Gainzuriko irakasle, ikasle eta gurasoak pozez gainezka daude, aspaldiko ametsa bete baitute. "Urte asko itxaron behar izan dugu haur eskola eta eraikin berria lortzeko. Eraikin berriarena duela 6-7 urte markatu genuen erronka izan zen, eta haur eskolarena ere erronka horren barnean aurkitzen zen. Prozesu luze baten ostean, 2004 urtera arte itxaron behar izan dugu hasierako ilusio hori egia bihurtua ikusi ahal izateko. Ibilbide zaila izan da, neketsua eta negoziaketa asko behar izan dituena, baina azkenerako, esan bezala, lortu da".
Bidean izan dituzten arazoengatik galdetzean, zera dio: "Arazoak administratiboak, burokratikoak eta ekonomikoak izan dira gehienbat. Bi Udalekin eta Hezkuntza Sailarekin gogor lan egin behar izan dugu, baina azkenean lortu da bi herriotan Haur Eskola publikoa izatea". Inmaren esanetan, haurtzaindegia aurrerapauso handia da, "eskaintza publikoa osatzera baitator".
Eraikuntza berriaren beharrari dagokionez, azken urteetan Gainzuri bi herrietan banatua egon dela gogoratu behar da. "Gazteenek Urretxun eta zahartxoagoek Zumarragan ikasten zuten. Horrek hein handi batean baliabideak bikoiztu beharra dakar, egin beharreko lanean zailtasunak sortzen ditu, eta orotara, denbora asko kendu digu. Orain, berriz, ikasle guztiak eremu berean izanda eta banaketak sortzen zizkigun oztopoak gaindituta, baldintzak ematen dira kalitatezko eskaintza bateratua sortzeko".
Haurtzaindegi berria Gainzuri ikastetxearen oinetara altxatu berri den eraikinean kokatzen da, eta 5 gelatan 0 eta 2 urte arteko 60 haur inguruentzako tokia biltzen du. Gainera, Ikastetxe berriak, beste 12 gelatan, 2 eta 6 urte bitarteko haurrak ere bilduko ditu, eta honetaz gain, areto bat, psikomotrizitate gela bat, administrazio eta biltegi gelak eta jolas tokiak baditu eraikinak. Haur Eskolako irakaslegoari dagokionez, 7 irakasle eta erdi ditu. Hau da, 7 irakaslek egun osoan egingo dute bertan lan, eta beste batek soilik egun erdiz.
Esan beharra dago, hasera batean behintzat, ez zaiela Gainzurikoei egokitu haur eskola kudeatzea. Kudeaketa hori bi udalen eta hezkuntza sailaren artean osatutako partzuergoaren esku dago. Hala ere, "denborarekin pedagogi proiektu bakarrerako bidean sartzea espero dugu, eskaintza publiko osotu eta bakarra bihurtzea alegia. Horrela, herri honetako oinarri sendoa izatera iritsi nahi dugu", gaineratu digu Inmak. Oraingoz behintzat, haurtzaindegiak jolas eremuak Gainzuri ikastetxearekin konpartitu beharko ditu. Honetaz gain, Inmaren esanetan "kontuan hartzekoa da eraikin berriaren beheko solairuan dagoen aretoa, bi herriei zuzendutako kultur eskaintza zabaltzera datorrena".
Halako eraikinak horrenbeste merezi duela eta, Gainzuri ikastetxeak inaugurazio egitaraua antolatu du. Hasteko, hilaren 22an Gainzuriren bilakaera azaltzen duen argazki erakusketa irekiko da Juan de Lizarazu aretoan. Hilaren 30ean, 21:30ean, irakaskuntzarekin loturiko "Ser y tener" filme emanaldia eskainiko da Labeaga aretoan. Urriaren 2an, berriz, Gainzuriko ikasle, irakasle eta gurasoek inaugurazio festa izango dute. Bukatzeko, urriaren 13an, 18:30ean, "Eskolaren erronkak XXI. mendean" izenburua duen mahaingurua izango da Labeaga aretoan. Mahainguru honetan Ramon Flecha Kataluniako CREAko zuzendariak, Jose Ramon Orcasitas EHUko irakasleak eta Neli Zaitegi Jaurlaritzako "Bizitzako trebetasunak" programako zuzendariak parte hartuko dute.