Lehengoko batean “
HITZA“ri buruzko iritzia eskatu zidaten
OTAMOTZekoek. Jakina, oso berri ona dela esan nuen, baina egunkariak ez lukeela dohainik izan behar gehitu nuen. “
OTAMOTZ” ere ez litzatekeela dohainik izan behar uste dut, eta aukera hau aprobetxatuko dut esandakoa azaltzeko. Funtsean, jarrera hau izateko arrazoia oso sinplea da. Gauza guztiek dute kostu bat eta ordaindu egiten ditugu, eztabaidarik gabe, eskuratu nahi baditugu. Euskarazko produktuekin zergatik ez da, ba, berdin izango? Zuk, irakurle, ohiko egunkaria erosten duzunean ordaindu egiten duzu, berripapera euskaraz edo espainolez idatzita dagoela. Zinemara joaten bazara, berdin. Liburuekin, beste horrenbeste. Zer gertatu da azkeneko urte hauetan? Internetekin eta hainbat aldizkarirekin dohaintasunera ohitu garela. Zu sartzen zara sarean eta “El Mundo” dohainik irakurriko duzu, baita “Gara” ere, konexioa besterik ordaindu gabe. Eskualdeko gida eta udal-aldizkaria ere buzoitik hartu besterik ez duzu. Publizitatea dela, dirulaguntza publikoak direla, miraria gertatu egiten da: kostua duen gauza bat dohainik da zuretzat. Gaizki ohitzenari gara.
Nik ez dut zalantzarik, nire ustez ere euskarazko prentsak eta produkzio kulturalak subentzioak behar ditu. Are gehiago, badakit ezinbestekoak zaizkiola, eta Administrazioak horretarako dirua bideratu behar duela diot, askoz ere gutxiago merezi dutenei bideratzen dien bezalaxe. Publizitaterik gabe ere izan da bizi gaur argitalpen elitisteena ere. Garbi gera dadila hau.
Baina udalek eta gobernuek dirua jartzen badute, dendariek iragarkiak ipintzen (eta ordaintzen) badituzte, kazetariek, komertzialek eta banatzaileek lana egiten badute, zergatik jaso behar dut nik guztiz dohainik “
OTAMOTZ” edo “
HITZA“? Ez da ba izango euskaraz delako? Ez al gaude prest ehungarren zenbakira iritsi den aldizkari honen truke kafe bat kostatzen zaiguna ordaintzeko? Eta urteko hirurehun “
HITZA“k Errealaren partida bateko sarrera merkeena erosteko gastatzen duguna ordaintzeko? Bada, orduan, irakurleok, ez dugu merezi argitalpen hauek buzoian aurkitzea.
Bai, badakit euskara etxeetan sartzea dela helburu nagusia, gauzak ahalik eta errezen jarrita ere lanak daudela… baina erabateko doantasuna ez zait egokia iruditzen. Gizarte honetako beste arloaskotan ere errazkeriarako joera nabaria da: eman diezadatela dena eginda, nik eskua luzatu eta hartu beste lanik izan ez dezadan. Bankuaren kreditua bai, hori ordainduko dugu ixil-ixilik hilero, baita autopistako bidesaria ere, eta zer esanik ez Canal Plusekoa bonoa edo burutik behera kaka egiten digun diariovascoa ere, baina gure umeei dantzan erakusten ari direnei ordaindu? Eta frontoian pilotan erakusten dietenei? Eta euskarazko produktuak eskaintzen dizkigutenei? Ez, ez, horiek denak gizajo konpletoak dira nonbait eta nahikoa ohore egiten diegu ematen digutena hartzearekin.
Beno, nik esan dut gogoan nuena, zakar an-zean bada ere. Ea berrehungarren zenbakira iritsitakoan gozoago hitz egiten dugun, bidean Garzonek ixten ez badu behintzat; dagoeneko konturatuta egongo da “
OTAMOTZ” ere, bere neurrian, eraikuntza nazionalari laguntzen ari zaiola!
Gotzon Aranburu