Zumarragako Trikitixa 1920an jaio zen, Urteagatarren osaba zen Joxe Oriaren eskutik. Joxe Urteaga, berarekin eta Joxe Migel Ormazabalekin hasi zen soinua jotzen. "Osabak trikitixa izugarri maite zuen. Amonak esan zidanez, ahotsa heztera eraman nahi izan zuten, baina berak trikitixarekin jarraitu nahi zuen". Izan ere, Migel Urteagak dioenez, Joxe Oriak ahots bikaina omen zuen: "Trikitixa munduan entzun dudan ahotsik onena zuen".
Joxe Oria panderojolea zen, baina normalean soinujoleak izaten duen protagonismoa zuen. Migel Urteagak dioen moduan, bera zen taldearen ardatza. "Soinujole askorekin ibili zen. Soinujole batek uzten zuenean, beste bat hartzen zuen; baina beti Zumarragako Trikitixa izenarekin ibili zen. Normalean alderantziz izaten da: soinujolea izaten da bikoteari izena ematen diona". Gainera, "disko zaharretan Director: Joxe Oria jartzen du eta ez du jartzen soinujolea zein zen. Tipo berezia zela eta fama handia zuela erakusten du horrek", dio Mikel Alustizak.
Hain zen handia Joxe Oriaren trikitiarekiko maitasuna, non hil arte panderoa jotzen jardun zuen eta Joxe, Inazio, Sebe eta Migel ilobak zaletu zituen. Joxe iloben etxean bizi zenez, Urteagatarrak (baita euren ondorengoak ere) trikitixa giroan hazi ziren. "Joxe hasi zen, baina gero eutsi egin diogu. Azkenean betebeharra da, familian hasitakoa jarraitu nahia. Epeldetarrek ere familia tradizioari eutsi diote, baina ez da guk bezainbeste urte daraman familiarik", dio Mikel Alustizak.
Hainbeste urtetan eutsi izanak ez ezik, beste hainbat gauzek ere egiten dute berezi Zumarragako Trikitixa Mikelen ustez. "Teknika aldetik ez gara sekulakoak izan, baina izaera eta trikitixa ulertzeko era berezia dugu. Izan ere, kaleko eta parrandako giroa bizi izan dugu beti. Joxek, berarekin ibili ziren soinujoleek eta nire osabek, bere garaian, gauza asko egin zituzten: bik kantatzen zuten, trikitixa desberdina egiten zuten… Osaba Joxeren soinua jotzeko era berezia da, Azkoitiko eskolakoa ez zen Joxe Migel Ormazabalek erakutsi baitzion. Kantatzeko era ere berezia zen, taberna giroaren eraginez. Gainera, diskoak grabatu zituzten eta hori, garai hartan, oso gauza garrantzitsua zen". Migel Urteaga iritzi berekoa da. "1957an Joxe Migel Ormazabalek eta lau anaiok diskoa grabatu genuen, 1958an Sakabi eta Egañazpik grabatu zuten eta, ondoren, 12 bat urtetan ez zuen inork diskorik grabatu".
Herri handietako kaleetan eta tabernetan jotzeari eta euren izaerari esker, Zumarragako Trikitixak sekulako ospea lortu zuen. "Tabernetara joaten ginen eta trikitixa bakarrik jo beharrean, denak girotzeko moduko musika jotzen genuen. Ezkontzetan, afarietan… zer jende zegoen begiratu eta haien araberako musika jotzen genuen. Behin, Legazpiko Eliz-Ondo tabernan, mutil batzuk gu zirikatzen hasi ziren eta ordu eta erdi eman genuen soinua jotzen isildu gabe, beraiek dantzan zeharo nekatu ziren arte", dio Joxe Urteagak.
Tokian-tokiko jendearen arabera jotzen zutenez, gaztelaniaz ere abesten zuten. Hori dela eta, zenbait jendek kritikatu egin ditu eta horrek Mikel amorrarazten du. "Giro desberdinetan ibili dira, jende desberdinarekin, eta horrek eragin zuen erdaraz ere kantatzea. Inork ez du esaten, erdaraz kantatzen zuten arren, hasiera-hasieratik politika gaiak jorratu dituztela. Hala, zenbait disko ateratzeko arazoak izan zituzten, abestien letra zela eta. Duela 20 bat urte, irrati batzuek ez zituzten Zumarragako Trikitixaren erdarazko abestiak jartzen. Beraientzat trikitixa erdaraz abestea sakrilegioa zen, baina guri asko gustatu izan zaigu erdaraz kantatzea. Erdarazko abesti bat polita bada, zergatik ezin da kantatu?". Garikoitz iritzi berekoa da: "rantxera asko, euskaratzearekin batera, hondatu egin dituzte".
Aipatu bezala, Zumarragako Trikitixak politika gaiak ere jorratu ditu bere abestietan. Hori dela medio, besteak beste, Goardia Zibilek ez zituzten oso begiko. "Behin, Kizkitzan, Goardia Zibil batek pasodoblea jotzeko agindu zigun (Joxe). Kasurik egin ez nionez, haserretu egin zitzaidan. Vaya usted a donde aquel señor que está con la sotana y si dice que toque pasodoble, tocaré pasodoble, esan nion. Ez zen gehiago azaldu!".
Apaizek bazekiten hain arrakasta handia zuen taldearekin ondo konpontzea komeni zitzaiela… Inaziok Antion jendea sueltoan dantzatzen euren eskutik hasi zela gogoratzen du. "Trikitilariek eliza atzealdean agarrauan jotzen zuten eta parrokoak aurrealdean sueltoan jotzeko eskatu zigun. Garai hartan herriko plazak dantzariz betetzen ziren, goizeko ordubiak arte edo beranduago arte jotzen genuen eta hurrengo goizean, diana. Behin, sanjoanetan irten eta santaisabeletan itzuli nintzen etxera".
Ordutik hona gauzak asko aldatu dira: erromeriek behera egin zuten eta, zenbait urtetan, gazteek ez zuten estimu handian izan trikitixa. Mikel Alustiza garai hartan irten zen lehenengoz plazara. "Nire garaian gazte batek panderoa jotzea ez zen hain normala. Nire adineko jendeari ez zitzaion buruan sartzen euren adineko batek panderoa jotzea, baina, etxean beti hori ikusi nuenez, gustatu egiten zitzaidan eta aurrera jarraitu nuen. Zorionez, ordutik trikitixak gora egin du".
Mikelen ondoren, Garikoitz Lizarragak eta Kepa Urteagak, Joxeren bilobak eta Migelen semeak, soinua eta panderoa jotzen ikasi zuten. Hauen atzetik ere, ba omen datoz beste batzuk. "Orain arte ez dugu familia tradizioari eusteko arazorik izan eta ez dirudi aurrerantzean arazorik izango dugunik. Orain Kepa, Migel eta hirurok gabiltza (Mikel), Gari ere badator eta Inazioren bi biloba ikasten ari dira".
Egitarau oparoa
Zumarragako Udalak eta herriko trikitizaleek omenaldi egitarau bikaina antolatu dute abenduaren 12rako. Goizean herriko trikitilariek herriko kaleak alaituko dituzte. 12:00etan, Javier Ramosen "Zumarragako Trikitrixa eta bere ingurua (1920-2004)" liburua aurkeztuko da Udaletxean. 13:00etan, Antonio Oteizaren "Zumarragako Trikitrixaren Omenaldia" eskultura inauguratako da Elizkalen. 14:30ean, berriz, omenaldi-bazkaria izango da. Bukatzeko, 17:30ean, erromeria izango da Elizkalen. Bertan, herriko trikitilariez gain, Lajak, Landakandak, Laja gazteak eta Iturbidek parte hartuko dute. Urretxu-Zumarragako eta inguruko taldeetako dantzariek giroa berotuko dute, herritarrak dantza egitera anima daitezen. Aipatu, bazkarirako txartelak Zumarragako Udaletxean salgai direla 35 eurotan.
Arrastoa utzi duen trikitilari taldea
Zumarragako Trikitixak oso lan garrantzitsua egin duela argi dago. Talde honek trikitixa munduan suposatu duena jakiteko Kepa Junkera, Esteban Larrañaga, Joseba Tapia, Edurne Iturbe, Iñaki Garmendia “Laja” eta Jose Mari Iriondorengana jo dugu eta honako galderak egin dizkiegu:
1.-Gogoratzen al duzu noiz eta non entzun zenuen lehenengoz Zumarragako Trikitixa?
Zer inpresio jaso zenuen?
2.-Beraiekin hartu-emanik izan al duzu?
3.-Zein uste duzu izan dela euren ekarpen nagusia?
4.-Omenaldia dela eta, zer edo zer esan nahi al diezu?
Joxe MARI IRIONDO, “ZALDIBARKO TRIIKITIXA”
1.-Joxe Oria zena, mutikoa nintzela, Santa Isabeletan panderoa jotzen entzun nuela gogoratzen dut.
2.-Joxe Urteaga eta, nire adin ingurukoak dira, baina Zaldibarrera 19 urterekin etorri nintzen eta, ezagutu eta entzuten nituen arren, ez nuen hartu eman handirik izan beraiekin. Dena den, Inaziok eta Seberianok inoiz panderoa jo dute nirekin.
3.-Zumarragako Trikitixakoak bereziak izan dira, trikitixa desberdina egin dute. Trikitilari klasikoak ezagutu ditut (Gelatxo, Itsasakorta, Sakabi…) eta Zumarragakoek errepertorio desberdina egin dute. Jotzeko modu desberdina izan dute.
4.-Ea tartetxo bat hartu eta abenduaren 12an Zumarragara joaterik dudan. Beraiekin egotea gustatuko litzaidake zoriontzeko.
Kepa JUNKERA
1.-Sakabi eta Egañazpirekin atera zuten diskoan entzun nuen lehenengoz Zumarragako Trikitixa. Bi taldeen estiloak zein desberdinak ziren deigarria iruditu zitzaidan.
2.-Umetan Zumaiara joaten nintzen oporrak pasatzera eta beraiek ere hara joaten ziren. Itzurungo hondartzan eta soziedaderen batean topo egiten genuela gogoratzen dut. Eskuko soinua jotzen nuela jakin zutenean; musika herrikoia jotzea oso polita zela, baina parranda asko egiten zirela eta kontuz ibiltzeko esan zidaten. Trikitixa jotzen ikasi nuenean beraien piezatako batzuk atera nituela oroitzen dut.
3.-Errespetu handia diet belaunaldi honetako trikitilariei, benetan gustukoenak dira. Rufino, Sakabi, Laja, Auntxa, Zumarragako Trikitixa… Haiek zuten pasioa ez dut ondorengo belaunaldietako trikitilarietan somatu. Beraiei esker jotzen dugu trikitixa gazteago garenok. Beraien soinuak bultzatu gintuen jotzera, sentipen eta sentsazio transmisio handia egin zuten. Hori dela eta, Elkar argitaletxearentzat "Betiko trikitixa" izeneko diskoa ekoiztu nuenean, Zumarragako Trikitixakoak disko horretan parte hartzera gonbidatu nituen.
4.-Omenaldi eguna senitartekoekin eta lagunekin gozatzeko eguna da eta ondo pasa dezatela. Besarkada bat bidali nahi diet eta nire mirespena adierazi.
ESTEBAN LARRAÑAGA
1.-Gaztetan Zumarraga aldera gutxi etortzen nintzen. Duela 32 urte entzun nituen lehenengoz zuzenean, Iturbide eta Ahuntxa zirenei egin zitzaien omenaldian. Orduan ezagutu nituen Joxe eta Migel, baina lehenago Loiola Irratian entzunak nituen; Jose Mari Iriondok egindako grabazioei esker. Lehenengoz entzun nituenean inpresio handia eragin zidaten: alaiak eta biziak ziren eta jotzeko benetan modu ezberdina zuten. Teknika edo kalitate aldetik ez ziren Lajaren parekoak, baina joaten ziren tokietan giro alaia sortzen zuten. Inorekin zerikusirik ez zuen zer edo zer zuten. Horregatik iraun dute, euren izaera propioari eutsi diotelako. Bide bat hartu zuten, nire ustez zuzena, eta bide hori jarraitu zuten. Ez diote inori kopiatu eta beraiei kopiatzea oso zaila da.
2.-Garai batean egin zitzaien omenaldian antolaketa lanean aritu nintzen eta Iparragirreren aurrean lore sorta utzi zutela gogoratzen dut. Oso polita izan zen, niretzat Zumarragako “Iparragirre”-ak izan baitira. Geroztik, Zumarragan izan diren jaialdietan hartu-emana izan dugu eta harreman ona izan dut beti beraiekin.
3.-Joxe ez da txapelketa batera joateko moduko soinujolea izan, baina horrek ez du esan nahi soinujole handia izan ez denik. Zoritxarrez galtzen ari den kaleko giroa pizten inork baino hobeto zekien. Oraindik ere, mahai baten inguruan jotzen duenean, zer edo zer pizten zait barrenean.
4.-Izugarri pozten nau Zumarragaren izena toki guztietara eraman dutenei omenaldia egin behar zaiela ikusteak. Gure herri honetan jende askok isil-isilik lan egin du eta beste herrietan ere halako omenaldiak egin beharko lirateke. Lan hauetan gehiagotan ez aritzea erabakita nuen, baina omenduak zeintzuk diren jakinda, oso gustura aritu naiz lanean.
JOSEBA TAPIA
1.-Nik umetatik trikitixa entzuten nuen edonon: etxean, irratian, herriko festetan, familiakoetan,… Zumarragako trikitixa ere garai horretan entzun izango nuen lehendabizikoz ziurrenik, zeren jotzeko modu berezi hori eta kantatzeko zuten grazia hori oso ezaguna izan dut betidanik. Oso deigarriak ziren. Umore handikoak ziruditen. Festa eta giro sortzaile abilak.
2.-Bai noski. Joxek soldaduzka gure osaba Eleuteriorekin egin zuen Lizarran eta ezagupena aspaldikoa izan da gure familian. Gero trikitixa elkartean ere oso aktibo lan egindakoak ditugu Oriatarrak. Garai batean Zumarragan bertan, beraien lokalean, egiten zituzten elkarteko bilerak eta ni ere osabarekin bertaratzen nintzen eta haiekin tratu beroa izaten zen beti. Gerora ere elkartu izan garenetan beti egon da sekulako konplizidadea.
3.-Beste eskola bat izan dute Zumarragakoek. Estilo aldetik batez ere. Jotzeko modua askoz tensoagoa eta biziagoa. Soinuari beste hots bat atera izan dio Joxek; lenguetak irrintzi batean eta mugimendua gorputz osoan. Kantatzeko ere gustu handikoak eta oso tonalitate altuetan erraz moldatzen direnak.
EDURNE ITURBE
1.-Txikitatik entzun dut Zumarragako trikitixa: etxean, Santa Isabeletan eta erromerietan. Garai hartan asko jotzen zuten eta gozada zen jende guztia beraiekin dantza egiten ikustea. Orain hori galdu egin da.
3.-Erromeri giro hori sortzeko duten ahalmena da, hain zuzen ere, euren ekarpen nagusia. Jotzen dutenean gustura ari direla ikusten zaie, gainera. Lehengoan, geltoki ondotik pasa eta Joxe entzun nuen jotzen: plazak utzi dituen arren, trikitixa benetan gustuko duela erakusten du horrek.
4.-Goza dezatela omenaldi egunaz, ondo merezita dute eta, eta jarrai dezatela jotzen. Ni ere omenaldi eguneko goizeko kalejiran zein arratsaldeko jaialdian arituko naiz, gustura asko gainera.
IÑAKI GARMENDIA, “LAJA”
1.-Oso gaztea nintzela, gurasoekin Zumarragara joan nintzen eta kalean jotzen ikusi nituen. Joxeren soinua probatu nuela gogoratzen dut, gero lapurtu zioten soinua. Trikitixa kalean jotzen zuten eta kalean jotzen zutenek jarraitzaile asko izaten zituzten. Gainera, giroa jartzen apartak ziren eta abesti oso onak zituzten, hori oso garrantzitsua da.
2.-Zumarragako Trikitixa osatu duten nire garaiko guztiekin izan dut harremana: askotan elkartzen ginen eta azken diskoa euren ilobarekin, Mikelekin, atera nuen.
3.-Zumarragako Trikitixa urte askotako lanaren emaitza da. Jende guztiak ez ditu ezagutuko, baina oso ezagunak dira. Kategoria izan dute. Askotan gertatu izan zaigu erdaldunek gu ikusi eta "¿ya sabes tocar trikitixa de Zumarraga?" galdetzea.
4.-Abenduaren 12an Zumarragan izango gara jotzen eta hor bertan emango dizkiet zorionak.
Javier Ramos: “Ez dago hainbeste iraun duen talderik”
Ramosek Zumarragako Trikitixaren historiari buruzko liburua idatzi du
Santa Lutzi bezperako omenaldi ekitaldien barne, 12:00etan, "Zumarragako Trikitrixa eta bere ingurua (1920-2004)" liburua aurkeztuko da Zumarragako Udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Liburu hau Javier Ramos akordeoilari, irakasle eta kazetari urretxuarrak idatzi du eta bertan Zumarragako Trikitixaren historia eta eskusoinua penintsulan nola sartu zen azaltzen da.
Noiz hasi zinen liburuaren kontuarekin?
Mikel Alustizarekin kalean topatzen nintzen bakoitzean egunen batean eurei buruzko liburua idatzi behar nuela esaten nion. "Acordeón Siglo XXI" aldizkaria egiteari utzi nionean, 2001ean, liburua prestatzen hasi nintzen. Lehen elkarrizketa Jakari egin nion eta berak herria zenbat maite duen ikusteak indar handia eman zidan. Jakak berak Antonio Pradarengana joateko esan zidan eta honek astindu handia eman zion nire lanari. Izan ere, halako lanak egiten ohitua dago. Asko ikasi dut berarekin. Pradak, lana interesgarria zela ikusirik, alkateari erakutsi zion eta honek liburua aurrera ateratzeko baliabide guztiak nire esku jarri ditu. Hori dela eta, Anton Arbuluri eta Zumarragako Udalari nire esker ona azaldu nahi diet.
Zumarragako Trikitixak liburu bat, eta gehiago, merezi du…
Txikitatik akordeoiarekin harreman estua izan dut: Maite Janeirorekin akordeoia ikasten hasi nintzen, Enrike Zelaiaren grabazioak entzuten nituen eta, gainontzeko urretxuar eta zumarragarrek bezala, Zumarragako Trikitixa entzuten nuen. Urretxu edo Zumarragakoa izanez gero, ezinezkoa da Zumarragako Trikitixaren soinua ez ezagutzea. Izan ere, festa eta ekitaldi guztietan parte hartzen dute. Niretzat akordeoiarekin eta herriarekin lotua dagoen zer edo zer egitea oso pozgarria izan da. Norbaitek idatzi behar zuen liburu hau.
Zumarragako Trikitixaren historia hasiera-hasieratik aztertu duzu. Nola hasi ziren?
Kasualitatez. Jakak ikertutakoaren arabera, 1920ko San Joan gauean "Kanpanzar" soinujolea etorri zen eta Joxe Oria panderoarekin laguntzen hasi zitzaion. Ondoren, beste askok jo zuten akordeoia Joxerekin. 50eko hamarkadatik aurrera, guztiok ezagutzen ditugun Joxe eta Migel Urteaga hasi ziren. Zumarragako Trikitixa hasi zenerako beste trikitixa talde batzuk bazeuden, baina ez dago hainbeste urtetan bizirik iraun duen talderik. Izan ere, 80 urte baino gehiago baitaramatzate jotzen. Trikitixaren difusioaren epizentroa dira. Bestalde, Joxe Urteaga oso garrantzitsua izan da jotzeko moduagatik. Joxe eta Migel ez dira oso teknikoak izango, baina jendea animatzen eta ikuslegoarekin bat egiten apartak izan dira. Nortasun handikoak dira eta euren lana erakargarri, interesgarri eta errespetagarri egiten jakin zuten.
Argi dago trikitixa maite dutela…
Askotan ezeren truke lan egin dute eta sekulako astakeriak egin dituzte. Elurpean Antzuolara oinez jaitsi, goizeko ordubiak arte jo eta seietan jaiki baserri guztietan jotzeko, esaterako. Joxe Urteagak esaten duen moduan, egun inork ez luke halakorik egingo. Lehen beste era batean bizi eta dibertitzen zen jendea eta Euskal Herriak izan duen bizimodu aldaketa ondo pasatzeko moduan ere nabaritu da.
Garai hartan trikitixa izugarri garrantzitsua zen, beraz…
Garai bateko Euskal Herriko festen ardatza trikitilari taldeak ziren, haiekin pasatzen zuen ondo jendeak. Erromerietan talde bakoitzak bere tokia zuen eta jendeak ordaindu egiten zuen trikitilari baten soinuarekin edo bestearenarekin dantza egiteko. Baina akordeoia Europa osoan jotzen zen eta mundu marjinalean, batez ere, sekulako arrakasta zuen.
Lan honi esker, Zumarragako Trikitixakoak primeran ezagutzeko aukera izan duzu. Zer esango zenuke beraietaz?
Eskuzabaltasun osoz musikaren eta herriaren alde gauza asko egin dituzte. Zumarragak asko zor die, beraien eskutik jende askok primeran pasatzeko aukera izan baitu. Bestalde, oso jende ona da. Oso erraza izan da beraiekin lan egitea eta Mikelek izugarri lagundu dit Zumarragako Trikitixan aritutako jendearekin harremanetan jartzen.
Akordeoia Euskal Herrira nola iritsi zen ere aztertu duzu. Ez al zegoen argi bada trenbidea egiten lan egitera etorri ziren italiarrek ekarri zutela?
Azken urteotan akordeoia Euskal Herrira eta Espainiara nola sartu zen ikertzen aritu naiz eta datu zaharrenarekin topo egin dut. Akordeoia Parisetik heldu zen Madrilera eta ikusmin handia sortu zuen. Trenbidea egitera etorri ziren italiarrek akordeoizaletasuna handitu zutela egia da, ez, ordea, instrumentua beraiek ekarri zutela. Italiarrak etorri baino 20 urte lehenago akordeoia ezaguna zen jada. Akordeoia 1829an asmatu zen eta 1930ean jada erruz fabrikatzen hasi ziren. Madril eta Paris arteko harreman komertziala oso ona zenez, Madrilera berehala heldu zela argi dago. 1841ean Madrilgo erakusketa batean akordeoi bat aurkeztu zela dion agiria topatu dut, esaterako. Euskal Herriko trikitiaren historiaz asko idatzi da, baina azaletik soilik ikertu da.
Akordeoiaz hitz egiten duzunean, akordeoiaz eta soinu txikiaz ari al zara?
Garai batean ez ziren trikitia eta akordeoia bereizten. 1900. urte inguruan akordeoiaren bilakaera hasi zen eta bi mota sortu ziren: alde batetik akordeoia eta bestetik akordeoi diatonikoa. Akordeoi diatonikoa eboluzionatu ez zuen akordeoia dela esan ohi dut. Akordeoi diatonikoaren botoi bati ematen diozunean, hauspoa irekitzean, soinu bat ateratzen da eta ixtean beste bat. Horrek musikariari asko zailtzen dio lana. Hori dela eta, ixtean eta irekitzean soinu bera atera zezan, lengueta sistema bikoitza jarri zuten. Zumarragako Trikitixa akordeoi handiarekin hasi zen, baina kalean gora eta behera jotzeko askoz ere erosoagoa da akordeoi diatonikoa. Dena den, trikitixan, instrumentua bera baino garrantzitsuagoa formazio mota da: eskusoinua panderoarekin.
Lan hau egiten ari zinela bitxikeriak ere aterako ziren…
Solasaldietan pertsona askori buruz hitz egin genuen, tartean "Cara al sol" konposatu zuen Juan Telleria zegamarraz. Telleriak Zumarragako Trikitixako kidea izan zen Jose Migel Ormazabalekin ikasi zuen musika eta Ormazabalek bere seme-alabei pertsona eta musikari bikaina zela esan zien. Musikari handia zenez, Madrilera joan zen eta, ezinbestean, Falangeko jendearekin harremana egin zuen. Madrilen bizi diren bere alabek esan zidatenez, bere asmoa ez zen izan Falangearen ereserkia konposatzea. Doinu bat sortu zuen eta hari, ondoren, letra jarri zioten.
Beste libururen bat kaleratzeko asmorik ba al duzu?
Dagoeneko bigarren liburua idazten ari naiz: Enrike Zelaiari buruzkoa. Altsasun duen tabernan elkarrizketa mordoa egin dizkiot eta lagunak gara jada. Zelaiak kontzertu asko eskaini ditu Hegoamerikan eta Euskal Herriko musikaren hedatzaile garrantzitsua izan da. Musika klasikoa uztea erabaki ondorengo lehen kontzertua, lehen euskal musika kontzertua, Zumarragan eskaini zuen 1971n. Zelaia sinboloa izan zen eta garai hartan Segura Irratian ia ez zen beste ezer entzuten. Berak dion moduan, garai hartan "40 principales" egon izan balitz, urteak eman izango zituen lehen postuan "Jota vasca Nº 1" eta "Jota Vasca Nº 2"-ekin.