Nolatan hasi zinen areto futbolean?
Atletismoa egiten nuen, eskola kirolean sekula ez baikenuen futbol talderik izan. Urretxuko Aldiri Kiroldegian entrenatzen nuen eta Goierrikoek beraiekin areto futbolean aritzea eskaini zidaten 12-13 urterekin. Gipuzkoa mailan jokatzen genuen eta Euskadiko selekzioarekin jokatzen ere hasi nintzen. Ondoren, nazional mailan jokatu nuen, gero berriro Gipuzkoa mailan eta, aurten, estatu mailako Ohorezko Mailan jokatzeko aukera eskaini didate.
Beti Goierri taldean aritu al zara?
Eskola kirolean talderik ez zegoenez, Goierrin edo Urolan jokatu beharra zegoen. Ni hasi nintzenean Goierrik talde bakarra zuen eta, beraz, beti talde nagusian jokatu dut.
Nolatan aurten Ohorezko Mailan?
Goierrik iaz edo duela bi urte, ez naiz ziur, EHUrekin hitzarmena sinatu zuen. Hitzarmen horretatik jaio zen taldeak iaz Euskal Ligan jokatu zuen eta denboraldi honetan Ohorezko Mailan plaza lortu du. Gipuzkoako bi talde bakarrik gaude maila gorenean: Tolosako Hegoalde eta gu. Orain arte, berriz, Gipuzkoa mailan jokatzen duen Goierriren taldean aritu naiz.
Salto handia nabaritu al duzu?
Entrenatzailea ezagutzen dut eta taldeko jendearekin aritua naiz, selekzioarekin eta. Dena den, alde handia nabaritu dut: aurkariek oso maila ona dute. Oraingoz partida bakarra irabazi dugu, baina gustura nabil. Izan ere, talde honetan serioago hartzen dugu areto futbola.
Euskal Herri osoko neskak jokatzen al duzue taldean?
Goierri-EHUk bi talde ditu, Gipuzkoa mailan jokatzen duena eta gurea. Regional mailako taldean ataundar bat eta bi nafar daude, baina gure taldean guztiak donostiarrak dira bi brasildar eta ni izan ezik.
Zer moduz brasildarrekin?
Sardiniako txapelketa batean ezagutu zituzten eta hona etortzea eskaini zieten. Tolosan bizi dira eta oso gustura daude. Beraientzat hona etortzea, futbolean jokatzera gainera, arrakasta handia da. Brasilen eguneko 24 orduak baloiarekin jolasten ematen dituztenez, maila ona dute. Dena den, ez daude defendatzera oso ohituta.
Brasildarrak eta guzti dituen Ohorezko Mailako taldean izanik, minutu asko jokatzeko aukera al duzu?
Espero nuena baino gehiago ari naiz jokatzen. Pozik nago. Orain arte partida guztietan jokatu dut.
Nondik nora zabiltzate?
Orain arte Madrilera, Irla Kanariarretara eta Logroñora joan gara, baina Zaragozara, Murtziara, Bartzelonara eta Galiziara joatea ere tokatuko zaigu. Esan bezala, partida bakarra irabazi dugu, baina gehiago egin dezakegula uste dut. Gure asmoa ari garen mailan jarraitzea da. Bestalde, etxean edo kanpoan jokatzeak asko egiten du. Talde batzuei euren etxean irabaztea oso zaila da. Guk Urretxun jokatzen dugu eta jende dezente etortzen da ikustera, baina asko Donostiako jokalarien gurasoak eta lagunak dira. Dena den, jokatzeko orduan, ez zait asko inporta jende asko dagoen edo ez.
Taldeen artean alde handiak al daude?
Batzuek egunero entrenatzen dute, beste batzuk areto futboletik bizi dira… Guk astean hiru egunetan entrenatzen dugu Bidebietako kiroldegian eta gastuak besterik ez dizkigute ordaintzen. Dena den, beste batzuk okerrago daude, fitxak ere euren poltsikotik ordaintzen baitituzte.
Ikasketak eta futbola uztartzeko ondo moldatzen al zara?
Ingeniaritza ikasten ari naiz Ordizian eta klaseak arratsaldez ditut. Klasetik irten ondoren, Donostiara joaten naiz entrenatzera. Etxera oso berandu heltzen naiz eta ikasketak baztertu samar ditut, baina ez futbolaren erruz.
Luzaroan jokatzen jarraitzeko asmoa al duzu?
Ez dut uste futbola utziko dudanik, asko gustatzen baitzait. Ohorezko Mailan jarraitzerik izango ez banu, inongo arazorik gabe itzuliko nintzateke herrian entrenatzen duen taldean jokatzera. Txikitatik kirol guztiak oso gustukoak ditut, baina batez ere futbola. Gainzuriko “zelai gorrian” makina bat ordu eman ditut.
Ez al zara sekula zelai handian aritu?
Ez. Argixaon txapelketaren bat jokatu dut, baina ez oso serio. Dena den, zelai handian frogatzea pentsatu izan dut. Aurten, Ohorezko Mailan jokatzeko aukera suertatu aurretik, Argixaon jokatzera joatekotan nintzen. Baina Urolak ez du nesken talderik atera eta Urolan aritzen ziren neska batzuk areto futbolean hasi dira. Azken finean, zelai handian edo txikian, futbola futbola da. Gainera, errazagoa iruditzen zait areto futbolean aritu dena futbolera ohitzea. Izan ere, areto futbolean teknika beharrezkoa da eta futbolean fisikoki ondo moldatzearekin aski izan daiteke.
Euskal futbol taldeak jarraitzen al dituzu?
Ez naiz oso zaletua. Osasunaren alde egin dut beti, nire inguruan Realzaleak direnak Athletic-en aurkakoak baitira eta horrek asko izorratzen bainau. Realak irabaztea atsegin dut, baina baita Athletic-ek eta Osasunak irabaztea ere. Dena den, ikustea baino, jokatzea nahiago dut.
Euskadiko selekzioarekin jokatu izan duzula esan duzu…
Dezentetan. Errusiara ere Euskadiko selekzioarekin joan gara, Eusko Jaurlaritzaren bidez uste dut. Bielorrusia, Ukrania eta Italiako selekzioen eta Errusiako bi talderen aurka jokatu dugu. San Petersburgon izan gara eta gustura ibili gara. Oso toki polita da, baina janaria oso txarra zen.