Zumarragako Udaleko Euskara batzordeak antolatutako ikastaro honetako irakaslea Iker Zaldua beasaindarra da. Iker Bisasti AEK euskaltegiko irakaslea ere bada eta lehenengoz ari da adineko jendeari klase ematen. "Ez nuen esparru hau ezagutzen, baina adineko jendeari klaseak ematea eskaini zidatenean aurrera egitea erabaki nuen".
Iker oinarrizko ikastaroa eskaintzen ari zatzaizkie, ikasle gehienek euskaraz tutik ere baitzekiten ikastaroa hasi aurretik. "42 orduko ikastaroa denez, aditzekin eta sartzen bazara nahastu egiten dituzu. Hori dela eta, oinarrizkoa erakusten diet: hiztegia, dendetan eskatzeko esaldiak, haurrekin erabili daitezkeen espresioak…".
Jubilatuak astelehen eta asteazkenetan, 16:30etik 18:00etara, hartzen dituzte euskara klaseak. Otsailaren erdialdean hasitako ikastaroa ekainaren 3an bukatuko dute. "Azken klase hauetan, orain arte ikasitakoa errepasatzen ari gara. Ikastaroa hasi aurretik helburuak oso zehatzak jarri genituen: ohiko erosketak euskaraz egiteko eta iloba eta bilobekin lau kontu egiteko gai izatea".
Aipatutako helburu hauez gain, ikasleek eurek ere beste zenbait helburu ere proposatu dituzte. "Orduak eta zenbakiak ere ikasi nahi zituztela esan zidaten eta horretan ere aritu gara".
Ikasleek irakasleak agindutakoa baino gehiago ikasi nahi hori ez da oso ohikoa izaten… klaseetara gustura joaten diren seinale. "Eurek ere bazekiten 42 ordutan ez dagoela asko ikasterik, baina oso borondate ona dute. Bai eurak eta bai ni oso gustura gaude, datorren urtean jarraitu nahi dutela esan didate! Izan ere, udan orain arte ikasitakoa ahaztu dezaketen beldur dira".
Zer edo zer ikasi dute, beraz… "Hasieran hiru edo lauk amore eman eta ikastaroa utzi zuten, baina gainontzeko guztiek hor jarraitzen dute. Batzuetan estutu egiten dira edo amore emateko zorian izaten dira eta animatu egin behar zaie. Euren buruarekin oso gogorrak dira eta zer edo zer ikasi dutela sinestarazi behar zaie".
Zer edo zer ikasi dutela konturatzen direnean, lotsa handirik gabe hasten omen dira euskaraz. "Hiru edo lauk dendetan eta bilobekin euskaraz egiten saiatzen direla esan didate. Batek, mendira koadernoa eramaten duela eta menditik jaisten denean, koadernoko apunteak erabiliz, erosketak egiten dituela esan dit. Lotsarik ez dute eta hori da garrantzitsuena. Ulertu, ulertuko dizuete, zuek bota! esaten diet".
Ikasleen jarrera bikaina ikusirik, Iker datorren urtean ere jubilatuei euskara ikastaroak emateko prest ageri da. "Niretzat oso garrantzitsua da horren jarrera ona ikustea. Datorren urtean ere antzerako ikastaroa antolatzen bada, emateko prest nago. Jende gehiago animatzea gustatuko litzaidake. Euskara ikastea, zerotik hasiz gero, oso zaila da; baina ikastaro honetan edozein taberna edo dendatan eskatzeko eta bilobekin hitz egiteko haina ikasi daiteke. Aspalditik euskara ikasteko asmoa dutenak, inongo beldurrik gabe etor daitezela".
Ikasle benetan saiatuak
Ikerrekin solasaldia izan ondoren, klasera joan ginen argazki batzuk ateratzera eta ikasleekin apur bat hitz egitera. Aipatzeko modukoa da zein gogo onez eta umoretsu joaten diren klasera! Gurekin ere euskaraz hitz egiten ahalegindu ziren eta, esan zigutenaren arabera, klasetik kanpo ere ikasten jarraitzen dute. Hala, beraietako askok, kalean, anbulategian… euskarazko kartelak irakurtzen dituzte eta zer edo zer ulertzen ez badute, hurrengo egunean Ikerri euren zalantzak azaltzen dizkiote.