Zuengatik zuentzako, gurekin nahi zaituztegulako lemapean egin den diskoaren aurkezpena Gaztelekun bertan izan zen eta jende ugari elkartu zen. Ekimenaren sustatzaileek “Irimo eta Belokiren magaletatik, gogoz kontra, urrun egotera behartuak dauden guztiei” eskaini zieten diskoa. Aurkezpenaren ostean, diskoan parte hartu duten taldeetako batzuek kontzertua eskaini zuten.
Diskoa ateratzeko ideia Zuhaitzaren Soinua Kolektiboari otu zitzaion. Zuhaitzaren Soinuakoek egitasmoa Gazte Asanbladakoei aurkeztu zieten eta lanean hasi ziren. Grabaketa lanak maiatzean egin zituzten Bartzelonako “El Crack” estudioetan eta ekoizpena Gaztelekuk egin du. Aipatu, SGAE-k, Sociedad General de Autores y Editores-ek, “El Crack” estudioari egile eskubideak eskatu dizkiola; nahiz eta ekimenaren sustatzaileek ez duten halakorik eskatzeko inongo asmorik.
Guztira herriko zazpi musika taldek parte hartu dute egitasmo honetan eta diskoan Zuhaitzaren Soinua Kolektiboa, Biffs & Johonny, Meatxu, Middel Finger, Repugnancia Social eta Spezial Guest taldeen kantuak entzun ditzakegu. Baita lagun talde batek diskorako espreski sorturiko rantxera dotorea ere. Parte hartzaile guztiek diskoa “elkarlanaren eta ilusioaren fruitua” dela azpimarratu dute.
Diskoa 6 eurotan jarri da salgai herriko tabernatan eta Gaztelekun. 500 kopia atera dira eta lortuko den dirua presoei igorriko zaie.