Eliza barruko zein lanetan aritu zara orain arte?
Jaunartzea egin eta urtebetera edo hasi nintzen elizan. Amonak monagilo joateko esan zidan eta inongo arazorik gabe joan nintzen. Poliki-poliki geroz eta harreman estuagoa izaten hasi nintzen apaizarekin eta sakristauarekin, geroz eta ardura handiagoak hartzen hasi nintzen eta erlijio kontuez interesatzen hasi nintzen. Beti edozer lan egiteko prest izan naiz. Aurten konfirmazioko talde bat hartzea eskaini didate eta horretan nabil. Gazteentzat klaseak beste gazte batekin izatea askoz ere probetxugarriagoa dela uste dut. Ea harreman estua lortzen dugun, horrelako gaiez hitz egiteko askoz ere hobea baita. Mezak prestatzen, elektrizitate konponketak egiten… ere ibiltzen naiz.
Nolatan erabaki duzu seminariora joatea?
Hainbeste urte eliza munduan ibilita, nahi edo ez, erlijio mundu horrekiko jakinmina piztea normala da. Elektrizitate modulua egin nuen, udan lanean aritu nintzen… baina froga egiteko eta zalantzak argitzeko momentu ona zela pentsatu nuen. Luis Mari apaizak ere momentu ona zela pentsatzen zuen eta seminarioko erretorearekin harremanetan jarri nintzen. Seminariokoak bokazioaren inguruko hitzaldiak ematera etorriak ziren, baina inork ez nau behartu eta joateko erabakia nirea izan da.
Zer aurkitu duzu bertan?
Sarrera ikasturtea egiten ari naiz, ofizialki ez naiz seminarista. Astea Donostiako seminarioan dagoen Erlijio Zientzietako Pio XXII institutuan ematen dut. Klasean 15 bat lagun gaude, baina gehienak DEI titulua atera nahi duten irakasleak dira. DEI Konferentzia Episkopalek erlijio klaseak emateko ematen duen titulua da. Nire klasekideak ez dira ni bezala seminarioan bizi eta klaseak ez dira espreski apaizgaientzat. Erlijio Zientzien diplomaturako lehen urtea egiten ari naiz. Ikasgai dezente ditugu (teologia fundamentala, filosofiara sarrera, etika filosofiko eta teologikoa, erlijioaren fenomenologia, erlijioaren historia…) eta badago zer aztertu. Ez dakit zergatik egin behar zaion uko orain arte gure bizitzan present egon den gauza bati. Elizak berak gauza txarrak eta onak baditu, baina erlijioa bera gauza mamitsua da.
Gustura al zabiltza?
Bai, nahiz eta galdu samar nabilen oraindik. Ez naiz oso ikasketa zalea izan eta, gainera, elektrizitate mundutik zientzia humanistikoetara salto handia dago. Ea jartzen naizen eta zer nahi dudan eta zer ez argitzen dudan. Beti elizan ibili naiz eta nahi edo ez galderak sortu zaizkit. Galdera horien erantzuna bilatzeko modu polita iruditzen zait. Aurrerago ikusiko da apaizgai bezala sartzen naizen seminarioan bertan. Aurtengo helburua ideiak argitzea eta alde honetatik edo beste batetik jarraitu nahi dudan erabakitzea da. Apaizgai izan nahi dudan erabaki behar dut eta uko egingo banio, Erlijio Zientzietako diplomatura amaitu edo enpresa mundura itzuli erabaki beharko nuke.
Apaizgai asko al daude Donostiako seminarioan?
Orain bost lagun gaude Donostiako seminarioan bizitzen, baina gainontzeko lauak azken urteetan dira jada. Hori dela eta, inor etorriko ez balitz, bakarrik geldituko nintzateke. Bost lagunok formadorea dugu, oso pentsakera zabaleko apaiza. Berak asko laguntzen digu, zalantza asko sortzen baitira bertan. Izan ere, bizitza nahiko aldatzen zaizu, gauza askori uko egin behar diozu… Dena den, ni oraindik ez nago seminarista bezala eta ez diot ezeri uko egin behar. Mundu hori pixka bat ezagutzeko bizi naiz seminaristekin. Jarraitzea erabakiko banu, beste sei urtez jarraitu beharko nuke: bost bertan ikasten eta seigarrena pastoral urtea. Ondoren ordenazioa ematen da.
Zer moduz seminaristekin?
Oso ondo. Oso jatorrak dira. Adin aldetik salto handi samarra dago, beraietako gazteenak 24 urte baititu eta nik, berriz, 20. Dena den, edozein gaiez lasai asko hitz egin daiteke beraiekin eta oso ondo hartu naute bertan. Pentsamoldea aldatzen ari dela ikusten da eta erlijioari buruzko beste ikuspuntu bat dute. Eliza jasaten ari den krisia probetxugarria izan daiteke.
Zer nolakoa da bertako bizitza?
Goizetan seminarioan bizi garen bostok meza izaten dugu. Ondoren, gosaldu, egunkaria irakurri eta klaseko lanak egiten ditut. Eguraldi ona egiten badu, bazkalaurretik Donostiara jaisten naiz pasiatzera eta han ikasten duten lagunekin egotera. Arratsaldean, telebista pixka bat ikusi ondoren, klasera joaten naiz; 17:30etik 20:30era. Klaseen ostean bezperak errezatzen ditugu edo meditazio apur bat egiten dugu. 21:00etan afaldu eta 23:30ak aldera ohera joaten naiz.
Nola hartu dute familiakoek eta lagunek zure erabakia?
Ondo. Alde horretatik zortea izan dut. Gurasoek oso ondo hartu dute, nahiz eta ez diren eliza munduan asko ibiltzen. Une oro euren babesa izan dut eta neronek hartutako erabakia bada aurrera egiteko eta froga egitea ondo etorriko zaidala esan didate. Lagunek ere nahiko ondo hartu dute. Txantxaren bat jasan behar izan dut, baina froga egitera animatu naute. Herrian apaiz joan naizela komentatu da, baina lagunek badakite zehazki zertan ari naizen. Gustura nabil, inork ez baitit ezer esan tonu txarrean. Lagunek buruan fallotxoren bat dutela esaten didate eta ez dut guztiz ukatzen.
Luis Mari Segurola parrokoa poztuko zen…
Noski poztu dela! Beti esan izan dit, seminarioan ikusten ninduela. Nire erabakia jakinarazi nionean asko poztu zen eta asko animatu ninduen. Bera ere, ni bezala, bere gazte garaian oso parrandazalea zela esaten du.
Hemendik urte batzuetara zeure burua apaiz ikusten al duzu? Gauza askori uko egin beharko zenioke…
Hainbeste gauzatan ikusten dut neure burua… Ikusi ikusten dut, baina baita neska batekin hasita familia bat osatzen ere eta lantegi batean edo bulego batean lanean. Uko egin beharreko gauzei dagokienez, edozein lanetan hastearekin batera baldintzatzen duzu zeure burua. Apaiz egitearekin batera ere gauza askori uko egin behar diozu, besteak beste zelibatoa dela eta. Neure bizitza bakardade horretan sartuta ikusteak beldur handia ematen dit. Ez dakit fedearen laguntza soilaz bakarrik bizitzeko gai izango nintzatekeen. Parrokia batean lan egitea oso polita da, familia handi bat baita, baina besteak bere etxera joaten dira bere familiarekin egotera eta apaiza berera joaten da bakarrik egotera. Dena den, ez da hori erabakia hartzeko orduan pisurik handiena izango duena. Gainera, elizan hemendik urte batzuetara sekulako aldaketa emango dela uste dut. Ez dakit zelibato kontua aldatuko den, baina krisi baten ondoren gauzak aldatu egiten dira beti.
Zer da, orduan, erabakia hartzeko orduan gehien kezkatzen zaituena?
Apaiz ona izateko gai izateak edo ez izateak kezkatzen nau gehien. Askotan zer motatako apaiza izango nintzatekeen eta parrokia baten buru izateko ahalmena izango nukeen galdetzen diot neure buruari. Apaiz izateak asetuko nindukeela argi dut, apaiz lana oso aberasgarria baita. Bizitza osoa besteei laguntzen ematen da eta horrek barrena lasaitzen du.
Dena den, fededun eta apaiz kopuruaren jaitsiera dela eta, apaizen lana asko alda daiteke datozen urteetan…
Elizara hurbilduko direnen eta apaizen kopurua asko murriztuko da. Ikerketen arabera Gipuzkoako apaizen batez-besteko adina 70 urtekoa da. Taldea askoz ere murritzagoa izango da, baina horrek bere alde onak ere baditu. Apaiz bakoitzak inguru handiagoa hartu beharko du, baina talde txikietan fede sakonketa handiagoa egiten da. Politagoa ere izan daiteke. Elizaren hasierako egoerara bueltatzea izango da, eliza sorreran gauza txikia baitzen. Beste metodologia bat eramango da, hainbeste protokolo eta liturgia desberdin alde batera utzita.
Jendea elizara hurbiltzeko ahalegina ere egin beharko da…
Ez dut uste elizak inor bere ondora erakartzeko ahaleginik egin behar duenik, bakoitzak ikusi behar du zer egin eta zer ez egin. Dena den, jendeak eliza gauza itxia bezala ikusten du eta elizak ateak zabaldu beharko lituzke. Bigarren mailako hainbat gauza alde batera utzi eta bere eginbeharrean zentratu. Jendeak apezpiku-batzarrak antisorgailuei buruz eta esaten dituenei ematen die garrantzia, baina elizaren eginbeharra ebanjelioaren mezua zabaltzea da. Elizak urte askotan eginkizun hori pixka bat ahaztuta izan du eta orain horren ondorioak jasaten ari da. Bestalde, elizak 250 orrialdeko dokumentu bat aurkeztu eta prentsak gai morbosoei soilik ematen die garrantzia. Gure herriko eliza hartu beharko genuke aintzat, Erromatik eta Madriletik datozen gauzak alde batera utzita.
Instituzioa aldatuko dela uste al duzu?
Emakumeen paperari dagokionez, adibidez, eliza aldatuko dela uste dut. Eliza erakunde oso zaharra da eta historian zehar gizarteak ere emakumeak gutxietsi ditu. Eliza gizartearekin batera aldatzen joan da eta oraindik ere aldatuko da. Eliza barruan ere zatiketak daude. Batzuk oso ortodoxoak dira eta elizaren legeak dioena besterik ez dute ikusten. Eskerrak askoz ere mentalidade zabalagoa duen jendea ere badagoen. Legeak hor daude, baina horiek ere betetzeko eta ez betetzeko daude. Eliza ofizialak bere iritziak ematen ditu, baina bakoitzak bere gogoeta egin dezala. Eliza bere legeetan oinarritzen da, nahiz eta lege batzuk nahiko zaharkitua egon daitezkeen. Niri garrantzitsuagoa iruditzen zait bakoitzak bizi dezakeen fede esperientzia.
Elizak ez al dio askotan gizarteari bizkarra ematen?
Goi karguak ortodoxian eta legearen menpe bizi dira, elizaren barne funtzionamendua zaintzearekin nahikoa dute. Herri mailan, ordea, eliza nahiko gizarteratua dago. Jende askok jotzen du apaizarengana arazoak dituenean eta nire ustez laguntza lan polita egiten dute. Ez dakit jendeak zergatik duen elizari buruzko hain ikuspuntu iluna. Lagunartean gai hau ateratzen denean, "eliza diruaren gose beti" eta antzerakoak esaten dizkidate. Elizak astakeriak egin ditu, baina bere alde oso onak ere baditu: zergatik uzten da alde batera, adibidez, misioetan egiten den lana eta arreta jartzen da elizak esaten dituen gauzetan? Horrek eragiten dio jendeari elizaren aurkako jarrera. Nik ezagutzen dudan elizak ez du diru goserik.