Jakak Udalari emandako agiri zaharrena XVI. mendekoa da eta berriena, berriz, 1930. urtekoa. Antonio Prada agirizainak esan zuenez, Jakak utzitakoek 2.000 espediente egiteko ematen dute. Izan ere, Anjel Kruz Jakak bizitza osoa eman du agiritegitik agiritegira Zumarraga eta inguruko herriei buruzko datu historikoak biltzen.
Frankismo garaian “Academia Errante” zeritzona sortu zuen eta euskal historia, etnografia eta artea ikertzeko eta ezagutzera emateko lan itzela egin zuen. Horrez gain, Urretxu, Zumarraga eta Ezkioko historiari buruzko hainbat liburu argitaratu ditu.