Kiroldegiko estalki berriak egurrezko egitura izango du eta kurbatua izango da. Pello Gonzalez alkateak aipatu digunez, estalki berria "aurrekoa baino hobea izango da estetika, aireztapen eta argitasun aldetik, alboetan eta aurrealdean leihoak izango baitira". Horretaz gain, estalki berria pisu handiagoa jasateko prestatua izango da, noski. Lehengoa metro karratuko 50 kilo jasateko prestatua bazegoen, berriak 80 kilo jasan ahal izango ditu.
Alkateak esan digunez, aseguru etxeak emango duen dirua nahikoa izango da obra ordaintzeko. "Aseguru etxeak estalki zaharraren antzeko bat jartzeko behar den dirua emango digu. Beste mota batekoa jarriko dugunez, gastu gehigarria Udalak ordaindu beharko luke; baina lehengoaren eta berriaren kostua antzekoa dela esan digute".