Ruben Gonzalez "Montxi" hamahiru urterekin hasi zen areto futbolean. Herriko taldean, Goierri Kirol Elkartean, hain zuzen ere. Lau urte eman zituen bertan: hasiera batean jubenilen taldean, ondoren dibisio autonomikoan eta, azkenik, talde nagusira egin zuen salto. Ordurako, argi zegoen Ruben ez zela edonolako jokalaria; bai bera eta baita kanpoko taldeetako begiraleak ere bere trebetasunaz jabetu baitziren. Hau honela izanik, Ibarrako futbol areto taldeak froga batzuk egiteko eskatu zionean, bere trebezia agertzeko aukera izan zuen. Urretxuarrak maila bikaina erakutsi zuen eta zilarrezko mailan jokatzeko aukera eman zion talde honek. Lau urte daramatza bertan eta honela, bere futbol ibilbidea guztiz sendotu du. Honez gain, Euskadiko selekzioarekin ere nahikoa partida jokatu ditu. Hauetan azkena otsailean izan zen eta "errepikatzeko moduko esperientzia" dela esan digu.
Rubenek, kirol honetan hasi zenean, horren urrun iristea ez zuela espero aitortu digu. Dena den, lehenengo mailan jokatzearekin amets egiten du. "Era honetara, areto futbola ogibide bilakatuko litzateke niretzat. Dena den, Zilarrezko Mailan ere bada kirol honetaz bizi den jokalaririk. Hilabete bukaeran denok jasotzen dugu diru apur bat, nahiz eta honetan ere desberdintasun nabarmenak egon".
"Montxi" areto futbolean buru belarri aritu da txikitatik eta egun profesionalen pareko bizimodua darama, baina honek ez dio udan lagunarteko futbol partidak jokatzea galarazten. Izan ere, bere esanetan, "ez dago desberdintasun handirik bien artean, arau eta espazio kontuak izan ezik. Afizio mailan ere bada alderik".
Udan lagunekin ere jokatzeko aukera duen arren, bestelakoan areto futbolak ez dio aisialdirako denbora gehiegirik uzten. "Astean lautan entrenatzen dugu eta astebururo partidak jokatzen ditugu. Maiz bidaia luzeak egin behar izaten ditut. Aurreko asteburuan, esaterako, Manresan jokatu genuen. Sakrifizio minimo batzuk egin behar ditut: ezin dut lagunekin nahi adina egon, dieta, ordutegia… hasiera batean gogorra egiten zitzaidan, baina dagoeneko ohitu naiz".
Goierri Kirol Elkartearen areto futbol taldea utzi zuenetik bere bizimodua asko aldatu den arren, ez ditu herriko taldean igarotako urteak ahaztu. "Goierrin bizi nuen giroa faltan botatzen dut eta berriz ere herrian jokatu behar banu, gustura egingo nuke". Rubenek Goierri taldea ondo ikusten du, baina herriko areto futbol zaletasunak behera egin duela uste du. "Partidak ikustera joaten den jende kopuruak behera egin du, nahiz eta oraindik ere baden zaletu sutsurik".
Maiatzaren 23an izango da Beitiaren omenezko mendi-ibilaldia
Maiatzaren 23an Iñaki Beitiaren Omenezko VIII. Iraupen Luzeko Mendi-ibilaldia izango da. Aurtengo ibilbide luzeak 53 kilometro pasatxo eta 2.500 metroko desnibela izango ditu eta ibilbide motzak, berriz, 23 kilometro pasatxo izango ditu. Betiko moduan, ibilbide luzeari irteera goizeko 6etan emango zaio eta motzari 8etan. Ibilbide motza Urolako trenbide zaharretik pasako denez, komenigarria da motxilan linterna txiki bat eramatea.
Parte hartzeko asmoa duzuenek, dagoeneko izena emateko aukera duzue: Urretxuko Kultur Etxean, Zumarragako kiroldegian eta Ostadar Mendi Taldearen egoitzan. Izen-emateak, iaz bezala, 7 euro balio du eta, betiko moduan, izena ematen duzuen guztiek kamiseta bat jasoko duzue. Kontuan izan kirol ekitaldi herrikoi hau antolatzeko sekulako lana egiten duten antolatzaileei parte hartzaileek aldez aurretik izena ematea komeni zaiela. Izan ere, hala hobeto kalkula dezakete zenbat edari eta janari behar den eta, gainera, ez dira egunean bertan korrika eta presaka jendearen datuak hartzen aritu behar.
Jonathan Terroni omenaldia
Zumarragako Udalak aurtengo Espainiako jiu jitsu txapelketa irabazi duen Jonathan Terrón herritarra eta Zumarragako jiu jitsu taldeko bere taldekideak omendu zituen apirilaren 24an. Terronek 22 urte besterik ez ditu eta, txapelketa irabaztearekin batera, Espainiako selekzioarekin Europako Txapelketara eta Munduko Txapelketara joateko txartelak lortu ditu. Zumarragako jiu jitsu taldeak 90eko hamarkadan sortu zen eta dagoeneko 80 kide ditu. Hauetako batzuek Gipuzkoa, Euskadi zein estatu mailako txapelketetan dominak lortu dituzte.