxi irteten naiz eta DVDak lortzeko zailtasunak ditut. Izan ere, musika klasikoko DVD gutxi argitaratzen da. Bideo-zinta bilduma ederra dut, baina bideoa desagertu egingo da. Teknologia berriak atsegin ditut eta sukaldean telebista, bideoa eta DVDa ditut. Dena den, LPa CDa baino nahiago dut. CD asko LPtatik atera dituzte eta galdu egin dute.
Iparragirreri buruzko bilduma ederra ere baduzu…
Iparragirre ere oso gustukoa dut mutikoa nintzenetik. Bere bizitza eta lanari buruz aurkitzen dudan guztia biltzen dut. Iparragirreren kantuekin atera zen lehen liburuko lehen edizioko ale bat dut. Nire altxorrik handiena da. Oskorrikoak etorri zirenean Natxo de Feliperi kopia bat eman nion. Ezezagunak ziren Iparragirreren hiru kanta aurkitu nituen eta Patxi Andionek Iparragirreren kantuekin atera zuen diska batean grabatu zituen. Disko horren ekoizpenean, besteak beste, nire laguntza izan zuen. Disko hori gaizki ikusia izan zen Urretxun, Andionek bere erara kantatu baitzituen Iparragirren kantak.
Nolatan Iparragirrerekiko mirespen hori? Urretxuarra zelako soilik?
Bere bizitza atsegin dut. Buhame handia izan zen eta Urretxuko apaizek etsaitzat zuten. Hori dela eta, bere figura baztertua izan da, baina merezitako onespena lortu du azkenean. Ez zen ez poeta handia izan, ezta musikari handia ere, baina bai oso herrikoia. Ez da bera bezain artista herrikoirik izan. Oso herrikoia dena handitasunetik gertu da.