Urretxu-Zumarragako lehen saskibaloi talde federatua La Salle-Legazpi ikastetxeak sortu zuen 1967an, Aita Epifanioren eskutik. Paco De Miguelek ondo oroitzen duen moduan, Goierriren taldea bi urte beranduago sortu zen. “La Sallen jubenil mailako taldea sortu zen eta, bi urte beranduago, Goierrik junior mailako taldea atera zuen junior adinera heldu ginen La Salleko jokalariekin. Goierriko saskibaloi taldea Jose Luis Esnalek sortu zuen eta Gipuzkoako bigarren talde beteranoena garela esan beharra dago. Goierri sortu aurretik, Atletico San Sebastian zen talde federatu bakarra”.
Goierrik Gernikako Arbola plazan jokatu zituen lehen partidak, mailaz igotzea lortu zuen arte. “Mailaz igo ginenean, euria egiten zuenetan estalpean aritzea behartu gintuzten. Hori dela eta, ordutik aurrera frontoian jokatzea erabaki genuen. Pilotalekuko neurriak ez ziren araudiaren araberakoak, baina garai hartan ia dena onartzen zen. Ordezkoen eserlekua harmailako lehen ilara zen eta bigarrenetik gora ikusleak zeuden!”, dio Valentin Berriotxoak.
Gazte haiek, junior mailan bi urte igaro ondoren, senior mailara pasa ziren. Handik urtebetera hirugarren mailan ziren. “Hirugarren mailan Cantabria, Burgos, Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Gipuzkoako taldeok jokatzen genuenez, bidaiatzen hasi ginen. Goierri Gipuzkoako talde indartsuenetakoa zen”.
Nahiz eta talde indartsua izan, baliabide eskasia zuten eta bidaiak abentura izaten ziren. Bidaia gogoangarrien artean, Valentin Berriotxoak Avilesera egindakoa oroitzen du. “Urte batean Asturiasera bidali gintuzten jokatzera. Garai hartan Asturiasera joateko zazpi ordu behar zirenez, bezperan joatea erabaki genuen. Mayfer izeneko ostatu baten berri izan genuen eta bertan eskatu genuen ostatu. Hara heldu ginenean pute-txea zela ikusi genuen!”.
Halako bidaia luzeen ondoren, gehienetan partida galtzen omen zuten. Nekea gutxi balitz, zenbaitetan etxeko taldeek tranpa egiten omen zieten gainera. “Behin Burgosen okertuta zegoen saski bat jarri ziguten eta atsedenaldian tokiz aldatu zuten bigarren zatian ere saski hartan saskiratu beharra izan genezan!”.
Saskibaloizaletasunak eta Goierrik urte oparoak bizi izan zituzten urte luzetan, Paco De Miguelek oroitzen duen moduan. “Hasieran Urola sortu gabea zen eta pilota, txirrindularitza eta saskibaloia ziren arrakasta handiena zuten kirolak. Frontoian sarrera kobratzen genuen eta partida batzuetan, sarrera bost durotan jarrita, 8.000 pezetatik gora ateratzen genuen. Kanpoko partidetara ere herriko zaletuak joaten ziren. Pisanik autobusa antolatzen zuen eta bete egiten zen!”.
Gauzak hala izanik, egun baino jende gehiago zegoen laguntzeko prest. “20 lagun inguru izaten genituen errifak saltzeko prest. Julian Etxeberria zenak, pilotalekuko tabernakoak, errifa asko saltzen zituen. Pentsa zenbait errifa saltzen genituen: behin Seat 600 bat zozketatu genuen!”.
Babesleak lortzeko ere ez zuten arazo handirik izaten. “Urte askotan gure babeslea Muebles Arrazola izan zen. Jabeak Legazpin eta Urretxun denda bana zuen eta urtean 25.000 pezeta ematen zizkigun. Gainera, kanpoko partidak ikustera etortzen zen emaztearekin”.
Frontoia ere, egun pilota partidetan bezala, herriko denda eta tabernen iragarkiz betetzen omen zuten. “Garai hartan marketing arduraduna nintzen (Berriotxoa) eta Zelai-Arizti tabernakoari testu asko ez jartzeko esan nion, iragarkia ikusleengandik urrun samar jartzen baikenituen eta letra txikia ez baitzen ondo ikusten. Eskerrak hori esan nion! ¿Ha perdido su equipo? No importa, las patatas bravas le alegrarán. Cafetería Zelai-Arizti. Especialidad en pinchos y bravas testua prestatu zidan!”.
Pasadizo hauek guztiak Goierriren hasierako urteetakoak dira, Ederrena pilotalekuan jokatzen zutenekoak. Kiroldegiaren irekitzearekin aro berria hasi zen, aurrekoa bezain arrakastatsua. Izan ere, jada kiroldegian, Goierrik bigarren mailara igotzea lortu zuen birritan. “Federazioak egindako hankasartzeak medio, bigarren mailan jokatzeko borroka latza izan genuen. 1988an Gasteizko abokatu batzuen laguntza behar izan genuen 2. mailan jokatzeko eskubidea aitor ziezaguten. Bigarren aldian, 1990ean, irailean jakin genuen, egunkariaren bidez, ez genuela bigarren mailan jokatuko eta ez genuen ezer egiterik izan. Federazioak Legazpiko taldea inskribatu zuen bigarren mailan gure ordez”.
Goierrikoak ez zeuden hala nola amore emateko prest eta euren kexa kamisetan idatzita jokatu zuten txapelketa bat Bidebietan. Hori dela eta, Xabier Chicok oroitzen duen moduan, Foru Aldundiak euren kiroldegietan jokatzea debekatu zien.
Hamarkada hartan saskibaloiak gainbehera izan zuen. “Entrenatzaile eta jokalari gabezia izan genuen, baina buelta ematea lortu genuen. Jorge González entrenatzaile eta jokalari lanetan aritu zen, Antonek laguntzen jarraitu zuen eta Jonpolek, Bastarrikak eta nik (Chico), besteak beste, ardurak hartu genituen”.
Dena den, Valentin Berriotxoak garai gogorrak itzuliko direla uste du. “10 urtetan maila asko jaitsi genituen eta azken urteotan Autonomia mailara igotzea lortu dugu (maila horretan Bizkaiako, Arabako, Nafarroako, Errioxako eta Gipuzkoako taldeek jokatzen dute), baina etorkizun beltza dugu. Gazteek ez dute garai batean zuten ilusioa. Gabonetako Campusa egin dugu, gehienbat kadete mailakoengan pentsatzen, eta infantil askoz ere gehiago etorri da. Eskolako opor garaian entrenatzea ez dute atsegin. Gainera, ez dute entrenamenduetatik kanpo jokatzen. Lehen gure jokalariek eguna saskibaloian jokatzen eta partidak ikusten ematen zuten”.
Chico Berriotxoarekin bat dator: “Lehen junior taldekooi senior taldearekin joateko esaten baziguten pozez zoratzen joaten ginen, nahiz eta ez genuela jokatuko jakin. Orain, seniorrekin joatea eskaini eta zenbat denbora jokatuko duten galdetzen diote entrenatzaileari”.
Aipatutako horrek guztiak eragin nabarmena du Goierriren lehen taldean. “28 urtetik gorako lau jokalari ditugu eta hurrengo jokalari gazteenak 21 urte besterik ez ditu. Duela lau urte kadete taldeak lehenengoz Euskal Ligan jokatzea lortu zuen, herrialde bakoitzeko bik bakarrik jokatzen dute maila horretan, eta etorkizun oparoa genuela pentsatu genuen. Baina talde horretan jokatzen zuten zortzietatik bik bakarrik jarraitzen dute. Lehen ikasketak zirela eta uzten zuten gazteek saskibaloia, baina orain inplikazioa txikiagoa da, askok errelebotara lan egiten dute…”.
Xabier Chicoren ustez, horri guztiari aurre egiteko, eskola kirola hobetu beharko litzateke. “Saskibaloi eskolara taldean etortzen dira: ikastetxeetako irakasleek saskibaloian ikasleak jokatzera animatzeak eragin handia du. Baina eskola kirola huts egiten ari da. Ikasturtean zehar hainbat kirol egiten dituzte, baina ez dute bakar batean sakontzen. Gainera, entrenatzaile berak futbola, saskibaloia, pilota… irakasten die. Eskola kiroleko entrenatzaileak trebatzen saiatzen gara, baina gutxik jarraitzen dute urte askotan. Horretaz gain, ez dute diziplina behar adina lantzen: ez dute behar adina entrenatu nahi, entrenatzaileari ez diote zor zaion errespeturik… Hori guztia dela eta, geroz eta gazteagotan hartzen ditugu jokalariak. Izan ere, adin batetik aurrera zaila da saskibaloian jokatzen ikastea”.
Mutilak lortzeko arazoak badituzte, neskak lortzeko zeresanik ez… “Nesken taldea atera izan dugu, baina ez du jarraipenik izan. Bizpahiru urtetan behin neska pare bat etortzen da galdezka, baina hala ez dago taldea ateratzerik eta gutxiago jarraipena ematerik”.
Xabier Chicok zaletu kopuruak ere behera egin duela azpimarratzen du. “Garai batean pilotalekua bete egiten zen eta jendea kanpoan jokatzen genituen partidak ikustera ere joaten zen, kiroldegia ere noizean behin betetzen zen… orain, berriz, Aldirin kanpoko taldearekin etorritakoak herrikoak baino gehiago izaten dira. Dena den, hori toki guztietan gertatzen da. Orain aisialdirako askoz ere aukera gehiago daude”.
Ondorioz, talderako lan egiteko prest dagoen jende gutxiago dago. “Guk geuk egin behar dugu dena: kartelak jarri, entrenatu, delegatu lana egin… gurasoek ez dute jada parte hartzen. Gurekin zortzi urte edo gehiago daramatzaten mutiko askoren gurasoak ez ditut ezagutzen. Saskibaloia atsegin dugulako eta beste batzuek gugatik lan bera egin dutelako jarraitzen dugu, baina urtero dugu guztiok une txarren bat eta uztea burutik pasatzen zaigu. Gu nazkatzen edo nekatzen garenean ez dakit zer gertatuko den” (Valentin Berriotxoa).
Kirol munduan, gizarteko beste alor batzuetan bezala, jendearen inplikazioak behera egin badu ere, babesleek Goierriren saskibaloi taldea laguntzen jarraitzen dute. Hori dela eta, lau solaskideek iragarle guztiei eskerrak eman nahi izan zizkieten solasaldia amaitu aurretik.
Harrobi bikaina
1971: Urisabel, Aztiria, J. Murua, A. Rodríguez, Arrizabalaga, J. Rodríguez, De Miguel, Iraeta, T. Murua, Irizar eta Caceres.
Goierri saskibaloi taldearen harrobiak jokalari bikainak eman ditu urte hauetan guztietan egindako lan onari esker. Horietako hiru estatu espainiarreko maila nagusian jokatzera heldu ziren: Murua, Galdona eta Txintxurreta. Goierrikoek Joxe Murua legazpiarra oroitzen dute batez ere. “Sekulako maila zuen. Oraindik junior mailakoa zela Kas-Bilbaorekin Real Madrilen aurka jokatu zuela eta Brabender bikain defendatu zuela oroitzen dut”, dio Paco De Miguelek. Azken urteotan ere Goierrik maila oneko jokalariak eman ditu. Asier De la Iglesia, esaterako, EBA ligan jokatzen ari da Atletico San Sebastianekin.
William Petersen, Goierritik Hollywood-era
Goierrin jokatu zuen estatubatuar batek mundu mailako ospea lortu du, nahiz eta saskibaloi kontuan ez izan: CSI Las Vegas telesaileko aktore nagusia den William Petersen-ek Goierrin jokatu zuen 70eko hamarkadan. Valentin Berriotxoak, Goierrikoen artean ingelesez zekien bakarrak, harreman estu samarra izan zuen berarekin. “1973an, Oñatibia medikuaren anaiaren bitartez, estatubatuar talde bat Oñatiko ETEOra etorri zen ikastera. Legazpiko saskibaloi taldeak Amerikatik etorritako bi lagun hartu zituen, horietako bat bi metrokoa eta oso jokalari ona, eta guk ere amerikar horietakoren bati gure taldean jokatzeko eskaintza egitea pentsatu genuen. Mutil haietako batek saskibaloian aritua zela eta gurekin jokatzeko prest zegoela esan zigun. Federazio espainiarrak ez zion partida ofizialetan gurekin jokatzen utzi, atzerritarra zelako, baina adiskidantzako partidetan aritu zen. Ez zen jokalari bikaina, baina egunkarian berak jokatu behar zuela agertzen zen bakoitzean pilotalekua jendez gainezka izaten zen. Lagunak egin ginen eta antzezlan batean ateratako argazkia eman zidala eta asko erretzen zuela gogoratzen dut. Tipo azkarra zen, ingelesez hitz egiten nionean ulertu egiten baitzidan! Amerikatik etorritako batzuk oñatiarrekin ezkondu ziren eta haietako batek esan zidan euretako bat egun CSI telesaileko aktorea zela. Jode! Mutil horrek gurekin jokatu zuen eta! esan nion”.