Baby haurrentzako arropa eta ume-kotxe denda duela 37 urte ireki zen eta Karmelek 20 urte baino gehiago daramatza dagoeneko bertan lanean. “Dendatik herriko ama ia guztiak pasa dira jada, baina dendari lana ez da asko aldatu. Lehen dendara etortzen ziren saltzaileei erostearekin nahikoa zen, baina orain azoketara joan beharra dugu. Izan ere, askoz ere kolore eta modelo gehiago daude eta oso zaila da merkatua kontrolatzea eta erosketak egitea. Bestelakoan, beti bezala, sinpatia eta umore ona ezinbestekoak dira”.
Karmele Bi Tartean Urretxu eta Zumarragako dendarien elkarteko lehendakaria da urte bukaera bitartean. “Gustura ibili naiz eta dendari guztiak lehendakari kargutik pasa beharko liratekeela uste dut. Gure azken ekimena bezero txartela izan da eta arrakastatsua izaten ari da. Bi Tartean txartela eskuratzen dutenei puntuak ematen dizkiegu erosketak egiten dituzten bakoitzean eta opariak eta deskontuak eskuratu ditzakete”.
-Zer izan nahi zenuen umetan?
Andereñoa, zaindaria, dendaria… gauza asko.
-Aisialdian zer egitea atsegin duzu?
Sendiarekin egotea, paseatzea, sofan etzanda egotea, filmeak ikustea…
-Bizitzeko toki bat?
Zumarraga eta Urretxu oso ondo daude.
-Haurrak asko aldatu al dira?
Gurasoak gehiago aldatu dira… Lehen gurasoek aukeratzen zuten eta orain 3 urteko haurrei jada zer nahi duten galdetzen diete.
-Haur arropan, zer dago modan?
Kolore kontuan gorria eta, bestelakoan, sport arropa.
-Zer da zure laneko gauzarik onena?
Jendearekin harremana eta arropa berria heltzen den unea.
-Eta okerrena?
Heldu berria den arropa sailkatu beharra eta larunbatetan lan egin beharra.
-Neguko merkealdiak ala udakoak?
Negukoak, hemen neguak luzeak izaten direnez gehiago saltzen baita.
-Herriko dendarien etsairik handiena?
Merkatal gune handiak. Jendea larunbatetan autoa hartu eta haietara joaten da aste osoko erosketak egitera, baina herriaren biziraupenerako dendak oso garrantzitsuak direla jabetu beharko litzateke.
-Ilehoriak ala beltzaranak?
Beltzaranak.
-Egindako azken oparia?
Txaketa bat.
-Eta jasotakoa?
Kartera bat.
-Data bat?
Azaroak 12.
-Neska eta mutil izen bana?
Enrike eta Elene, nire seme-alabenak. Elkarrizketa irakurriko dute eta beraien izenak esaten ez baditut…
-Zein egunkari irakurtzen duzu?
DV eta orain Hitza ere bai.
-Gustuko telebista saioa?
“Vaya semanita”.
-Bereziki gorroto duzuna?
Hainbeste daude… “Ana y los siete” esaterako.
-Liburu bat?
“La historia interminable”, baina orain seme-alaben ipuinekin nahikoa dut.
-Filme bat?
“Memorias de Africa”.
-Soinu bat?
Pianoarena.
-Usain bat?
Larrosarena.
-Janari bat?
Nire amak egiten duen patata tortila.
-Ura ala…
Garagardoa.