Knauf-Decoraciones Nuñez taldearen bultzatzaile nagusia Jose Kako Nuñez izan zen. "Futbolean jokatzen jarraitzeko gogoa nuen eta egunkarian Futbol 7 txapelketan jokatzeko deialdia ikusi nuen. Urolarekin 3. mailara igotzea lortu genuenok urtero egiten dugun txangoan, berotu ginenean, garai bateko taldekideei taldea sortzea proposatu nien eta ni neu taldea babesteko prest nengoela esan nien".
Futbol 7 txapelketan gazteek eta ez hain gazteek parte hartzen dute. "Gipuzkoan parte hartzen dugunon artean beteranoenak gu izango gara, baina Araba, Bizkaia, Kantabria eta Madrilen ere jokatzen da txapelketa hau. Gipuzkoan hiru maila daude, guztira 120 talde inguru. Gipuzkoako hiru talde onenek Euskadiko Txapelketa jokatzeko aukera dute denboraldi amaieran. Irabaziz gero, baita Espainiako eta Europako txapelketak ere".
Knauf-Decoraciones Nuñez taldea hirugarren mailan hasi zen, baina urte batean lehen mailara igotzea lortu zuen. Izan ere, urte berean irekiera txapelketa eta itxiera txapelketa irabazi zituen. Lehen mailan bigarren urtea dute eta, dagoeneko, Euskadiko Txapelketara sailkatzeko borrokan dira. Gainera, Mitxel Badiola txapelketako goleatzaile nagusia dugu. Aitor Esnalek adierazi digunez, "iaz Euskadiko Txapelketara sailkatzeko zorian izan ginen eta hori da, hain zuzen ere, gure aurtengo helburua".
Iñaki Aranzadiren ustez, ez dute batere erraza izango Euskadiko Txapelketarako sailkatzea. "Batzuek astean hiru aldiz elkarrekin entrenatzen dute. Guk, ordea, ez dugu elkarrekin entrenatzeko aukerarik". Aitor Esnal bat dator Iñakirekin: "Donostiako talde batzuek urte asko daramatzate eta oso ezagunak dira dagoeneko. Rober’s, La Kabutzia, Bataplan eta Lanbroa-Dickens taldeek Euskadiko, Espainiako eta Europako txapelketak irabazi dituzte. Duela gutxira arte Agustin Gajatek jokatzen zuen eta 2. eta 2.B mailetan aritutako askok ere jokatzen dute. Mikel Erentxunek, berriz, bigarren mailan jokatzen du".
Herriko futbolzale batek baino gehiagok gustura ikusiko lituzke Urolako beteranoak jo ta ke, baina herritik kanpora joan behar horretarako. "Libre samar dauden belar artifizialeko zelaietan jokatzen dugu: Idiazabalen, Beasainen, Donostian, Urnietan, Zumaian, Lezon, Andoainen…".
Zazpi zazpiren aurka aritzen diren arren, partida bakoitzean talde bakoitzeko 15 jokalarik parte har dezakete. Urretxu-Zumarragako talde honetan Urola 3. mailara igo zuten jokalari gehienak aurki ditzakegu: Jacinto, Elizondo, Ramon, Mitxel, Aranzadi, Kako Nuñez, Iraola, Mauleon, Mesonero, Bixio Aranburu, Angel, Ibarzabal…
Hauek guztiak ondo antolatutako futbol federatu mailetan aritu diren arren, Aitor Esnalen ustez Futbol 7 txapelketaren antolaketa ez omen da atzean gelditzen. "Oso ondo antolatuta dago, txapelketa serioa da. Hori dela eta, talde bakoitzak 1.500 euro ordaindu behar du urtero parte hartzeko. Nire ustez, garai batean serioagoa den futbol federatuan jokatu zuten eta jokatzen jarraitu nahi duen jendearentzat pentsatuta dago. Dena den, gaztetxoek ere parte hartzen dute".
Gaztetxoen aurka apur bat gehiago sofritu behar duten arren, Urolako beteranoak izugarri gustura itzuli dira futbol mundura; lagun giroan kirola egiteko eta ondo pasatzeko asmoz. Dena den, Aitor Esnalek esan zigunez, txapelketa horretan ere ba omen da kirola hala ulertzen ez duen jenderik. "Duela asteburu batzuk, beste partida batean, borrokan hasi ziren. Arazorik handienak beheko mailetan izaten dira, futbola zer den ondo ezagutzen duen jende gutxiago baitago. Gure taldean, berriz, giro ona nagusi da. Asteburua noiz heldu zain izaten gara, jokatzeko eta gozatzeko. Aspalditik ezagutzen dugu elkar eta giro bikaina dugu".
Izan ere, Iñaki Aranzadiren esanetan, helburu nagusia giro horri eustea eta futbolaren arra asetzea da. "Gehiagotan elkartzeko eta futbolean jokatzen jarraitzeko sortu genuen taldea. Irabaztera irteten gara, baina giro onari garrantzia handia ematen diogu. Hala, joko garbiaren sailkapenaren buruan gaude".
Aranzadi, Badiola, Esnal eta Nuñezen ustez, Urolari zor diote futbolaren inguruko filosofia hori. "Aldagelan denbora asko eman dugu elkarrekin eta horrek asko elkartu gaitu. Egoerarik onenak eta okerrenak pasa ditugu elkarrekin. Hutsen bat egiten dugunean barre egiten dugu eta beste talde batzuetan, berriz, eztabaidan hasten dira". Kako Nuñezek ere badio zer eskertu Urolari. "Urolak, bertan lan egiten duen jendeak, jendea ezagutzeko eta lagunak egiteko aukera eskaini zigun. Bestalde, pertsona bezala hezi gintuen".
Urolan bizi izandako une onak medio, Mitxel Badiolaren ustez, oso zaila da futbola behin-betiko uztea. "Momentu batean gelditzeko beharra izan dezakezu, baina gero futbolean aritzeko, taldeko lagunekin egoteko… gogoa berpizten da".
Baina, Aitor Esnalen esanetan, adiskidetasunaz gain, lehiakortasuna eta ardura ere landu zituzten Urolan. "Oraindik ere geure buruari asko eskatzen diogu, baina ez dut uste egungo gazteek euren buruarekin hain zorrotzak direnik". Kako Nuñez iritzi berekoa da: "Lehen taldean gehiago inplikatzen ginen eta taldekideen artean adiskidetasun sakonagoa zegoen. Egungo gazteak beraien kasa ibiltzen dira". Mitxel Badiolak gazteak primeran ezagutzen ditu, Urola entrenatzen baitu. "Egungo gazteek erraztasun handiagoak dituzte. Gure inplikazioa handiagoa zen, sufrimendu ahalmen handiagoa genuen…".
Gure solaskideek futbolaren mailarik gogorrenak soilik ezagutu dituzte, gainera, 2. B maila bitartekoak. "Mailarik sofrituenak dira, baina baita politenak ere. Futbolean lan orduetatik kanpo aritu behar izan gara eta orain ere astean behin nonbaitetik ordu bat edo bi atera eta asteburuetan familia alde batera utzi beharra dugu partidak jokatzeko" (Aitor Esnal).
Emazteek, neska lagunek… zer dioten galdetzean barrezka hasi eta Iñaki Aranzadiri pasatu zioten grabadora. "Urolako gazteak astean hirutan entrenatzen ditugu, asteburuan partida dugu eta, gainera, lagunekin Knauf-Decoraciones Nuñez taldean jokatzen dut. Askotan emazteak dibortzioa eskatuko didala pentsatzen dut! Urola entrenatzeari uzten diodanean errazagoa izango da".
Kako Nuñezek, taldearen bultzatzailea izanik, ez du uste horrenbesterako denik. "Gertu samar jokatzen dugun egunetan, partidak 50 minutukoak direnez, ordu pare batean etxean gaude. Mendira joaten direnek denbora gehiago pasatzen dute etxetik kanpo". Emazteek euren grina ulertzen omen dute, gainera. "Gure emazteek futbolean jokatzen genuela ezagutu gintuzten eta badakite guri futbola kentzea txoriari hegoak ebakitzea bezala dela" (Aitor Esnal).
Taldekide batzuek dagoeneko seme-alabak dituzte eta euren aurkari asko, berriz, gaztetxoak dira; baina ez omen diete adarrik jotzen. "Adarra jotzeko gogoa izango dute, beharbada, baina aurten partida ia guztiak irabazi ditugu eta ez dute horretarako aukerarik. Gure taldeko gazteenak 31 ditu eta zaharrenak 42 urte. Taldearen batez-besteko adina 36-37 urtekoa da eta adin horrekin oraindik maila emateak meritua du. Aranzadi eta Mitxelek egunero entrenatzen dute Urolarekin eta hori asko nabari da (Aitor Esnal)".
Bestalde, adina dela eta, ez omen dira gehiagotan lesionatzen eta ez omen dute alferkeria somatzen. "Txapelketa honek futbolaz gozatzeko aukera eskaintzen digu. Lehen ere gozatzen genuen, baina presioa ere bagenuen. Gure helburu nagusia taldea mantentzea eta gozatzen jarraitzea da. Ez dugu sekula pentsatu Urolako beteranoen elkartea edo antzeko zer edo zer sortzea. Izan ere, gure taldean 3. mailan aritu ginenok gaude, baina txapelketa honetan jokatzen duten beste taldeetan ere Urolan aritutako jendea dago. Hori bai, gure taldeko ateak edonori zabalik daude".