Eskaintza asko izan al dituzu?
Zenbait talderekin hitz egin dut eta eskaintzaren bat edo beste egin didate, baina eskaintza guztiak Espainiatik kanpoko taldeenak ziren eta nahiago nuen hemen gelditu. Eskaintza gehienak talde italiarrenak ziren eta, egia esan, Italiaz pittin bat nekatuta bukatu dut.
Zer dela eta erabaki duzu Euskaltelekin fitxatzea?
Taldearen mentalitatea asko atsegin dut. Hiru asteko itzuliak bete-betean prestatzen dituzte eta lehen egunetik sailkapen nagusira begira lan egiten dute. Euskaltelen aritzeko gogo handia nuenez, negoziazioa oso erraza izan da. Kontua luzatu bada, Munduko Txapelketa tartean zelako eta elkartzeko aukerarik izan ez dugulako izan da. Nire lehentasuna lasai eta gustura egotea da eta Euskaltelen hori lortuko dudala argi dut. Ilusioa berreskuratzeko gogoa dut eta badakit Euskaltelen babes eta berotasun handiak izango ditudala. Jendeak garrantzia handia ematen dio txirrindulariak euskaldunak izateari eta horrek etxean bezala izatea sentiarazten du.
Familia gehiagotan bisitatzeko aukera izango duzu, beharbada…
Talde batean edo bestean egutegia berbera da, baina kontzentrazioak, ekitaldi ofizialak… direla eta familiarekin egoteko aukera gehiago izango dut.
Amona behintzat gustura izango da…
Amona beti pozik egoten da, niri ondo datorkidana berari ere bai. Euskaltelekin fitxatu aurreko egunetan sarritan deitu zidan: mundu guztiak hona etortzea nahi du, Euskaltelekin fitxatu behar al duzu? esaten zidan.
Ba al dakizu zein lasterketatan arituko zaren datorren denboraldian?
Oraindik ez dugu horretaz hitz egin. Niri Tourrean eta Espainiako Itzulian aritzea gustatuko litzaidake. Giroa eta Tourra bata bestearengandik gertuegi daude eta urteko lasterketa garrantzitsuena Tourra da. Argi dago Tourrean talde burua Iban Mayo izango dela, baina taldekako erlojupekoan oinarrizkoa izan naiteke.
Tour erregular samarra egiteko gai zarela erakusteko gogoa izango duzu, beharbada…
Azken bi urteetan arazoak izan ditut. Zer dela eta jakin gabe, ez naiz hiru astez erregulartasuna mantentzeko gai izan. Analisi asko egin ditut eta, azkenean, birus bat aurkitu dute. Askoz hobeto sentitzen naiz eta, sekulako esfortzurik egin gabe ere, sailkapen nagusiko hamar lehenengandik gertu egon beharko nintzateke.
Madariagak eta Gorospek esan al dizute zugandik zer espero duten?
Orain arte ez dugu kirol kontuez hitz egin. Prentsaurrekoren bat edo eskaini nahi dute, baina Fassa Bortolo taldearen baimena beharko dugu horretarako. Egunen batean Euskal Herrira joan eta horretaz guztiaz hitz egin beharko dut Gorospe eta Madariagarekin.
Euskalteleko txirrindulariak ezagutzen al dituzu?
Lasterketetatik ezagunak ditut guztiak, etapak hasi aurretik beraiekin hitz egin izan dut… Unai Etxebarria eta Iker Flores gehiago ezagutzen ditut, Unairekin oporretan Irla Kanariarretan topatu bainintzen eta Iker Floresekin Caja Rural taldean aritu bainintzen.
Nola ikusten duzu Mayo datorren urtera begira?
Buruaren erantzunaren araberakoak izaten dira gauzak. Mayo Tour aurreko berbera izango da, baina Tourrean gertatutakoari buelta eman beharko dio. Txirrindulari handia da eta ez da ezeren beldur izan behar. Tourra hasi aurretik denek Armstrong-en arerio nagusia zela zioten eta hori ez zen kasualitatea izan.
Ez al zarete oilar asko izango oilategi berean?
Horretarako daude zuzendariak, antolaketa lana egiteko. Itzuli handi bat hasi aurretik askatasun osoa zein txirrindularik izango duten zehaztu behar da eta gero, lasterketan, aurretik esandakoa bete behar da.
Nola baloratzen dituzu Fassa Bortolo taldean emandako bi urteak?
Ezin naiz bizitzan hartutako erabakiez damutzen ibili. Italiako esperientzia oso ona izan da maila pertsonalean, jende asko ezagutu baitut, lagun handiak egin baititut eta hizkuntza bat ikasi baitut. Kirol mailan, berriz, ez da nik espero bezain esperientzia ona izan. Fassa Bortoloren mentalitatea ez denez itzuli handietan sailkapen nagusiarengatik borrokatzea, ez nuen niganako konfidantza somatzen. Ez da gauza bera lasterketa batera lehen egunetik babestua eta lagundua izango zarela jakinik joatea edo zalantzaz joatea. Lehenengo etapa garaipenen bidez lasaitasuna lortzen saiatzen ziren eta gero gerokoak.
Aurten Tourreko etapa irabazi duzu, esaterako. Ez dago kirol mailan ahazteko moduko urteak izan direnik esaterik…
Jendeak zuregan itxaropen handia jartzen du eta itxaropen horiek asetzen ez badituzu batere ez duzula egin dirudi. Bi urte hauetan txirrindulari batzuek bizitza osoan lortzen ez dituzten garaipenak lortu ditut, baina orain Giroko hiru etapa eta Tourreko etapa bat irabazi izanak garrantzirik ez duela dirudi.
Giancarlo Ferrettik, taldeko managerrak, zutaz esandakoek zure irudia kaltetu dutela uste al duzu?
Ferrettiren fitxaketa izan nintzen eta gauzak ondo ateratzen ez direnean txirrindulariari errua botatzen dion pertsona da. Txirrindulari guztiekin egiten du hori eta ez zaio buelta gehiago eman behar.
Errepidean berari erantzuteko gogoz izango zara…
Itzuli handietan lehiakorra naizela erakutsi nahi nioke eta berriro sailkapen nagusiko borrokan egon nahi nuke. Dena den, niretzako garrantzitsuena berriro ere sasoi betean egotea eta gustura aritzea da. Izan ere, sasoi betean egon naizen guztietan lehenengoekin borrokan izan naiz.
Bukatzeko, duela hiru urte Unai Osak haurra zeneko euskarazko liburu batzuk utzi zizkizula esan zenigun. Irakurri al dituzu?
Unai aluak eskatutako liburu haiek utzi zizkidan, bai (barreak). Euskarazko hitz asko gogoratzen ditut, baina euskaraz irakurtzea zaila egiten zait eta oso denbora gutxi dut. Dena den, Euskalteleko txirrindulari askok euren artean euskaraz egiten dutenez, errazagoa egingo zait nuen euskara maila gutxienez berreskura-tzea.
PROFESIONAL MAILAKO IBILBIDEA:
1998 – AVIANCA
1999 – KELME
2000 – KELME: Garaipen bat
-Limousin-eko itzuliko etapa
2001 – KELME: 2 garaipen
-Murtziako itzuliko erlojupekoa
-Murtziako itzuliko sailkapen nagusia
2002 – KELME: 7 garaipen
-Italiako Giroko 2 etapa
-Espainiako Itzuliko 3 etapa
-Espainiako Itzuliko sailkapen nagusia
-Algarveko itzuliko etapa
2003 – FASSA BORTOLO: 2 garaipen
-Reggio Calabria itzulia
-Italiako Giroko etapa
2004 – FASSA BORTOLO: Garaipen bat
-Frantziako Tourreko etapa